RedEFESen III. Jardunaldien bideoak

Apirilaren 29an eta 30ean, RedEFESen Jardunaldien bigarren edizioa ospatu zen Bartzelonako Rosa Sensat Elkartearen ospakizun-aretoan. Ekitaldia sarearen elkargune nagusia da, eta bere helburua finantza etiko eta solidarioen presentzia ekonomia-irakaskuntzan bermatzea da. Jardunaldiak baliagarriak izan ziren esperientziak trukatzeko, tresnak partekatzeko eta sarearen helburuak bultzatzen jarraitzeko estrategietan pentsatzeko. Hitzaldietara joan ez bazinen, lehenengo jardunaldiko hitzaldiak bideo bidez berrikusteko aukera daukazu:

 

Aktibismoan heztea, justizia ekonomiko globalaren alde

Moderazioa eta aurkezpena: Maria Atienza de Andrés, REAS Red de Redes

Koldobi Velasco Vázquez (birtuala) – Banka Armatua kanpaina
Guernica Facundo Vericat – Labcoop – Ekonomia Aktibismoaren Eskola
Flora Paternio (birtuala) – DAWN Sare Feminista – Ekonomia Feministen Eskola

'COOKIES'-en politika onartu behar duzu eduki hau erakusteko.

Ekonomia-hezkuntzaren curriculuma, eztabaidan. Proposamenak ikuspuntu eraldatzailetik

Moderazioa eta aurkezpena: Nina González Fdez-Argüelles, FETS – Financiación Ética y Solidaria

Claudia Álvarez, Curriculum Global kanpaina (bideoa)
Irati Cifuentes Axpe, Mugarik gabeko Ekonomialariak – Finantzaz Haratago Plataforma
Elena Carbonell Font, Ekonomia eta Enpresa Irakaskuntzen Elkartea – Katalunia
Lucía Gómez González, Finantza Etikoak elkartea

'COOKIES'-en politika onartu behar duzu eduki hau erakusteko.

Ekainaren 9an saio berria antolatuko dugu ekonomia feminista ikasgelara hurreratzeko

Ikasgeletan hezkuntza finantzario kritikoa sustatzeko egiten ari garen lanaren baitan, berriro ere saio birtuala antolatuko dugu ekonomia feminista klasera hurreratzeko. Oraingoan, saioa gaztelaniaz izango da.

Hitzordua ekainaren 9an izango da, 12:00etatik 13:00etara, online. Ara!Gorputz elkarteak dinamizatuko du.

Hezkuntza zentro edo erakunde batean lan egiten baduzu, eman izena hemen.

Oxfam Trailwalker 2022: 100 kilometro finantza etikoen alde

Maiatzak 21 eta 22ko asteburuan, Finantzaz Haratago sareko boluntario taldeak Oxfam Intermon GKEak antolatutako ‘Trailwalker’-an parte hartu zuen. Ekimenaren helburua da krisi klimatikoa eta txirotasunari aurre egitea.

100 kilometroko ibilaldia egin zuten, Olotetik Sant Feliu de Guíxolseraino, Gironan. Helmugara 32 ordu baino gutxiagoan iristea zen erronka, eta gure taldeak 28 ordutan egitea lortu zuen!

Oxfamek proposatutako erronkaz gain, beste helburu bat zuen Trailwalker honetan parte hartzeak. Tamalez, hainbat banketxe tradizionalek ekimen hori aprobetxatu egiten dute euren irudia garbitzeko eta “greenwashing”-a egiteko. Euren taldeek kamiseta korporatiboekin egiten dute ibilaldia eta, horrela, marketing hutsa egiten dute, klima-aldaketaren aurkako agente balira bezala.

