Nicolettaren iraultza gastronomikoa

Izen osoa: Nicoletta Radatta. Molise eskualdean jaio zen, Italiako hegoaldean. Ondoren, bizitzako bidaiak Kolonbia, Andaluzia, Katalunia eta Euskal Herrira eraman zuen. Izatez jakin-min handikoa da eta beti ari da bere buruari gauzen zergatiari buruz galdezka. Hortaz, 2020ko ekainean “Iraultza gastronomikoa, janez mundua aldatu” komunikazio proiektua kaleratu zuen.

Iraultza Gastronomikoaren webgunean murgildu ondoren, jateko ekintzak beste dimentsio batzuk hartzen ditu. Askoz hobeto, erosketa-saskia betetzeko prozesua ekintza errebelde bihurtzen da, ezin susma ditzakegun ondorio politiko, sozial eta ingurumenarekikoak dituelarik. Nicolettak ondorio horiek ulertzen laguntzen gaitu, elikagaien industrian “denak ez duelako balio”.

“Objektu jangarriak erosteari” uztea aholkatzen du Nicolettak. Bolonian Nazioarteko eta Diplomazia-zientzietan lizentziaduna da; Medellín, Kolonbian, Ekonomia Sozial eta Solidarioan ikasketak ditu eta Komunitateen Dinamizazioan egin zuen espezializazioa Bartzelonan. Horretaz gain, ikerketa bat egin zuen ikastetxeetako jangelen kudeaketa alternatiboaren inguruko esperientziei buruz, %100ean ekologikoak, tokikoak eta sasoikoak ziren produktuak erabiltzen zituzten menuekin. Gainera, Labore Bilbo supermerkatu alternatiboko kide da. Bertan hitzaldiak ematen ditu eta dendaren dekorazioari buruzko aholkuak ematen ditu. Horrekin batera, Bidezko Elikadurako zuzendaritza batzordeko kide da, nekazaritzako elikagaien sistema nagusia aldatzeko beharrean sinesten duen erakundea.

Baserritarren irakaskuntzak

Kafe-soro latinoamerikarren erdian ikasi zuen erresistentzia baserritarra: tokiko familia ekoizleen indarra, lurrarekin konpromisoa duen eta bizirik dagoen landa mundu baten arima direnak. Espiritu berdina topatu zuen Senegaleko bertako biztanlerian, Afrikan. Enpresek bizibidea kentzen diote biztanleriari lur eremu handiak eskuratuz meloiak eta angurriak “sasoiez kanpo” ereiteko eta Europara esportatzeko. Era berean, Europara iristen dira pateraz emakume eta gizon senegaldarrak, haien burua lekuz aldatzera edo migratzera behartuta aurkitzen dutenak, lantzeko lurrik gabe geratu baitira.

Nicolettaren ustez, elikagaiez hornitzea ekintza politikoa da, lurraldearentzat ondorio ekonomiko eta sozialak baititu eta, horregatik, kalitatezko elikadura sistema bat aldarrikatu behar dugu, justizia sozialean eta ingurumen-jasangarritasunean oinarritzen dena. “Elikadura eskubide bat da, ez da negozio bat,” azaltzen du, “geure esku dago alienatutako kontsumoaren sorgin-gurpila etetea.”

Hortaz, kontziente izatera gonbidatzen gaitu, baita agroekologiaren bidez elikadura burujabetza eraikitzen duen elikadura sistema berri baten eraikuntzan parte hartzera ere. Hori egiteko arrazoiak? Erabateko erantzuna: oraingo sistema abusuzkoa eta sostengaezina da eta ez da solidarioa. 2020an, coronavirusaren pandemiaren ondorioz, ezaugarri horiek okerrera egin zuten. Egoera horrek are gehiago bultzatu zuen Iraultza Gastronomikoa webgunea abian jartzera. Aktibistak Eusko Jaurlaritzak bertako merkatuak ixteko neurri bidegabea ekarri zuen gogora, hala nola Gernika edo Areatzakoak, segurtasun neurriak ez zituztela bermatzen esanez, modu horretan supermerkatu handien alde eginez. Berriro ere gobernuak frogatu zuen ez duela benetako apustua egiten tokiko produktuen alde, “asko izan ziren banaketa zirkuitu gabe geratu zirenak, alternatibarik gabe ”.

Larrialdi bat, aukera bat

Komunikazio proiektuak bere bidea jarraitzen du, gizartea bera pandemia batean bizitzera egokitzen den bitartean, eta Nicolettak indarrean dagoen sistema aldatu ez dela aitortzen duen arren, gaur egungo unea elikagai sistema industrialaren ahultasuna ikusarazteko aukera dela uste du. Adibidezko galdera bat proposatzen du: “Zer gertatuko litzateke ganaduarekin Argentinak eta Brasilek soja esportatzeari utziko baliote?”

Eta haratago doa, pandemia guztiak makro-ustiategietan kokatzen direla esanez, baina sistemak ez ditu horien benetako arrazoiak erasotzen. Era berean, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera coronavirus pandemiaren aurretik dagoeneko genituen bi pandemiei buruz ohartarazi du: obesitatea eta desnutrizioa. “Gaixotzen gaituzten elikagaiak jaten ari gara, gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia… sortzen dituztenak, hor daude datuak”, berriro azpimarratzen du Nicolettak. Bere iritziz, aldaketa bat lortzeko lehen urratsa “jendea kontziente izan dadin” da eta supermerkatuan, dendetan… erosten ditugun elikagaiei buruzko informazioa irakur dezaten: gantza, azukrea…

“Haurrak zapore artifizialetara ohitzen ditugu eta horregatik ez dute barazkirik nahi eskoletan, zapore horiek ezagutzen ez dituztelako”, azaldu du Nicolettak. “Aurrez prestatutako platerak jaten ditugu eta gero gimnasio batera goaz osasuntsu egoteko”.

Bidegurutzetik ateratzeko bidea agroekologiarekin batera doan Elikadura Burujabetzaren egiazko alternatibak eskaintzen digu. Horrek proposatzen duen paradigmak honakoa dio: “sistema aldatu behar dugu” eskala txikiko nekazaritzatik abiatuta, gizarte-aberastasuna pertsonen eta lurraldearen artean banatuz, agroekologiaren praktikei esker. Agroekologiak dimentsio guztiak aztertzen ditu, esate baterako, politikoa, soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa. “Kalitate oneko janari osasuntsuak ekoiztea eta hori baldintza duinetan eta naturarekin bat etorriz egitea esan nahi du”.

Nicolettak 41 urte bete berri ditu, 2021eko maiatzaren 3an, eta bere Iraultza Gastronomikoa publiko egin zuenetik ia urtebete pasa da. Oraindik ere, Nicolettak erabat sinesten du Eduardo Galeanoren esaldian:

“Jende txiki askok,

leku txikietan

gauza txikiak eginez,

mundua alda dezake.”

 

Esteka interesgarriak: