Finantza etiko eta alternatiboen eragileok hasi dugu euskarazko Wikipedia elikatzeko abentura

Apirilaren 7an, finantza etiko eta alternatiboen eta ekonomia sozial eta solidarioaren hainbat eragile elkartu ginen Bilboko Bolunta eraikinean, euskarazko Wikipedia osatzeko asmoz. Helburua Wikipedia nola editatu ikasi eta finantza etiko eta alternatiboen inguruan zegoen informazioa aztertzea izan zen.

Tailerraren egunean, Wikipediak 391.512 artikulu zituen euskaraz eta, egun, artikulu gehien dituzten hizkuntzen zerrendan 29. postua du gure hizkuntzak. Hori guztia euskal hiztunok egin dugun ahalegin kolektiboari esker izan da posible eta, bereziki, Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen lan nekaezinari esker.

Ekonomia sozial eta solidarioa Wikipedian

Tailerrean, denon artean euskarazko Wikipedia aztertu eta bertan agertzen ez ziren hainbat ekimen eta kontzeptu identifikatu genituen. Wikipedian artikulua izatea merezi duten gaiak zerrendatu ondoren, elkarren artean Wikipedia editatzeko genituen ezagutzak partekatu genituen eta idatzi beharreko artikuluak banatu genituen partaideon artean.

Besteak beste, honako kontzeptuak gehituko ditugu euskarazko Wikipedian hurrengo hilabeteotan:

  • Aseguru etikoak.
  • Mikroaurrezkia.
  • Mikrokredituak.
  • Mikrofinantzak.
  • Banku etikoa.
  • Banku komunala / Herri-bankua.
  • Ekonomia solidarioa.

Gainera, Finantzaz Haratago sarearen artikulua sortuko dugu, eta baita RedEFES sarearena ere.

Abentura hasi besterik ez da egin

Finantzaz Haratago sareko kideok argi dugu finantza etiko eta alternatiboek eta ekonomia sozial eta solidarioak ezinbestean agertu behar direla Wikipedian. Entziklopedia librea da, elkarlanean sortutakoa, doakoa, eta ezagutza denon eskutan jartzen du. Beraz, ekonomia sozial eta solidarioak dituen balioekin bat dator: ezagutza amankomunean jartzea, irabazi-asmorik gabeko elkartrukea, talde-lana edota parte-hartzea, besteak beste. Horregatik, Finantzaz Haratago sarean parte hartzen dugun entitate eta pertsonek hautua egin dugu euskarazko Wikipedia osatzearen alde.

Bilbon antolatutako tailer hori ez da ekintza isolatua: Azaro amaieran edota abendu hasieran berriro ere elkartuko gara Gipuzkoako udalerri batean, Euskaraldiaren baitan, entziklopedia librea elikatzen jarraitzeko asmoz.

Bitartean, egon adi gure sare sozialetan, bertan iragarriko baititugu Wikipedian gehitu ditugun artikuluak!

Izen-ematea zabalik! RedEFES-en estatuko III. Jardunaldiak (Bartzelona, apirilaren 29 eta 30ean)

RedEFES-en estatuko III. Jardunaldiak “Hezkuntza ekonomikoa deseraikiz” 2022ko apirilaren 29 eta 30ean.

RedEFESen hirugarren jardunaldi haueten, finantza etiko eta solidarioetan heztearen aldeko sarea ehuntzen jarraitu nahi dugu, hezkuntza ekonomiko kritikoagoa eta pluralagoa bultzatuz, beste ekonomia bat posible, premiazko eta beharrezkoa dela erakusten diguten hezkuntza-esperientziak ezagutuz eta partekatuz.

HELBURUAK:

  • Egungo ekonomia-hezkuntzaren ereduari buruzko eztabaida sustatzea eta ikasgeletan nagusi diren ikuspegi eta metodologiei buruz.
  • Ekonomia-hezkuntza kritikorako eta pluralerako bestelako aukerak planteatzea.
  • Finantza etikoak bultzatzeko hezkuntza-esperientziak eta -baliabideak ikusaraztea eta elkarbanatzea.
  • Hezkuntza formalean, informalean eta ez-formalean finantza etikoak landu nahi duten irakasleen eta erakundeen arteko topagunea bultzatzea.