Alabaina, jakingo duzunez, banketxe tradizionalak dira, hain zuzen ere, krisi klimatikoaren konplize handienetakoak. Fiare Banca Eticak 2020ko martxoan argitaratu zuen «Banking on Climate Change» [Banka eta klima-aldaketa] txostenaren arabera,  2016 eta 2019 artean sektore pribatuko nazioarteko 35 banketxek 2,7 bilioi dolar kudeatu zituzten munduko erregai fosilen proiektu eta enpresetara bideratutako inbertsioetan. Inbertsio horietatik 975.000 milioi dolar baino gehiago erregai fosilen industria hedatzeko erabili ziren. [Iturria]

Ingurumena suntsitzen duten inbertsioak egitea eta, ondoren, klimaren aldeko trail batean parte hartzea ez al da guztioi ziria sartzea? Horrexegatik parte hartu dugu Finantzaz Haratago saretik, finantza etiko eta alternatiboak ikusarazteko eta halako espazioetan ere ikuspegi kritikoa txertatzeko.

Esperientzia ederra izan zuen boluntario taldeak eta, gainera, Edurne Pasaban ezagutzeko aukera izan zuten. Aupa ekipo! Ttipi-ttapa bagoaz finantza etiko eta alternatiboetarantz!

Munduko Foro Sozialak beste mundu bat posible dela erakutsi du

Mexiko 2022 Munduko Foro Soziala (MFS) maiatzaren 1etik 6ra egin zen, eta Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Curriculum Global baten aldeko Kanpainak (ESSCGK) eta Biziera Onaren Unibertsitateak (BOU) parte hartu zuten. Ekimen horiek Finantzaz Haratago sarearen laguntza eta lankidetza dute.

Abentura maiatzaren lehenean hasi zen Langileen Nazioarteko Eguneko martxa jendetsuan, Mexiko Hiriko Iraultzaren Monumentutik Zokalo plazaraino.

Arratsaldean, ESSCGK-ko eta BOUko kideak Ekonomia Solidarioko taldearekin bildu ziren, Brasil, Argentina, Mexiko eta Kolonbiako erreferenteekin, beren itxaropenei buruz hitz egiteko hitzaldiekin eta topaketekin, eta Foroan parte hartzea planifikatzeko.

Bigarren egunean, krisi zibilizatorioaren aurrean Ekonomia Solidarioaren Esperientziei buruzko mahaira joan ziren. Bertan, klima-aldaketari buruzko hausnarketak egin ziren, bai eta ekonomia sozial solidariotik abiatuta planetaren berotzea nola jaitsi ere, estraktibismo globalari kritika eginez, eta kontsumo solidarioa eta praktika komunitarioak berreskuratuz.

Egun horretan bertan, arratsaldean, Hegoaldeko Epistemologietatik Gizarte Ekonomiaren Ikerketari buruzko Elkarrizketetan parte hartu zuten Unibertsitate Autonomo Metropolitarrean (UAM). Parte-hartze handiko topaketa izan zen, hegoaldeko epistemologiei buruzko hausnarketa kolektibokoa. Curriculum Globalaren Kanpainatik eta Biziera Onaren Unibertsitatetik eraikitzen ari garen taldeak eta hausnarketak aurkezteko aukera izan genuen.

Maiatzaren 3a izan zen egun garrantzitsuenetako bat. Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Curriculum Global baten aldeko Kanpaina MFSn aurkeztu zen munduko toki guztietako erakundeen aurrean: Suitza, Honduras, Alemania, Mexiko (Chiapas), Estatu Batuak, Kroazia, Ekuador, Uruguai, Brasil, Txile, Argentina, Costa Rica, Nikaragua, Kolonbia, Peru eta Espainia (Madril).

Herri-galdeketa anitza, baina sintonian egina

Saioan, Kanpainaren Printzipioen Gutuna eta Mapa Parte-hartzailea aurkeztu ziren, eta kontramapeo bat egitea proposatu zen, ezagutzeko eta ikasteko dauden moduak islatzeko.

