Finantzaz Haratagok antolatutako Nazioarteko Ikastaro Birtualaren osteko hausnarketa

Finantzaz Haratagok antolatutako finantza etiko eta alternatiboei buruzko ikastaro birtuala azaroaren 23tik abenduaren 18ra egin zen eta 25 orduko iraupena izan zuen. Ikastaroak oso harrera ona izan zuen: Euskadiko eta munduko beste leku batzuetako pertsona ugarik eman zuten izena.

Ikastaroaren helburua ez zen ikastea, desikastea baizik: banketxe tradizionalek “sistema finantzario bideragarri bakartzat” saldu diguten hori ahaztea, pobrezia eta desparekotasunak normalizatzeari uztea, gure ekintzen balio monetarioa baino haratago ikustea.

Ikastaroa 6 ataletan banatuta zegoen, arlo bakoitzeko adituek irakatsi zituztenak.  Atal bakoitzak elementu hauek zeuzkan barne: bideo bat, aurkezpen gisa; teoria dokumentuak eta gai bakoitzarekin lotutako esperientziak. Atal bakoitzaren amaieran, foro baten bidez, parte-hartzaileek iritzia emateko eta eztabaidatutakoaren inguruan hausnartzeko aukera izan zuten.

Abenduaren 16an,  ikastaroaren itxiera ospatzeko, solasaldi birtual irekia antolatu zuten Euskadiko Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Azokaren baitan. Solasaldian, ikastaroan izena eman zuten pertsonek era parte hartu zuten.

Hona hemen ikastaroaren atal bakoitzaren deskribapen laburra:

  • 1go atala: Dirua eta denboran zehar izandako bilakaera. Aitziber Mugarra Elorriaga.

Atal honetan dirua eta bere erabilerarekin lotutako gaiak landu zituzten: finantzak eta horien espekulazioa eta paradisu fiskalak.

  • 2. atala: Nire diruarekin ez: Finantza etikoen historia. Jesus Ochoa Berganza.

Finantza etikoak zer diren eta euren errealitateari buruz hitz egin zuten (mikrofinantzaketa, banku etikoak, kreditu kooperatibak, etab.) Finantza etikoen beharra ere aztertu zuten.

  • 3. atala: Mikrokredituak garapenerako finantza-tresna gisa. Jorge Berezo Díez.

Mikrokredituak eta mikrofinantzak bezalako gaiak, metodologia eta mikrokredituen inguruko zenbait mito eztabaidatu zituzten.

  • 4. atala: Inbertsio Sozialki Arduratsuen Merkatua. Zer zerikusi du nirekin? Gloria González Sanz.

Sozialki arduratsuak diren inbertsioei eta dauden mota desberdinei buruz, sozialki arduratsuak diren inbertsio estrategiei eta eragin-inbertsioei buruz hitz egin zuten.

  • 5. atala: Finantza etikoak eta emakumeak. Finantzak eraldatzen: Bizitza edo Kapitala. Cristina de la Cruz Ayuso.

Jorratutako gaiak indarkeria ekonomikoa, finantza etikoak eta ekonomia feminista izan ziren, baita finantza etikoak emantzipaziorako tresna gisa ere.

  • 6. atala: Justizia Klimatikoa: Elikadura burujabetza mundu mailako larrialdiaren aurrean. Nello Schisano.

Eztabaidatutako alderdiak honako hauek izan ziren: elikadura burujabetza; La Via Campesina; agroekologia klima aldaketaren aurrean; emakumeak, bizitzaren zaintzaileak,  eta finantza etikoak beharrezko eta premiazko aldaketa gisa.

Izena emandako pertsonek ikastaroaren oso balorazio positiboa egin dute. Horrek indarra ematen digu ikastaroaren bigarren edizioan pentsatzen hasteko, gauza berriak ekarriko dituena.

Hona emen parte-hartzaileek entregatu behar zuten azken dokumentuan egindako iruzkin eta hausnarketa batzuk:


“Hainbat atalen inguruko ezagutza eta hausnarketarako puntu berriak eman dizkit.  Finantza etikoei buruzko informazioa eskuratu dut, nire jarduerarekin nola lotu ditzakedan pentsatzen hasteko, baita elikadura burujabetzari buruzko gogoeta ere: guztiontzat onuragarria  eta egin daitekeen zerbait da.”


“Oro har, ikastaroa oso probetxugarria iruditu zait. Nahiko konplexua eta ulertzeko zaila den mundu bati buruzko ezagutza eskaini dit.  Orokorrean, atalen edukiak ondo zeuden eta hizkera ulerterraza zen.”


“Ikastaroak kontzeptu ugariri buruzko gogoeta egiteko aukera eman dit eta, une honetan, formakuntza hasi aurretik neukana baino ziurtasun gutxiago daukat maila ideologiko eta teorikoan.  Hori ona dela uste dut, bide baten hasiera baita.  Nolabait, mundu berri bat ireki da niretzat”.


“Ikastaroak finantzak zer diren, diruaren balioa eta horren balio soziala ezagutzeko ikuspegia eman dit.  Pertsona bakoitzak betetzen duen papera, banaka zein kolektiboki. Mikrokredituei buruz ikasi dut. ISA-tan sakontzeko aukera izan dut eta alea lastotik bereizteko elementuak eskuratu ditut.”