Oxfam Trailwalker 2022: 100 kilometro finantza etikoen alde

Maiatzak 21 eta 22ko asteburuan, Finantzaz Haratago sareko boluntario taldeak Oxfam Intermon GKEak antolatutako ‘Trailwalker’-an parte hartu zuen. Ekimenaren helburua da krisi klimatikoa eta txirotasunari aurre egitea.

100 kilometroko ibilaldia egin zuten, Olotetik Sant Feliu de Guíxolseraino, Gironan. Helmugara 32 ordu baino gutxiagoan iristea zen erronka, eta gure taldeak 28 ordutan egitea lortu zuen!

Oxfamek proposatutako erronkaz gain, beste helburu bat zuen Trailwalker honetan parte hartzeak. Tamalez, hainbat banketxe tradizionalek ekimen hori aprobetxatu egiten dute euren irudia garbitzeko eta “greenwashing”-a egiteko. Euren taldeek kamiseta korporatiboekin egiten dute ibilaldia eta, horrela, marketing hutsa egiten dute, klima-aldaketaren aurkako agente balira bezala.

Alabaina, jakingo duzunez, banketxe tradizionalak dira, hain zuzen ere, krisi klimatikoaren konplize handienetakoak. Fiare Banca Eticak 2020ko martxoan argitaratu zuen «Banking on Climate Change» [Banka eta klima-aldaketa] txostenaren arabera,  2016 eta 2019 artean sektore pribatuko nazioarteko 35 banketxek 2,7 bilioi dolar kudeatu zituzten munduko erregai fosilen proiektu eta enpresetara bideratutako inbertsioetan. Inbertsio horietatik 975.000 milioi dolar baino gehiago erregai fosilen industria hedatzeko erabili ziren. [Iturria]

Ingurumena suntsitzen duten inbertsioak egitea eta, ondoren, klimaren aldeko trail batean parte hartzea ez al da guztioi ziria sartzea? Horrexegatik parte hartu dugu Finantzaz Haratago saretik, finantza etiko eta alternatiboak ikusarazteko eta halako espazioetan ere ikuspegi kritikoa txertatzeko.

Esperientzia ederra izan zuen boluntario taldeak eta, gainera, Edurne Pasaban ezagutzeko aukera izan zuten. Aupa ekipo! Ttipi-ttapa bagoaz finantza etiko eta alternatiboetarantz!