Kanpainak bultzatutako herri-galdeketaren txostena ere partekatu zen, non mundu osoko 2794 lagunek parte hartu zuten. Inkestatutako pertsonak askotarikoak izan arren, kontsultak sintonia eztabaidaezina islatu zuen ekonomia sozial eta solidarioaren hezkuntza-sektorean:

Inkestatuen %96k erantzun zuen ekonomia sozial eta solidarioaren curriculumak feminista, ez-patriarkala, dekoloniala eta ez-kapitalista izan beharko lukeela. Era berean, parte-hartzaileen %94k uste zuen ESSren curriculuma Munduko Foro Sozialarekin eta Beste Ekonomia Sozial, Solidario, Herritar, Nekazari, Indigena eta Afroondorengoko Mugimenduekin artikulatu beharko litzatekeela. Gehiengo handi batek (%94k) garrantzitsutzat jotzen zuen finantza etikoak, agroekologia eta energia- eta elikadura-burujabetza bezalako gaiak txertatzea, eta praktika eta esperientziarekin ikasitako epistemologia komunitarioak eta auzoetako, antzinako eta probintziako ezagutzak onartu beharko liratekeela.

Hurrengo egunean, Biziera Onaren Unibertsitatea aurkeztu zen, munduko hainbat tokitako kolektiboekin. Jarduera “brodatu epistemologikoarekin” hasi zen, oihalen bidez jakintzaren memoria berreskuratzen duena, metodologia dekolonialak josiz eta brodatuz. Biziera Onak ehundu zituzten, politika, hezkuntza, emakume eta zaintza gertakari gisa.

Nazioarte mailako erreferenteak

Maiatzaren 5ean, ESSCGK-ko eta BOUko kideek Tenplu Nagusiaren Museoan egin zen Ekonomia Solidarioaren batzarrean parte hartu zuten. Bertan, Kanpaina eta Biziera Onaren Unibertsitatea ekonomia sozial eta solidarioaren hezkuntza-ekimen eta -programa guztiak biltzen dituzten nazioarteko proiektuak izatea adostu zen.

Azken eguneko Batzar Nagusian, batzarren ondorioak aurkeztu ziren. Ekonomia Eraldatzaileen Batzarra izan zen aurkezten lehena, eta berriro nabarmendu zen nazioarteko sareen garrantzia, hala nola Curriculum Globalaren Kanpainarena eta Biziera Onaren Unibertsitatearen ekimenarena.

RedEFESen III. Estatuko Jardunaldien laburpena

Apirilaren 29an eta 30ean, Bartzelonan, Rosa Sensat Elkartean, RedEFESen (Finantza Etiko eta Solidarioen Heziketaren Aldeko Sarea) III. Jardunaldiak ospatu ziren, “Ekonomiaren irakaskuntza deseraikitzen” izenburupean, FETS – Finançament Tic i Solidari, Finantzaz Haratago, Fundación Finanzas Éticas eta Oikocredit Catalunya erakundeek bultzatuta.

Guztira, 70 pertsona inguruk parte hartu zuten, Espainiako Estatuko hainbat lekutatik etorritakoak. Jardunaldien helburua egungo hezkuntza ekonomikoaren ereduari buruzko eztabaida sustatzea zen, bereziki ikasgelako ikuspegi eta metodologian zentratuz eta hezkuntza ekonomiko kritiko eta pluralerako alternatibak planteatuz eta partekatuz.

María Antònia Bartolí Tosquella (FETS), Carme Gual Via (Kataluniako Lankidetza Agentzia) eta Maria Monzó Tatje (Bartzelonako Udaleko Nazioarteko Lankidetzarako eta Justizia Globalerako Zuzendaritza) jardunaldiei hasiera emateko arduradunak izan ziren.

Ongietorriaren ondoren, Koldobi Velasco (Banku Armatuaren Kanpaina), Guernica Facundo (LabCoop eta Bartzelonako Aktibismo Ekonomikoko Eskola) eta María Atienza de Andrés (REAS-Sareen Sarea) agertu ziren. Zenbait ideia nabarmendu zituzten, hala nola aktibismo ekonomikoan irakaskuntza bizipen pertsonalekin erlazionatzearen garrantzia, mugimenduaren izaera internazionalista tokian tokikotik pentsatuz edo mina kolektibizatzeko eta erantzuna sozializatzeko beharra.

