Hezkuntza Finantzarioaren plana alda dezagun, mundua eraldatzeko

2008an Espainiako Bankua eta Baloreen Merkatuaren Batzorde Nazionala (BMBN) hezkuntza finantzarioa lantzeko estatu mailako estrategia bat sustatzen hasi ziren: “Hezkuntza Finantzarioaren 2008-2012 Plana”, alegia. Hasitako bide horri jarraipena ematearren, bi erakunde horiek 2013-2017 garairako beste plan bat garatu zuten. Bi estrategien helburua estatuko biztanleriaren finantza ezagutzak hobetzea zen, finantzen eremuan erosoago murgiltzeko.

 

Duela bi urte, 2017ko urriaren 2an, Espainiako Bankuak eta BMBNak lankidetza itun berria sinatu zuten estatu mailako hezkuntza finantzarioa garatzen jarraitzeko 2018-2021 urteetan zehar. Hirugarren plan horrek helburu antzerakoak zituen ere.

Aurten Finantzaz Haratago sarea sortu dugu hainbat erakundek (Finantza Etiko eta Alternatiboetako Hezkuntzaren Euskal Sarea), eta estatu mailako hirugarren plan horren inguruan dugun jarrera partekatzea ezinbestekoa dela uste dugu.

Aipatutako plan horiek “Guztientzako finantzak” marka sortu dute eta, urtero, urriaren lehenengo astelehenean “Hezkuntza Finantzarioaren Eguna” ospatzearen aldeko hautua egin dute. Komunikazio digitalean oinarritutako estrategia egin dute egun hori ospatzeko, ahalik eta biztanle gehienengana iristeko asmoz. Finantzaz Haratago sareko kideoi hezkuntza zentroetan sustatuko duten hezkuntza finantzarioak kezkatzen gaitu, hezkuntza-curriculumean sartu baitute.

PISA (Programme for International Student Assestment – Ikasleen Ebaluaziorako Nazioarteko Programa) Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) proiektua da. PISAren helburua ikasleen formazioa ebaluatzea da, derrigorrezko hezkuntzaren amaieran. PISAren 2012 eta 2015eko emaitzek erakutsi zuten Espainiako Estatua ez zela ikerketan parte hartu zuten beste herrialde batzuen bataz bestekora iristen. Kezka horren aurrean hasi ziren eskoletan hezkuntza finantzarioa sartzeko ahaleginak areagotzen.

Hezkuntza Finantzarioaren Eskola-Programan 500 ikasketa-zentro baino gehiagok parte hartzen dute, eta finantza-entitateek egiten dituzte hezkuntza finantzarioaren inguruko ekintza gehienak. Gure aburuz, eduki ditugun krisi finantzarioen ondorioek eta handiagotzen ari den desparekotasunak argi uzten dute zer nolako eragin negatiboak izan ditzakeen globalizazio finantzarioak. Agerian uzten dute ere bankuek pertsonen ekonomian eta ongizatean izan ditzaketen ondorio latzak.

2016an aurkeztutako Hezkuntza Finantzarioaren Ekimenentzako Praktika Onen Kodeak inpartzialtasuna aipatzen du lehenengo printzipio aplikagarri gisa. Ez dugu uste hori errespetatzen ari direnik, bankuek ematen dizkietelako materialak eta formakuntza ikasleei, horrela irakasteko eredua mugatzen baitute.

Ekitatea, justizia soziala eta giza eskubideak defendatzen ditugu, eta horregatik uste dugu beharrezkoa dela jarrera kritikoa izatea eredu finantzario honen aurrean, baita eredu hori osatzen duten entitateen aurrean ere. Uste dugu garrantzitsua dela zer nolako eredu ekonomikoa nahi dugun azaleratzea eta zein toki izan behar duten finantzek eredu horretan. Hezkuntza finantzarioak hezkuntza proiektuan parte hartuko badu, ezinbestekoa da sistema finantzarioak eta banketxeek gizakian, gizartean eta ingurumenean duten inpaktuen inguruko edukia gehitzeko bultza egitea. Izan ere, banakako eta taldeko ardurak egokitu behar ditugu gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa sortzeko.

Hezkuntza sistemak finantzek gero eta pisu gehiago duten inguru batean murgiltzeko konpetentziak, izaera kritikoa eta heldutasuna eman behar dizkie ikasleei. Irakaskuntza berri honetan, sistema finantzarioa eta sistema ekonomikoa bereizita agertzen dira, nahiz eta finantzak ekonomiaren tresna diren. Ekonomia, pertsonekin eta inguruarekin lotuta dagoen gizarte zientzia denez gero, ikuspegi holistiko eta kritiko batetik ulertu behar da: finantzak ezin dira era isolatuan ulertu, sistema ekonomikoan duten zeregina eta beregan duten eragina ulertu gabe.


Eduki eta eztabaida berriak behar ditugu ikasgeletan, gazteen konpromezua areagotzeko honako gaietan, besteak beste: egitura ekonomiko eta sozial bidezkoagoak eraikitzea, desparekotasunaren aurka borrokatzea, ingurumena babestea, emakumeak ahalduntzea, gobernantza demokratikoa sustatzea eta giza eskubideak bermatzea.
Hortaz, salatu behar dugu Hezkuntza Finantzario Planaren helburu bakarra ikasleak sisteman parte hartzeko zerbitzu finantzarioetan trebatzea dela. Ez du sistema hori zalantzan jartzen, ezta finantzei lotutako ekintzek gizartean duten eragina ere. Sistema ekonomikoaren ikuspegi hegemonikoa baliozkotzat jotzen du, eta finantzak gure ekintzak kudeatzeko eta ziurtatzeko tresna gisa aurkezten ditu, askatasunaren izenean. Horrela, erabat ikusezin bihurtzen du erabaki finantzarioek ongizate kolektiboan duten eragina.

Horregatik, Finantzaz Haratago sareko kideok printzipio etiko horiek bereganatuko dituen hezkuntza finantzarioa sustatzearen aldeko deialdia egin nahi dugu. Finantzek ekonomia errealaren baitan mundua eraldatzeko duten gaitasuna sustatu dadin nahi dugu.

 

Artikulu hau Argia.eus-en argitaratu dugu.