Arma-inbertsioak

Ba al zenekien…?

Misil-zaparradak izateko, aurrena euro-zaparradak izaten dira. Milioika euro. 2013. eta 2018. urteen artean Espainiako bankuek armen negoziora bideratu dituzten 8.622 milioi euroak bezainbeste. Delàs de Estudios por la Paz zentroak emandako datuen arabera, litekeena da Espainiako bankuen diruarekin ureztatutako misilek gerran amaitu izana. Horregatik hitz egiten da "banka armatuaz".
Indra Espainiako enpresa babestuenetako bat da; hain zuzen ere, haren jabetzaren % 20 estatuarena da. Haren salmenten hazkunde-tasa % 455ekoa izan da 1996tik 2015era bitartean. Industria militarreko adar guztietan du presentzia oso esanguratsua, baita egungo gatazka armatu askotan ere. Bakearen aldeko eta antimilitaristen aldeko erakunde eta mugimendu batzuek urteak daramatzate hori salatzen.
Munduko gastu militarrak % 2,6 egin zuen gora 2020an, pandemia gorabehera: AEBk, Txinak, Indiak, Errusiak eta Erresuma Batuak bultzatu zuten Defentsarako partiden igoera, eta 1,65 bilioi euroko zifra globalera iritsi ziren.
I+G militarrean egindako gastua, 2021ean, Espainiako Aurrekontu Orokorretan osasun-ikerketara bideratutakoa halako hiru izan da. Urtero, gastu militarrak gora egiten du Espainian. Eta 2021ean ere hala izan zen, pandemia gorabehera. Aurrekontuetan ikusi zen Defentsa Ministerioaren aurrekontua % 6,5 handitu zutela 2020arekin alderatuta. Guztira, 10.863 milioi euroko aurrekontua zuen ministerioak, baina hainbat ministeriotan banatutako edo ezkutatutako beste partida batzuk kontuan hartuz gero, gastu militarrera bideratutako dirua 21.623 milioira iristen zen.
Zure arma-aztarna. Erabiltzen duzun bankuaren arabera, zure arma-aztarna zenbatekoa den ezagutzeko app bat da. Erabilera librekoa eta doakoa da, eta www.petjadaenarmes.org webgunean deskarga daiteke.
Errefuxiatuak dira, beren bizitza galtzeko beldurra eragiten dien jazarpen baten ondorioz (adibidez, gerra bat), beren herrialdeko muga zeharkatu eta harrera-herrialde batean babestu direnak. 2015etik 2021era, 65,3 milioi pertsonak ihes egin behar izan dute etxetik. Bigarren Mundu Gerraz geroztik, errefuxiatuen daturik okerrena da, eta kopuruak etengabe ari dira hazten.

Arma-inbertsioen inguruko aipamen batzuk:


«Banka armatuak –mundu osoko 35 herrialdetako 450 finantza-erakundek baino gehiagok– 821.659 milioi dolarrekin finantzatu dituzte 2013-2018 aldian 36 arma-enpresa, eta nazioarteko banka armatua osatu da».

— “Armen finantzaketan ez laguntzeko gida” (Liburua)

«Banku armatu, kutsatzaile, oinarrizko eskubideen urratzaile baten jarduera % 99an halakoa izanda, etikotzat jo al daiteke, baldin eta % 1a inbertsio arduratsu batzuk eta gizarte-jarduera batzuk sustatzera bideratzen badu?»

— “Banku armatutik banku etikora” (Liburua)

«Arma militarretan gizarte-programetan baino diru gehiago gastatzen duen nazio bat heriotza espiritualera hurbiltzen da».

— Martin Luther King

«Gastu militarra murriztu nahi dugu, munduak arma gehiegi dituelako eta bakeak ez duelako nahikoa diru. Hori adierazi zuen Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak 2012an. Bakeari benetako aukera bat eman nahi badiogu, benetako aurrekontu bat ere eman behar diogu, orain ez baitu. Zergatik ez du inork aipatzen bakerako aurrekontua handitzea? Ahalegin politiko eta humanitario gehiago egin behar dira bake iraunkorra lortu nahi badugu, eta horretarako, NBEren garapen jasangarrirako helburuak landu behar dira».

— Pere Brunet, Centre Delàs d’Estudis per la Pau

«Inteligentzia militarra kontraesan bat da terminoetan».

— Groucho Marx

«BBVA, Santander, Deutsche Bank, Citibank eta ING dira armen finantzatzaile nagusiak, eta atzetik datoz Banca March, Bankia, Caixabank, Banco Popular, Banco Sabadell eta Bankinter. Ez dugu ahaztu behar Unicaja, Banco Mare Nostrum (BMN), Caja Rural, Ibercaja, Kutxabank, Liberbank, Banco Alcala, Banco Caminos, Caja de Arquitectos eta Banco Mediolanum bankuek ere armetan inbertitzen dutela, zenbateko txikiagoetan izan arren».

— Jordi Calvo, Centre Delàs d’Estudis per la Pau

Aurreko orrialdera itzuli