IKUSI PROGRAMA

Kaleratu dugu jada RedEFESen III. Jardunaldien behin-betiko programa. Apirilaren 29 eta 30ean antolatuko ditugu jardunaldiak Bartzelonako Rosa Sensat irakasleen elkartean, eta izen-ematea zabalik dago dagoeneko.

Eman izena lehenbailehen!

Apirilaren 7an euskarazko Wikipedia elikatuko dugu!

Gaur hasiko da Korrika, eta Finantzaz Haratago saretik badugu gure ekintza prest euskararen alde egiteko. Apirilaren 7an, goizeko 11:30etan, hainbat erakunde elkartuko gara Boluntako areto nagusian, Bilbon, euskarazko Wikipedia elikatzeko.

Finantza etiko eta alternatiboen eta ekonomia sozial eta solidarioaren inguruko sarrerak gehituko ditugu elkarrekin, euskaraz ere kalitatezko informazio irekiaz gozatu dezagun.

Ekonomia sozial eta solidarioko entitate bateko kide bazara eta zure erakundearen izenean parte hartu nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan: info@finantzazharatago.org

Eta, adi, gipuzkoarrok! Euskaraldia omentzeko zeuen lurraldera joango garelako halako beste saio bat antolatzera azaro amaieran ala abendu hasieran.

Zure zain gaude! Euskarak 365 egun!

Gerrarik ez! Desarmatu zure zergak errenta-aitorpenean: Egizu #EragozpenFiskala

Gerra da gizateriaren aurkako krimenik latzena, eta mundu osoko herrialde askotako biztanleek pairatzen dute. 2022an areagotu egin da Europan ere, errusiarren erasoaren eta Ukrainako gerraren ondoren, baita NATOren militarismoaren ondoren ere. Milaka heriotza eta milioika desplazatu eraginez.

Gerra honek eztanda egin aurretik ere, Europan gerra-gatazken ondorioak sumatu genitzaken, horren adibide, Yemenen, Sirian edo Espainiako Estatuak militarki esku hartzen duen 20 herrialde baino gehiagotan armadek eragindako sufrimenduari ihes egiten zioten milaka pertsonak. Egoera honen aurrean, Europar Batasunak diru kantitate handiak xahutu ditu mugak militarizatzen, behar duten pertsonei babesa galarazi die, eta euren babesgabetasun egoera eta oinarrizko eskubideen urraketak betikotu ditu.

Ukrainan gerra piztu izanak sufrimendua eta mundu bidegabeago bat baino ez ditu ekarriko. Europar Batasuneko herrialdeen eta NATOren erantzunak ere ez du itxaropen handirik ematen; izan ere, haien ekintzak ez dira inoiz bideratuak egon eskalada militarra murriztera, ez Errusiak inbasioa hasi aurretik ezta ondoren ere. Espainiako Estatuak erasorako material militarra bidaltzen lagundu du eskalada horretan. Guztiz bideraezina eta bidegabea da gatazkak Estatuetako indarkeriaren bidez konpontzen saiatzea; armada bakar batek ere ez du bakea defendatzen.

Gerra honen aurretik ere, NATOko estatu kideen artean gastu militarrean dirua xahutzeko joera urtez urte handitzen joan da, Espainian pertsonako 700 euroko muga gainditzeraino. Orain, Alemania bezalako hainbat herrialde gastu militar horiek izugarri handitzearen alde jarri dira, eta susmatzekoa da europar estatukide gehiagok mugimendu negargarri hau imitatuko dutela.

Armaden zeregin nagusia kapitalismoari eustea da, baliabide naturalak suntsitu eta esplotatzeko prozesua; eta baita herrialde pobretuak espoliatzen dituzten enpresa transnazionalak defendatzea ere, hain zuzen planeta krisi klimatiko suntsitzaile batera eraman dutenak.

Mundu justuago bat eraikitzeak bidegabekerien kausa guztiak desagerrarazteko borroka dakar bere baitan. Horietako bat da haien finantzaketa. Gastu militarretan gero eta diru publiko gehiago xahutzen ari den honetan, hurrengo errenta-aitorpenean Gastu Militarrean zerga-eragozpena egitera animatzen zaitugu.