Ondoren, Irati Cifuentesek (Mugarik gabeko Ekonomilariak), Elena Carbonellek (l ‘Associació Ensenyants d’ Economia i Empresa- Catalunya) eta Lucía Gómezek (Fundación Finanzas Éticas) parte hartu zuten, baita Claudia Alvarezek (Curriculum Global Kanpaina 2022ko Munduko Gizarte Fororako bidean) ere bideo baten bitartez. Egungo ikasketa-planetan eta curriculumean hezkuntza ekonomiko kritikoa eta eraldatzailea sustatzeko dauden erronkei buruzko mahai-ingurua izan zen, eta Nina Gonzálesek (FETS) moderatu zuen.

Mahai honetan nabarmendu ziren ideia batzuk izan ziren: hezkuntza-curriculumetik kanpo uzten ari zirela ikuspegi eraldatzaileak, hala nola feminista, dekoloniala, ekosoziala, bakearen kultura eta giza eskubideen babesa; irakaskuntza, gainerako bizitza bezala, sistema neoliberalak hartzen duela bere baitan eta une honetan posible dela irakasleak prozesuetan sartzea.

Lehenengo eguneko azken jarduera Iruñeko Teatrolari konpainiak antzeztutako Escape Room bat izan zen. Escape Room-aren helburua banku ez-etikoaren funtzionamendua eta banku etikoaren ezaugarri nagusiak modu ludikoan erakustea izan zen.

RedEFESen Estatuko III. Jardunaldien bigarren egunean, bigarren hezkuntzan ekonomiako irakasleek erabilitako materialen berrikuspen kritikoa egin zen; ondoren, material hegemonikoaren alternatiba gisa sortutako hainbat material aurkeztu ziren, eta,

azkenik, esperientzien karrusel batean teoria osoa lurreratzeko egindako hainbat esperientzia azaldu ziren.

Javier Murillo Arroyok (Bigarren Hezkuntzako irakaslea eta UCM irakasle elkartua), “Batxilergoko Ekonomia Eskuliburuaren Kritika” liburuaren egileetako batek, Maitane Jaio Atela eta Jon Bernat Zubiri Reyrekin batera, bereziki azpimarratu zuen ekonomiari buruzko testuinguru historikoaren falta Batxilergoko Ekonomiako McGraw-Hillen liburuan, kapitalismoaren produkzioko gizarte-harremanak unibertsaltzat joz eta beraiek sustentatzen dituzten harreman inperialista alde batera utziz. Era berean, liburuak giza portaeraren inguruan duen izaera erredukzionista kritikatu zuen, utilitarismoaren ikuspegi sinple batean oinarritzen baitu pertsonon jarrera eta, aldiz, arazo sozial batzuen erantzukizuna banakako erabaki txarrei egozten die, adibidez, langabeziari.

Félix Pardo Vallejok (Bigarren Hezkuntzako Filosofiako eta UBko Bigarren Hezkuntzako Masterreko irakaslea) “Bigarren Hezkuntzako ekonomiaren irakaskuntzan ekonomia kritikoak eta aniztasun ekonomikoak duten presentzia baloratzeko irizpideak” liburuaren idazleetako batek bigarren hezkuntzako irakasleen arreta erakarri zuen bi alderditan. Lehenik eta behin, bigarren hezkuntzan ekonomia kritikoaren ikuspegirik eza eta, bigarrenik, doktrina- eta metodologia-aldebakartasuna, gainerako eskola ekonomikoak alde batera utzita. Liburuan McGraw-Hillen DBHko 4. mailako materiala berrikusten da, non hezkuntza-neoliberalismo bat nabarmentzen den, hau da, adostasun neoliberalaren kontakizun bat, zeinak dogma gisa hartzen duen behar bat falta zaigun hori izateko premia dela bezalako ideiak. Gainera, alde batera uzten ditu solidaritatea eta kooperatibak bezalako gainerako gaiak, azken hauek paragrafo bakar batean aipatzen direlarik, baina bere balio etikoak azaldu gabe. Azkenik, Pardok Economia critica a l ‘aula liburua gomendatu zuen.

