Ba al zenekien…?
Jabetzako etxebizitzaren prezioaren gorakadaren eta zulatzen ez den alokairuaren burbuilaren eraginez, “linbo” batean dago biztanleriaren zati handi bat: ezin dute alokairua ordaindu, eta ez dituzte hipoteka bat eskuratzeko baldintzak betetzen.
“Higiezinen espekulazioa” esaten zaio lurren eta/edo ondasun higiezinen salerosketari. Lurzoruaren balioaren arabera aldatzen da, eta paisaien, egituren, modaren, zerbitzuen eta abarren mende egoten da. Adibidez, itsasotik gertu etxebizitza bat izatea modan dagoenean, lurzoruaren kostua igo egiten da.
2009tik dago antolatuta Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma, eta mobilizazioak ere egiten ditu. Haren helburua da gaur egungo arazoak konpontzeko etxebizitza-lege bat lortzea. Hipoteka ordaintzeko zailtasunak dituzten edo hipoteka betearazteko prozesuan dauden pertsonak eta arazo horrekin solidarioak diren pertsonak biltzen ditu plataformak.
"Espainiar guztiek etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea dute. Botere publikoek beharrezkoak diren inguruabarrak bultzatu eta bidezko arauak ezarriko dituzte, eskubide hori eragingarria izan dadin; eta, espekulazioa desagerrarazteko, interes orokorraren arabera arautuko dute lurraren erabilera. Erakunde publikoen hirigintza-jarduerak gainbalioa sortzen badu, gizarteak horietan parte hartuko du". Espainiako Konstituzioa: 47. artikulua
ADICAEk, kontsumitzaile kritiko, arduratsu eta solidarioen elkarteak, auzitara eraman zituen hainbat banku, hipoteka-maileguetan abusuzko klausulatzat jotako lurzoru-klausulak sartzeagatik.
“Gentrifikazioa” deitzen zaion prozesuan, sektore edo auzo bateko jatorrizko biztanleria pixkanaka erosketa-ahalmen handiagoko beste batek ordezkatzen du. Sektorea edo auzo hori gehienetan erdialdekoa eta herrikoia izaten da.
2021eko ekainaren amaieran, Kataluniak, Madrilek eta Euskadik zuten, hurrenkera horretan, etxebizitza berrien batez besteko preziorik altuena, Tasazio Sozietatearen arabera.
Alba: a wildlife adventure higiezinen espekulazioaren aurkako bideo-joko bat da. Erreserba natural batean hotel bat eraikitzea saihestu behar da, eta Valentziako kostaldeko eta Eivissako paisaietan dago girotuta.
“Etxegabetasuna” esaten zaio bizitzeko leku iraunkorrik ez duten pertsonen fenomeno sozialari. Pertsona horiek kalean, etxebizitza-atarietan edo aldi baterako aterpetxeetan bizi behar izaten dute, normalean beren lotura ekonomiko, familiar eta sozialen haustura kateatu, bat-bateko eta traumatiko baten ondorioz.
Alokairuan bizitzea duela bost urte baino askoz ere garestiagoa dela ondorioztatzen du Fotocasaren azterlan batek: % 41 igo da alokairuaren prezio metatua 2016tik, eta % 32koa da azken 10 urteetako igoera. Zehazki, alokairuko etxebizitzaren metro koadroaren batez besteko prezioa hilean 7,40 euro izan zen 2016ko ekainean, eta 10,44 euro 2021eko ekainean.
1985ean, Nazio Batuek urriko lehen astelehena Habitaten Munduko Eguna izendatu zuten, eta horren asmoa da urtero gure herri eta hirien egituraren egoerari buruz eta guztiok etxebizitza egokia izateko dugun oinarrizko eskubideari buruz hausnartzea. Era berean, munduari gogorarazi nahi dio giza habitataren etorkizunean duen erantzukizun kolektiboa.
Garapen jasangarrirako 11. helburuak (GJH) hiriak inklusiboagoak, seguruagoak, erresilienteagoak eta jasangarriagoak izatea lortu nahi du. Horrek esan nahi du hemendik 2030era bitartean pertsona guztiek etxebizitza eta oinarrizko zerbitzu egoki, seguru eta eskuragarriak izango dituztela. Etxerik gabeko pertsonei etxebizitza egokia eskaintzeari esker, helburu hori eta haren xedeak lortuko ditugu.
Se vende dokumental sail bat da, eta gai nagusi du Costa del Soleko turismoaren eta higiezinen garapenaren eraginari eta beste etorkizun baten aldeko borroka.
Berlinek jabe handiei etxebizitzak desjabetzearen alde emandako botoa eredu izan daiteke Europarentzat. Alemaniako hiriburuko erreferendum arrakastatsua gertaera erabakigarria da, eta Europa osoan etxebizitzen aldeko herri-mugimenduen katalizatzailea izan daiteke.