Eragozpen fiskala gerren finantzaketan estatua ekonomikoki laguntzeari uko egitea da. Desobedientzia zibileko ekintza bat da, eta zergen zati bat ordaintzeari uztean datza, diru kantitate hori alternatiba eraldatzaile eta solidarioak eraikitzen diharduten ekimen herritarretara bideratzeko.

2021ean, objekzio fiskalak sendotzen jarraitu zuen EAEn; izan ere, ia 200 pertsonak planto egin zuten armaden finantzaketaren aurrean, eta erabaki zuten beren zergen zati bat gizarte bidezkoago eta solidarioago baten alde lan egiten duten proiektuetara bideratzea: ekimen ekologistetara, giza eskubideen aldeko proeiktuetara edo komunikabideetara. Horiek izan ziren zergen helburu alternatiboetako batzuk eta 17.900 euro inguru jaso zituzten.

Beste urte batez, Eragozpen Fiskalerako bulegoak irekiko ditugu Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Bertan, errenta-aitorpena egingo dizugu eragozpen fiskala aplikatuta, dohainik eta aurretiazko hitzorduarekin. Informazio guztia helbide honetan aurkituko duzu: www.eragozpenfiskala.org.

Eragileak:

Argitan, Armiarma, AZET Etxebizitza Sindikatua, BATU Elkarlaguntza Sarea, CNT Bilbao, Ekologistak Martxan, Elkarlaguntza Sarea Galdakao, ESK, Finantzaz Haratago, Irola Irratia, ISF Euskadi, Kakitzat, KEM-MOC, Lumaltik Herriak, Mugarik Gabe, Mundubat, Setem Hego Haizea, REAS, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Posada de los Abrazos, Zehar-Errefuxiatuekin, WDR-Bizkaia(Women Defend Rojava)

GERRA HEMEN HASTEN DA, GELDITU DEZAGUN HEMEN

WWW.ERAGOZPENFISKALA.ORG

Hala izan zen irakasleekin material didaktikoak partekatzeko saioa

Pasa den ostegunean, martxoaren 17an, Finantzaz Haratagoko taldeak online saio informatibo bat eraman zuen aurrera irakasleekin. Bileraren helburua ikasgelan finantza-hezkuntza kritikoa sartzeko irakasleentzat eskuragarri zeuden material didaktikoen bilduma bat aurkeztea zen. Jarduera horrek lotura zuzena du sarearen lan-ildo garrantzitsuenarekin, hau da, Euskadiko finantza-hezkuntza eraldatzeko aukerak eta tresnak sortzearekin.

Trueba Artxanda, Aixerrota, Centro Xabier, Botikazar, Eguzkibegi, Hijas de la Cruz, Koldo Mitxelena, Aranzadi, Beasain, Summa, Zurriola Ikastola, El Carmen, Mundaiz, Grado CIFP Construcción Bizkaia LHII eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak eta CCOO eta “Dicha y hecho”-ko ordezkariak izan ziren saioan. Jende askok eskatu digu laburpena bidaltzeko, adierazitako orduan joaterik ez izateagatik.

Bileraren hasieran, parentesi txiki bat egin zen 2022-2025 aldirako Finantza Hezkuntzako Planari buruz hitz egiteko. Plan horrek aurreko planen ildo bera jarraitzen du, finantza tradizionalak erakutsiz eta jarrera kritikoa edo bestelako hausnarketa motak sustatu gabe. Plan horretan nabarmentzen dira, alde batetik, finantza-hezkuntza sustatzea bai lehen hezkuntzan, baita unibertsitatean eta LHn ere, eta bestetik, ekonomia ekintzailetzarekin elkartzeko asmoa, finantza-hezkuntza ekintzailetzarekin batera irakatsiz.

Ondoren, RedEFESen web orria aurkeztu zen, estatu mailan finantza etikoei buruz dauden baliabide guztiak biltzen dituena, eta baita Finantzaz Haratagok egindako material didaktikoen eskuliburua ere, Finantza Etiko eta Alternatiboetako Hezkuntzaren Euskal Sareko material guztiak biltzen dituena.

Material zehatzen artean, STEILASekin egindako Unitate Didaktikoa dago. Unitate Didaktiko honek, lehen hezkuntzako ikasleetatik batxilergoko ikasleetara zuzendutako finantza etikoekin lotutako hainbat jarduera biltzen ditu, eta hainbat irakasgaitan aplikatzeko pentsatuta daude, ez soilik ekonomian. Aipatu ziren beste baliabide batzuk karta-jokoa, bideo-kanpaina eta rap tailerrak izan ziren.