Ana Moya Gaonak (BUko Lankidetza eta Elkartasun Arloa) “ESSaren transbertsalizazioa Andaluziako unibertsitateetako EAZko graduetan 8 eta 12 GJHen ekarpenerako” gida aurkeztu zuen, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Andaluziako Agentziak finantzatutako proiektua.

Bigarren hezkuntzan, batxilergoan, LHn eta Unibertsitatean dagoen egungo materiala aztertu ondoren, Joseba Larriba Aranaga (Oikocredit Euskadi eta Finantzaz Haratago), Elisabet Aznar Santamaría (LaNaveVa) eta Félix Pardo Vallejok finantzei buruzko ikuspegi etiko eta solidarioa lantzeko hainbat material, baliabide eta proposamen aurkeztu zituzten.

Finantzaz Haratagotik hurrengo materialak aurkeztu ziren: <<Bonboa, kaxa eta finantza etikoak>> rap tailerra; material didaktikoen eskuliburua, batez ere bigarren hezkuntzako eta batxilergoko irakasleei zuzendua; «Aseguruak aztergai» txostena eta «Hezkuntza finantzarioa kritikoa eta etikoa gizartea eraldatzeko>> unitate didaktikoa, lehen hezkuntzako ikasleengandik hasi eta batxilergoko ikasleenganaino zuzendua. Gainera, finantza etikoen aldeko kanpainako bideo bat eta “Egin sare” rap abestia ere jarri ziren ikusgai. Joseba Larribak esan zuenez, «Finantzetan modu kritikoan hezteko materialik ez izatea jada ez da aitzakia».

LaNaveVatik, Elisabet Aznarrek bigarren hezkuntzako ikasleekin egiten duten finantza etikoei buruzko antzerki-tailerra aurkeztu zuen. Tailer horrek “Txanponaren zer aurpegi nahi duzu” izenburua du, eta ikasleen parte-hartze aktiboaren bidez eztabaida eta hausnarketa sustatzen ditu.

Azkenik, Felix Pardok “Eta nik behar dut…dohainaren ekonomia sustatzeko proposamen didaktikoa” aurkeztu zuen. Dohainaren merkatuak dira, non pertsona bakoitzak duen eta behar ez duena oparitzen duen. Dinamika horrek hainbat gai jorratzen ditu, hala nola moneta soziala edo max neef beharrak.

Jardunaldietako azken puntua finantza etiko eta solidarioetako hezkuntza-esperientzien karruselarena izan zen, Oikocredit-eko Martí Bonetak moderatua. Hemen aurretik landutako teoria guztia lurreratu zen, burututako esperientzien azalpenaren bitartez. Esperientzia guztiak redEFES webguneko esperientzien atalean aurki daitezke.

Lehen esperientzia DBHko 4. mailako lau ikaslek aurkeztu zuten. Klasean taldeka landutako Terrassako ekonomia eraldatzaileen esperientzia desberdinak azaldu zituzten. L ‘Egarenca denda ekologiko kooperatiboa edo Fiare Banca Etica bezalako erakundeak aztertu ziren, besteak beste.

Ampara Sanz BHIko irakasle bat ere bertaratu zen, eta Finantza Hezkuntzako Ikus-entzunezko II. Lehiaketan parte hartu zuten ikasle talde batek gauzatutako proiektua azaldu zuen. Lehiaketa horretan argudiatutako erakusketa bat egin behar zuten “Sostengarria eta errentagarria nola izan” gaiari erantzunez. Sei ikasleko talde honek bideo bat prestatu zuen, «Baldin eta milioiduna banintz…» izenekoa. Bertan, banku etikoaren funtzionamendua laburbilduta eta modu entretenigarrian azaltzen dute.

