Genero ikuspegiak begirada indartsua du. Zuzena. Ikuspegi kritikoa sustatzen du bereziki, eta hori izan zen, hain zuzen ere, ‘Ekonomia Sozial Solidarioa: Finantza etikoak eta genero ikuspuntua mundua eraldatzeko’ mahai-inguru birtualaren xedea. Urriaren 5ean antolatu genuen Finantzaz Haratago sareko kideok, Hekuntza Finantzarioaren Egunean.
Foroaren protagonistak Cristina de la Cruz (Deustuko Unibertsitatea) eta Zaloa Perez (REAS Euskadi-Ekosolfem) izan ziren. Pozik agertu ziren halako hausnarketarako espazioa sortu izanagatik, finantza etikoen eta genero ikuspegiaren arteko loturak analizatzeko. Gakoak elkarrekin hausnartzeko gonbidapena luzatu zieten ikusleei.
Zein gako, baina? Lehenengo gakoa kapitalismotik urruntzea da, bizitzak erdigunean jartzea delako apustu nagusia. Kasu honetan, emakumeen bizitzaz ari zireb, ekonomia sozial solidarioaren ikuspuntutik. Izan ere, emakumeak bazterkeria gehien jasotzen duten taldea dira finantzetan, Europa mailan.
Zaurgarritasunetik gertu
Bazterkeria hori zerbitzu finantzarioetara sarbidea izateko zailtasuna izatean datza. Emakumeen zaurgarritasun hori analizatzeko seriotasun gehiegirik ez dela egon salatu zuen Cristinak. “Emakumeentzat diskriminazio iturri izan daitekeen egoera hau ez dute behar bezala aztertu”.
Gainera, ikerketa horiek sakonagoak izan beharko liratekeela uste du Cristinak. Esaterako, zer nolako zaurgarritasun zehatza dute emakume beltzek? Zenbatek dute, adibidez, zuzendaritza postu bat administrazio-batzordeetan? Administrazio-batzordeetan dauden emakumeen ehunekoa urria da oraindik, eta garrantzitsua da espazio hori bereganatzea, bertan hartzen baitira erabakiak. Hala ere, Cristinak interes gehiago du emakumeen kontsumitzaile/erabiltzaile aspektua lantzeko, eta zer nolako zaurgarritasuna jasaten duten alfabetizazio finantzario eta digitalaren alorrean.
Finantzen inguruko ezagutza eduki ezean, “emakumeok etengabeko bazterkeria jasaten dugu ekonomian”, azaldu zuen Cristinak. Hona hemen esaldi hori arrazoitzeko zenbateko bat: Munduko Bankuak, 2009an, argitaratu zuen emakumeen %42ak ez zuela kontu korronterik. Hain zuzen ere, emakumeak dira banketxeetan arreta gutxien izan ohi duten biztanle-taldea. Ekintzailetasun proiektuetan ere nabarmentzen da “tratuaren desberdinkeria”, zioen Cristinak..
Sistema da aberia
Unibertsitateko katedratikoak, mahai-inguruko hitzaldia amaitu baino lehen, argi utzi nahi izan zuen bere jarrera: “ez dut esan nahi emakumeok tratu berezirik jaso behar dugunik, baizik eta sistemaren aberiak ikusi behar ditugula”. Ikuslegoari finantza etikoen ikuspuntutik pentsatzeko gonbidapena luzatu zion. Eraldaketa osoa gauzatzeko “ikuspegi feminista ezartzea ere ezinbestekoa da”.
REAS Euskadi-Ekosolfem taldeko kide den Zaloa Perezek egunero bizi du feminismoa eta ekonomia solidariaren artikulazioaren erronka. COVID-19aren krisiak alternatibak sortzeko grina berretsi zion. “Horiek raikitzen ari gara”, baieztatu zuen. Haien helburua? Ekonomia berriz formulatzea, bizitzaren jasangarritasuna ardatz bilakatuz eta honakoak kontuan hartuz: ekonomia feminista, lanaren banaketa sexuala, zaintzen krisia…
“Emakumeen behar praktikoak ebazteko laboratorioa da taldea, eta horrela gure erakundeak ere eraldatzen ditugu”, zioen Zaloak. Pixkanaka badoaz “zerbait” eraikitzeko formula aurkitzen, merkatuetatik haratago, ogibidea bilatzea beharrezkoa dela ahaztu gabe. Bere buruan bueltaka duen galdera zera da: Ondasun eta zerbitzuek ondo bizitzea dakarte ala bizitza merkantilizatzen ari gara?
Ideiak lurreratzen
“Bizitzaren jasangarritasunaren paradigma ez da erraza lurreratzen”, onartu zuen Zaloak. Bere erakundeak lau urte baino gehiago daramatza formakuntza prozesuan murgilduta, sorkuntza literarioan, hausnarketa jardunaldietan, adierazpenetan, protokoloen egiletzan… Eta laster Ekonomia Solidarioaren Printzipioen Eskutitza kaleratuko dute, ekonomia feministaren ekarpenarekin.
Mugimendu sozialeko erakundeentzat interesgarria izango da eskutitz hori, ekonomia sozialaren %70a emakumeak baitira. Emakume horiek kalitatezko partaidetza aldarrikatzen dute, kuotez haratago. “Aurrean dugun erronka ederra da hori”, ondorioztatu zuen Cristinak.
Bideo honetan ikus dezakezu mahai-inguru osoa:
'COOKIES'-en politika onartu behar duzu eduki hau erakusteko.
Estekak
REAS Euskadi: https://www.reasred.org/reas-euskadi