Urtarrilaren 23tik 31ra bitartean 2021eko Munduko Foro Soziala (2021eko MFS) egin zen. Hasiera batean Mexikon egitea aurreikusi zuten, baina pandemiaren ondorioz birtualki egin zuten, datorren urtean aurrez aurre egiteko itxaropenarekin. Urtarrilaren 29an, ostirala, antolatutako jardueren barnean, 2020ko Ekonomia Eraldatzaileen Munduko Foro Sozialaren (2020ko EEMFS) emaitzak partekatu zituzten. Mundu osoko elkartze ugariren ekarpenei esker, Foroak Ekonomia Eraldatzaileen arteko Elkartasuna sortzea lortu du.
Elkartzeen emaitza nagusien aurkezpenak ikasitakoa partekatzeko aukera eman zuen, baita “Erronka onartzen dugu” prozesuaren ekimenak ezagutzeko aukera ere. Atal honen bigarren zatian, Elkarcredit Elkartasunerako Elkarteko Ritxi Usategi Uriartek, 2020ko EEMFSko prozesuan egindako elkartzearen ordezkari gisa, atal horretan egindako lanaren ondorioen laburpena egin zuen.
Elkartzearen mugarri nagusiei eta Foroaren jardueran eduki dituen ondorioei dagokienez, honakoa adierazi zuten: finantza etikoen elkartzea toki mailan garatzen hasi zen EEMFS-ren hasieratik. Horrela lortu zuen ekonomia eraldatzaileen balio eta printzipioak partekatzen dituzten eta toki mailan finantza etiko eta solidarioen ekosistema osatzen duten finantza entitateak biltzea.
EEMFS-ren prozesuak berezko topaketa aberasgarri ugari sortzeko aukera eman zuen, tokikoak zein nazioartekoak, baita elkartzeen arteko espazioetan aktiboki parte hartzeko aukera ere. Guzti horri esker elkarren arteko ikaskuntza eta harremanak eraikitzea lortu dute, ez bakarrik finantza etikoen erakundeen artean, baizik eta horien eta ekonomia eraldatzailearekin lotutako bestelako sare eta entitateekin ere. Honela, agerian jarri dituzte finantza etikoak ekonomia hauentzako euskarri gisa, finantzaketa sistema etiko oso eta demokratiko bat elkarrekin eraikitzeko apustua nabarmenduz.
Ondoren, ekonomia eraldatzaileen etorkizuneko agenda global baterako elementu nagusiak garatu zituzten. Aldi berean, proposamen hauei testuinguru politiko, ekonomiko eta sozialean ematen zaien garrantzia aztertu zuten.
Finantza etiko eta solidarioak ekonomia eraldatzaileek behar duten euskarria izateko helburua dute. Horregatik, alde batetik, barne antolaketa areagotu behar dute, partzuergoko produktuen sorkuntzaren bidez eta finantza bitartekaritza, partaidetza maileguak, hazi maileguak, crowdfundinga, mikrokreditoak etab. berrituz. Bestetik, kanpo antolaketa berritu behar da, hau da, finantza solidarioen eta ekonomia eraldatzaileen artekoa, finantzaketa sistema oso eta demokratiko baten eraikuntza prozesu kolektibo batean aurrera egiteko. Finantza etikoen papera finantzaketa baina haratago joan behar da eta alderdi politikoa izan behar du ikuspegi global batekin proiektuei babesa, laguntza, hedapena ematen dien eta, noski, finantzatzen dituen euskarri hori izan ahal izateko.
Zentzu horretan, EEMFSak egindako “Erronka onartzen dugu” prozesurako ekimenetarako deia, aurretik aurkeztu zena, ekimen ekonomiko eraldatzaileen eta finantza etiko solidarioen arteko elkartasuna sendotzeko aukera gisa ikusi zuten.
Finantza etiko eta solidarioen elkartzetik boterea eraldatzeko lan egin behar dugu, berezko estrategiekin eta beste ekonomia eta mugimendu eraldatzaileekin batera. Elkarrekin aurre egin behar diogu korporazio handien ingurumen eta giza eskubideen urratze sistematikoari eta banku nagusien jabetze geroz eta handiagoari kontzeptu batzuekiko, esate baterako ingurumen eta gizarte jasangarritasuna. Jabetze horri greenwashing eta socialwashing deritzo. Horregatik, eraldaketa ekintza zehatzetarako proposamenak daude, akziodun kritikoena bezalakoa. Era berean, politikoki eragitea proposatu dute, finantza etiko eta solidarioen hedapena lagunduko duen tokiko eta nazioarteko legedia sustatzeko.