Era berean, Finétikas proiektua aurkeztu zen. < < Gazteak eta finantza etikoak>> izeneko azterlan parte-hartzailea da. Helburua gazteak Kataluniako finantza etiko eta solidarioetan inplikatzea eta finantza etikoei buruz dituzten finantza-ohiturak, pertzepzioak eta ezagutza ezagutzea da. Jomuga gazteentzako proposamenak elkarrekin sortzeko gune bat eraikitzea da.

JóvenesxFiare taldeko ordezkariak ere izan ziren bertan, Fiare Banca Eticaren babespean finantza etikoen inguruan sentsibilizatzen dutenak. Taldeko kide bezala izandako esperientzia eta bankuak finantzatutako ekonomia sozial eta solidarioko esperientziak bisitatzeko egindako bidaiak kontatu zituzten. Jardunaldietako parte hartzaile gazteenak ere taldean sartzera animatu zituzten, Fiare Banca Etica eta finantza etikoak sustatzeko, bereziki unibertsitateetan.

Madrilgo Mugarik Gabeko Ekonomistak BHIekin jarduerak egiten aritu dira, gaur egun jasaten dugun krisi anizkoitzaren egiturazko eta elkarren mendeko kausei buruz kontzientziatzeko, bai eta krisi horren ondorio ekonomiko eta sozialei buruz ere. Jarduera horien artean daude institutuetako tailerrak, Madrilgo auzoetako paseoak, argazki-zinema, material pedagogikoa, ikasleei esperientziak hurbiltzea eta irakasleei ikastaroak eskaintzea. Jarduera horiek guztiak DesafiandoLaCrisis traolarenpean egin dira.

Fintech-ek eta insurtech-ek antolatutako Hackathon internazionalaren bigarren edizioaz ere hitz egin zen, non finantza jasangarriei buruzko erronkak ebazten diren. 2022an 126 pertsonak parte hartu dute eta erronkak finantza etikoetan oinarritu dira.

Escoltas Catalanes, bestalde, Kataluniako gazteen hezkuntzarekin konprometituta dauden gazte boluntarioek osatutako hezkuntza erakundea da. Ekintzaren pedagogian hezten duen munduko haur eta gazte mugimendu handienaren parte dira, parte-hartzaileen interesa sustatzen duten jarduerekin. Horrela, gizartearen eta ingurumenaren aldetik bidezkoagoa den gizarte bat sortzen laguntzen dute, eta aktiboki lan egiten dute komunitatea hobetzeko. Irakasten dituzten balioen artean banku etikoa eta kontsumo kritikoa daude.

Katalunian ere, LaCoordik, Bidezko Merkataritza eta Finantza Etikoak artikulatzea helburu duen taldeak, bere esperientzia azaldu zuen gazteen elkartegintzara gai horiei buruzko hezkuntzara hurbilduz, Escola Lliure el Sol, ESPLAC eta CRAJekin lankidetzan.

Azkenik, «Turn off the gas» kanpaina izan zen, FETS, Finantza Etikoen Fundazioa eta Bartzelonako Unibertsitatearen Ingurumen Zientzien graduaren proiektua. Kanpainia honen bitartez, Europako Batzordeak proposatutako Gas Naturala eta Energia Nuklearra energia berde eta garbien barruan sartzearen aurka borrokatzen dute.

Jardunaldiei amaiera emateko, LaNaveVak dinamizatutako hausnarketa-gune bat egon zen, eta finantza etiko eta solidarioetan oinarritutako hezkuntza baten aldeko sarea ehuntzen jarraitzeko ideiarekin bukatu ziren jardunaldiak.

Ekonomia feminista klasera hurreratzeko saio birtuala antolatuko dugu maiatzaren 26an

Ikasgeletan hezkuntza finantzario kritikoa sustatzeko egiten ari garen lanaren baitan, maiatzaren 26an saio birtuala antolatuko dugu ekonomia feminista klasera hurreratzeko.