Gaur egun eraikitze-prozesuan dauden materialak honako hauek dira:

  • ESScape Room: ihes-gelaren dinamika, baina kutxa bertsioan, ikasgelan egin ahal izateko. Ikasturte amaierarako egongo da eskuragarri.
  • Antzerki-Foroa: elkarreragilea da, aktoreen eta ikusleen arteko muga hausten du. Hurrengo ikasturterako egongo da eskuragarri.
  • Mikrokredituei buruzko Gida Didaktikoa: kreditu-eskubideari buruzkoa. Hurrengo ikasturterako egongo da eskuragarri.

Azkenik, hauek dira beste baliabide aipagarri batzuk: Finantzaz Haratagoren podcast-a, Batxilergoko Ekonomia Eskuliburuaren Kritika eta “Aseguruak aztergai” txostena.

Irakasleen eta Finantzaz Haratagoren artean planteatutako lankidetza motari dagokionez, asmoa da saio batzuetan Finantzaz Haratago taldeko kideren bat egotea, batez ere sarrera txiki bat egiteko, baina gero irakasleek ikasgelan materiala beren kabuz azaltzea. Ikasleek finantza etikoak aplikatzen dituen ekonomia solidarioko proiekturen bat bertatik bertara ezagutzeko aukera ere planteatzen da.

Dohaintzek ez dituzte gerrak saihesten: Bankuek armetan inbertitzeari uztea nahi dugu!

Azken aste hauetan, Ukrainako gerraren ondorioz, hainbat banketxek dohaintza kanpainak hasi dituzte ukrainar herriari laguntzeko.

Hala ere, 2014tik 2019ra, finantza-erakundeek 819.134 milioi dolar baino gehiago inbertitu zituzten armen sektorean.

Banca Armada kanpainaren webgunea bisitatzera animatzen zaituztegu, Espainiako bankuek armagintzan egin dituzten inbertsioak ezagutzeko. Dohaintzek ez dituzte gerrak saihesten: bankuek armetan inbertitzeari uztea nahi dugu!

Parte hartu! Ikasgelan finantza-hezkuntza kritikoa sartzeko material didaktikoen bilduma

Hurrengo ostegunean, martxoaren 17an, Finantzaz Haratagotik ikasgelan finantza-hezkuntza kritikoa sartzeko material didaktikoaren bildumaren aurkezpena egingo dugu.

Bilduma hau argitaratzearen helburua ikasgelan finantza hezkuntza kritikoa txertatzeko dauden baliabideak aukeztea eta hauek azaltzea da. Bertan, baliabide mota desberdinei hitz egingo da, bai teorikoak diren baliabideetatik hasi eta dinamikoak diren jardueretara arte. Gainera, ikastetxetik kanpoko norbaitek eman beharreko saioetan bakarrik zentratzetik hurrun, irakaslegoak berak erabili ditzakeen baliabide ugari aurkeztuko dira.

Saioa online formatuan emango da 2022ko martxoaren 17an, osteguna, 12:30etan. Animatu, zure zain egongo gara! Parte hartu nahi izatekotan, bidali mezu bat info@finantzazharatago.org helbidera.

Finantzak feministak izango dira ala ez dira izango

Emakumeok finantzen munduan bizi ditugun bazterkeriak amorragarriak dira oso. Eta, gainera, diskriminazio hori handitu egiten da gure klase sozialaren, etniaren, adinaren, jatorriaren edota erlijioaren arabera:

Ez al da hori guztia emakumeonganako indarkeria? Finantzak feministak izango dira ala ez dira izango! Gaur, martxoak 8, kalean ikusiko dugu elkar!

‘Finantza etikoen koloreak’ erakusketa Gaztelekura iritsiko da (Bilbo)

Martxoaren 16tik 31ra, ‘Finantza etikoen koloreak’ argazki erakusketaz gozatu dezakezu Gaztelekuko udal zentroan (Castaños kalea 11, Bilbo). Aitor Lopez de Audikanaren argazkiei esker, El Salvador, Nikaragua eta Euskal herriko finantza etiko eta alternatiboen ekimenak ezagutzeko aukera izango duzu bertan.