Karta-jokoa: Finantza etikoak

Ezagutu itzatzu finantza etikoak sustatzen dituzten entitate batzuk:

Elkartasunerako Elkarcredit Elkartea

Elkarcreditek, Erdialdeko Amerikan mikrokredituak emateaz gain (“putxitos”), finantza etikoekin lotutako lankidetza-proiektuak gauzatzen ditu, herri-ekonomia gizarte-emantzipazioaren eragile izan dadin. Adibidez, proiektu bat garatzen ari da El Salvadorren, helburu honekin: “El Salvadorreko herriak elikadurarako eta justizia klimatikorako duen eskubidea bermatzen laguntzea, elikadura-subiranotasunaren bidez emakumeak ahaldunduta”. Gehiago jakin.

Nortlan Aseguru-Artekaritza

Nortlan Euskadiko lehen aseguru-artekaritza etiko eta solidarioa da. Alde egiten duen ereduan onura ekonomikoa ez dago erabakien erdigunean; hori ere garrantzitsua izan arren, ekonomiaren eragile guztien (langileak, hornitzaileak, ingurumena…) onura gailentzen da. Horregatik, banku etikoarekin, aseguru-etxe sozialki arduratsuekin eta energia berriztagarriekin lan egiten du. Gehiago jakin.

Coop57

Coop57 finantza-zerbitzu etiko eta solidarioen kooperatiba bat da, eta gure ekonomia eta gizartea eraldatzen laguntzea du helburu nagusi. Haren eginkizun nagusia ekonomia sozial eta solidarioko proiektuak finantzatzea da, finantza-bitartekaritzaren bidez. Gehiago jakin.

Fiare Banca Etica

Fiare Banca Etica Espainiako aurrezki- eta kreditu-kooperatiba bat da. Bere jardueraren bidez, helburu bikoitz bati erantzun nahi dio: gizarte-eragin positiboa duten jarduera ekonomikoak finantzatzea. Horretarako, proiektu eta enpresa sozialak, ingurumenekoak, kulturalak eta humanitarioak babestu behar dira. Gehiago jakin.

Oikocredit

Oikocredit finantza etikoen nazioarteko kooperatiba bat da, eta herrialde garatuetako pertsonen eta erakunde konprometituen aurrezkiak bideratzen ditu Hegoaldeko herrialdeetan eragin soziala duten enpresa-proiektuak finantzatzera. Gehiago jakin.

Ekhilur

Ekhilur irabazi-asmorik gabeko kontsumo-kooperatiba bat da, eta bere helburu nagusia inguru hurbileko ekonomia dinamizatzea eta indartzea da; tokiko merkataritza-sareak ehuntzen ditu eta teknologia aurreratuenean oinarritzen da, herritarrei ordainketa-tresna arin eta seguruak emateko, dirua gizarte-eraldaketarako motor gisa erabiltzen laguntzeko. Gehiago jakin.

Ba al zenekien…?

2020ko Finantza Etikoen Barometroaren arabera, 2020an, finantza etikoetako erakundeek 1.720 milioi eurotik gorako kredituak eman dituzte, hau da, aurreko urtean baino % 16,02 gehiago.
EthSI zigilua kalitate etiko eta solidarioaren bereizgarri bat da; aseguru-etxeen, aseguru-kudeatzaileen eta merkaturatutako produktuen gardentasun eta jardunbide egokien maila balioztatzen du.
Garapenerako mikrokredituak diru kopuru txikiko maileguak dira, eta banku normal batean mailegu bat eskatzeko zailtasun handiak dituzten pertsona eta talde solidarioei ematen zaizkie. Etorkizunean diru-sarrerak izatea ahalbidetuko dien proiektu bat hasteko erabiltzen dira. Elkarcrediten Erdialdeko Amerikako mikrokredituei "putxito" esaten zaie.
Finantza Etikoetan eta Solidarioetan oinarritutako Hezkuntzaren aldeko Sarean (RedEFES) biltzen dira hezkuntza ekonomiko kritikoa eta finantza etiko eta solidarioak sustatu nahi dituzten pertsonak, erakundeak eta plataformak. Pertsonak eta planeta erdigunean jartzen dituen ekonomiaren engranaje izateko helburua du.
Goteo mikromezenasgo bat da, eta banakako sariak emateaz gain, komunen sustapenaren, kode askearen, eta/edo eduki librearen bidez itzulkin kolektiboa ere sortzen duten proiektuetan oinarritzen da. Diru-dohaintzekin ekarpenak egiteko aukera ematen du, baita zereginen bidez ere, hau da, proiektuetan kolaboratuta.

Aurreko orrialdera itzuli