Pasa den ostegunean, martxoaren 17an, Finantzaz Haratagoko taldeak online saio informatibo bat eraman zuen aurrera irakasleekin. Bileraren helburua ikasgelan finantza-hezkuntza kritikoa sartzeko irakasleentzat eskuragarri zeuden material didaktikoen bilduma bat aurkeztea zen. Jarduera horrek lotura zuzena du sarearen lan-ildo garrantzitsuenarekin, hau da, Euskadiko finantza-hezkuntza eraldatzeko aukerak eta tresnak sortzearekin.
Trueba Artxanda, Aixerrota, Centro Xabier, Botikazar, Eguzkibegi, Hijas de la Cruz, Koldo Mitxelena, Aranzadi, Beasain, Summa, Zurriola Ikastola, El Carmen, Mundaiz, Grado CIFP Construcción Bizkaia LHII eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak eta CCOO eta “Dicha y hecho”-ko ordezkariak izan ziren saioan. Jende askok eskatu digu laburpena bidaltzeko, adierazitako orduan joaterik ez izateagatik.
Bileraren hasieran, parentesi txiki bat egin zen 2022-2025 aldirako Finantza Hezkuntzako Planari buruz hitz egiteko. Plan horrek aurreko planen ildo bera jarraitzen du, finantza tradizionalak erakutsiz eta jarrera kritikoa edo bestelako hausnarketa motak sustatu gabe. Plan horretan nabarmentzen dira, alde batetik, finantza-hezkuntza sustatzea bai lehen hezkuntzan, baita unibertsitatean eta LHn ere, eta bestetik, ekonomia ekintzailetzarekin elkartzeko asmoa, finantza-hezkuntza ekintzailetzarekin batera irakatsiz.
Ondoren, RedEFESen web orria aurkeztu zen, estatu mailan finantza etikoei buruz dauden baliabide guztiak biltzen dituena, eta baita Finantzaz Haratagok egindako material didaktikoen eskuliburua ere, Finantza Etiko eta Alternatiboetako Hezkuntzaren Euskal Sareko material guztiak biltzen dituena.
Material zehatzen artean, STEILASekin egindako Unitate Didaktikoa dago. Unitate Didaktiko honek, lehen hezkuntzako ikasleetatik batxilergoko ikasleetara zuzendutako finantza etikoekin lotutako hainbat jarduera biltzen ditu, eta hainbat irakasgaitan aplikatzeko pentsatuta daude, ez soilik ekonomian. Aipatu ziren beste baliabide batzuk karta-jokoa, bideo-kanpaina eta rap tailerrak izan ziren.
Gaur egun eraikitze-prozesuan dauden materialak honako hauek dira:
- ESScape Room: ihes-gelaren dinamika, baina kutxa bertsioan, ikasgelan egin ahal izateko. Ikasturte amaierarako egongo da eskuragarri.
- Antzerki-Foroa: elkarreragilea da, aktoreen eta ikusleen arteko muga hausten du. Hurrengo ikasturterako egongo da eskuragarri.
- Mikrokredituei buruzko Gida Didaktikoa: kreditu-eskubideari buruzkoa. Hurrengo ikasturterako egongo da eskuragarri.
Azkenik, hauek dira beste baliabide aipagarri batzuk: Finantzaz Haratagoren podcast-a, Batxilergoko Ekonomia Eskuliburuaren Kritika eta “Aseguruak aztergai” txostena.
Irakasleen eta Finantzaz Haratagoren artean planteatutako lankidetza motari dagokionez, asmoa da saio batzuetan Finantzaz Haratago taldeko kideren bat egotea, batez ere sarrera txiki bat egiteko, baina gero irakasleek ikasgelan materiala beren kabuz azaltzea. Ikasleek finantza etikoak aplikatzen dituen ekonomia solidarioko proiekturen bat bertatik bertara ezagutzeko aukera ere planteatzen da.