Hezkuntza finantzario kritiko eta euskalduna nahi dugu

Euskal hiztuna izateak badu zerikusia gaur egungo sistema birpentsatzearekin: Euskaraz bizi, sentitu eta pentsatzen dugunean, ez dugu erabilgarritasunagatik egiten. Erabilgarritasunagatik, ingelesa ikasten dugu. Ala frantsesa, alemaniera, gaztelania… Beste herrialdetako pertsonekin hitz egin ahal izateko, lana topatzeko, beste tokietako kultura ulertu ahal izateko… Euskara, ordea, geure hizkuntza delako erabiltzen dugu, besterik gabe. Erosketako zerrenda egiteko, amesteko, lagun eta senideekin hitz egiteko, musika entzuteko, geure buruarekin hitz egiteko…

Kapitalismoak dena monetarizatzen du, eta ekoizpenerako erabilgarria ez den hori baztertu. Euskara ez da ‘erabilgarritasunaren’ ekuazio horretan sartzen. Horregatik, eskerrak eman nahi dizugu zuri, irakurtzen ari zaren horri, euskaraz lerro hauek irakurtzeagatik, nahiz eta hamaika artikulu topa ditzakezun gaztelaniaz finantza etikoen inguruan.

Finantzaz Haratago sareko kideok tinko egiten dugu euskarazko materialak sortzearen alde. Gaur, abenduak 3, Euskararen Eguna da, baina 365 egun izan beharko lituzke. Hona hemen 2021 urtean egin ditugun materialetako batzuk, euskaratik eta euskaraz, hezkuntza finantzario kritikoa sustatzeko:


Material didaktikoen eskuliburua: Finantza etiko eta alternatiboen hezkuntza ikasgelan

Eskuliburu honen xedea da RedEFES sarearen webgunean eskura dauden baliabideak sarbide errazeko dokumentu batean biltzea, finantza etiko eta alternatiboen hezkuntzako materialak ikasgelan txertatuz eta aplikatuz joateko.

Eskuratu hemen.


Txostena: ‘Aseguruak aztergai’

Txosten honek aseguru-sektoreari begiratzen dio, finantza etikoen ikuspegitik. Bertan, aseguru-merkatua ezagutu ahal izango duzu: ezkutatzen dituen negozio usteletatik hasi eta alternatiba etiko eta solidarioetaraino.

Eskuratu hemen.


Batxilergoko Ekonomia Eskuliburuaren Kritika

Batxilergoko 1go mailan Ekonomia irakasgaia emateko gehien erabiltzen den testuetako bat hautatu dugu, haren ahulezia nagusiak agerian utziko dituen analisi kritiko bat egin ahal izateko. Azterlan honek anbizio handiagoko proiektu baten lehen fasea izan nahi du, testuliburu gehiagoren azterketa ekarriko duena, dituzten gabezia nagusiak identifikatzeko eta haiek gaindituko dituzten material alternatiboak prestatzeko.

Eskuratu hemen.


Posterra: Finanza etikoak eta ekonomia feminista

‘Bizitzaren saregileak. Sare feministak ekonomiaren oinarriak astintzen’ lelopean, 300 lagun baino gehiago elkartu ginen uztailaren 1, 2 eta 3an, Ekonomia feministaren inguruko VII. kongresuan (Bilbon). “Finantza etikoak eta ekonomia feminista” posterra aurkeztu genuen bertan, “Bizitzak erdigunean: zein bizitza eta zein erdigune?” ardatzaren baitan.

Eskuratu hemen.


Gutun irekia, ekonomia-hezkuntza kritiko, plural eta etikoaren alde

Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak (CNMV), Espainiako Bankuak eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioak eskatu dute finantza-hezkuntzako edukiak zabaltzeko hurrengo eskola-curriculumean. Eta eskaera horren aurrean, erakunde sinatzaileok eskatu dugu ekonomia-hezkuntza kritikoago, pluralago eta etikoago baten parte izan dadila finantza-hezkuntza hori.

Irakurri eta sinatu hemen.