Dinamizazioa ekonomia eta pedagogia feminista lantzen dituen Ara!Gorputz elkarteak egingo du. Hitzordua maiatzaren 26an izango da, 12:00etatik 13:00etara, online formatuan.

Hezkuntza zentro edo erakunde batean lan egiten baduzu, hemen eman dezakezu izena.

‘Finantza etikoen koloreak’ argazki-erakusketa Gasteizko Ibaiondo gizarte etxean

Maiatzaren 9tik 18ra, gerturatu zaitez Gasteizko Ibaiondo gizarte etxera (Landaberde kalea, 31) ‘Finantza etikoen koloreak’ argazki erakusketaz gozatzeko. Aitor Lopez de Audikanaren argazkiei esker, El Salvador, Nikaragua eta Euskal herriko finantza etiko eta alternatiboen ekimenak ezagutzeko aukera izango duzu bertan.

Mexikora bidean: Ezagutu itzazu Munduko Foro Sozialerako sustatu ditugun ekintzak

Maiatzaren 1etik 6ra Mexikon Munduko Foro Soziala antolatuko dute, eta Finantzaz Haratago sareak bi jarduera sustatu ditu beste erakunde batzuekin batera:

Ekonomia Sozial eta Solidarioaren curriculum global baten aldeko Kanpaina (ESSCGK)

ESSCGK antolakunde, sare, foro eta topaketetatik sortutako proiektu globala da. Koordinazio anitzeko talde batekin honakoak bultzatzen ditu: herri-inkestak, mapa interaktiboak, gizarte zibileko erakundeekin elkarrizketa eta topaketa eraldatzaileak, hezkuntza alternatiboko guneak, institutuak, bakerako eskolak, unibertsitateak eta gizarte-mugimenduak.

Ekintzaren helburua: ESSren kanpaina eta mapa interaktiboa aurkeztea, herri-kontsultaren emaitzak azaltzea eta ehunezko artisau-jarduera bat egitea.

PARTE HARTZEKO ZOOM ESTEKA (MAIATZAK 3, 16:00 UTC): https://us06web.zoom.us/j/85191650972?pwd=azBnTHowdTBqbW5xUFBvVDJ5WVJVdz09

Biziera Onaren Unibertsitatea (BOU)

Beste ekonomia batzuetara bideratutako foroetan, finantza etikoen foroetan, ekonomia sozial solidarioaren sareetan, ekonomia feministan, justizia klimatikoaren aldeko borroketan eta bake-kulturak eraikitzeko pedagogietan zehazten ari diren mugimendu, sare eta erakunde sozialek metatutako esperientziatik sortu da BOU.

BOUren pluribertsitate proposamena kolonialtasuna dimentsio guztietan gainditzeko helburuarekin sortu da. Biziera Ona post-garapenaren eta azterlan dekolonialen arteko bateratzearen adierazle argia da. Ikerketa horrek garapen-alternatibetara joateko eta gaur egun kulturarentzat, pertsonentzat eta ekosistementzat hain kaltegarria den ekoizpen- eta kontsumo-eredua gainditzeko gonbita egiten digu.

Ekintzaren helburua: Herri-hezitzaileak BOUa bideratzen duten printzipioei buruz hitz egiteko elkartuko gara.

PARTE HARTZEKO ZOOM ESTEKA (MAIATZAK 4, 16:00 UTC): https://us06web.zoom.us/j/83852062628?pwd=R2p1bHcwMmRQRDBYVXNHYzJRUTUrQT09

Lagunduko diguzu Spotify-en playlist bat sortzen?

Zorroztu belarriak! Finantzaz Haratago saretik Spotify-en playlist bat osatzen ari gara honako gaiak lantzen dituzten abestiekin: finantza etiko eta alternatiboak, ekonomia sozial eta solidarioa, gaur egungo sistemaren ikuspegi kritiko eta eraldatzailea…

Abestiak biltzen lagunduko diguzu? Utziguzu zure gomendioa gure sare sozialetan!

Hona hemen irudi batzuk, bilatzen ari garen abesti motak ikus ditzazun: