Hezkuntza finantzarioa ikasgeletan: Zer diote ikasle eta irakasleek?

Finantzaz Haratagok (Finantza Etiko eta Alternatiboetako Hezkuntzaren Euskal Sarea) azken bi urteotan zenbait inkesta egin dizkie ikasle eta irakasleei, ikasgeletan lantzen den finantza-hezkuntzari buruz. Ikerketa sozialeko Indaga kooperatibaren lankidetzari esker eta gure lana sustatzen duten erakundeen babesari esker egin ahal izan dugu lan hori.

2020ko urriaren 5etik 9ra, Finantza Hezkuntzaren Astea da Espainiako estatuan, Espainiako Bankuak eta Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak sustatutako ekimen bat, eta gure ustez beharrezkoa da ikerketa horren ondorio nagusiak ikusaraztea, finantza etikotan heztearen aldeko gure lana sustatzen baitu, azken batean, haietan islatzen den errealitateak.

Inkestak onlineko galdetegi baten bidez egin ziren, bai euskaraz, bai gaztelaniaz. Parte hartu ahal izateko baldintza Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken ikasmailak edo Batxilergoa egiten egotea edo maila horietan ekonomiarekin lotutako irakasgairen bat ematea zen, eta guztira 355 ikaslek eta 67 irakaslek hartu dute parte.

Hainbat galdera egiten genizkien parte-hartzaileei (txosten osoan ikus ditzakezue), baina gure lanarekin zuzenean lotuta dauden zertzelada batzuk azpimarratu nahi genituzke dibulgaziorako agiri labur honetan.

Irakasleen % 77k dio eskoletan beste gai batzuk landu nahi lituzkeela. Zehatzago esanda, gehienek diote ekonomia-eredu berriekin lotutako gaiak landu nahiko lituzketela, hala nola ekologiarekin, ekonomia feministarekin, ekonomia zirkularrarekin, banku etikoekin eta dezelerazioarekin lotutako gaiak, bai eta desparekotasun ekonomikoekin eta ekonomia sozialarekin lotutako gaiak ere.

Gainera, finantza etikoen arloko erakundeak beren ikastetxeekin lankidetzan aritzea nahiko lukete, ikasgelan zenbait saioko jardueraren bat eginez edo finantza etikoko esperientziak ikustera bisitak antolatuz % 48k, baita material didaktiko edo osagarriak emanez ere % 44k, hitzaldiren bat emanez % 40k, eta, neurri txikiagoan, herrialde pobreturen bateko norbait bere bizipenak kontatzera ikastetxera ekarriz % 24k. Azpimarratzekoa da inkestan parte hartu duten pertsonen % 8k bakarrik esan duela ez lukeela nahi finantza etikoen arloko erakundeekin inola ere lankidetzan aritzea.

Ikasleei dagokienez, % 85ek ez luke nahi bezero duen bankuak bere dirua armagintzako enpresetan, ingurumenean kalteak eragiten dituztenetan edo giza eskubideak urratzen dituztenetan inbertitzea. Horrekin bat, % 65ek nahiago luke banku tradizionalen alternatibaren bat, eta % 13 bakarrik fidatuko litzateke soil-soilik betiko bankuetan.

Horrelako edukiak ikastetxeetan oso gutxi landu badira ere, ikasleen % 81ek uste du garrantzitsua dela hezkuntza-curriculumean finantza etikoen gaia sartzea. Aipatu beharra dago ez daukatela oso argi finantza etikoak zer diren eta banku tradizionalean aldean zer berezitasun dituzten. Bi erakunde-motak nahasi egiten dituzte batzuetan; adibidez, banku etikoen ezaugarriak dituen erakundetzat daukate Kutxabank zenbait pertsonak. Ikasleek aipatu dute banku etikoek dirua zer proiektutan inbertitzen duten gardentasun handiagoz azaldu behar luketela, eta horri buruzko informazio gehiago emanez konpon daiteke hori, banku etikoen funtsezko ezaugarria baita gainera.

Horrek guztiak argi erakusten du zein garrantzitsua den horrelako edukiak ikasgeletan lantzea, eta adierazten du, gainera, oraindik ere ez zaiola nahikoa jaramon egin gai horri, aurrerapenak aurrerapen, nahiz eta ikasle gehienek (% 81) eta irakasle gehienek (% 88) baduten interesa banku etikoari buruz, adibidez. Izan ere, 2020an egindako ikerketan ikus daitekeenez, lehenago egindako beste inkesta batean baino ezagutza handiagoa dute ekonomia sozial eta solidarioaren eta finantza etikoen kontzeptuei buruz, bai eta arlo horietako baliabideei buruz ere; baina, hala eta guztiz ere, ezagutza handiagoa izanagatik, begien bistakoa da oraindik ere beharrezkoa dela ikasle eta irakasleen artean finantza etikoak zer diren hedatzea eta sakontzea, bai baitago aldez aurretik horretarako jarrera, bai eta lankidetzan aritzeko modua ere. Irakasleek beraiek diote Finantzaz Haratagok zenbait saioko jarduerak egin behar lituzkeela, ikasgelan bertan edota finantza etikoekin lotutako erakundeetara bisitan joanda.

Bereziki egokia eta garrantzitsua da besteak beste finantza etikoen eta ekonomia feministaren gaiak edo ohikoez bestelako magnitude makroekonomikoak lantzea, bi arrazoirengatik: alde batetik, ikasleek interes –eta ezjakintasun– handia dute; eta bestetik, irakasleek gai horiek lantzeko interes handia dute, baina oro har ez dituzte lantzen, normalean denbora eta material faltagatik. Material- eta formakuntza-premia dago, beraz, ikasleen jakin-mina asetzeko eta irakasleei lana errazteko.

Azterlan honetan ikasleei eta irakasleei nagusiki zer gai interesatzen zaizkien adierazi dugu, eta horiei buruz zenbateraino dakiten. Alderdi horiek kontuan hartuta, badugu modua ekintza-ildo garrantzitsuenak finkatzeko, ikasgeletan finantza-hezkuntza hobetzen jarraitzeko asmoz, finantza etikoen ildoko ikuspegietatik landuz.