Finantzaz Haratagok antolatutako Nazioarteko Ikastaro Birtualaren osteko hausnarketa

Finantzaz Haratagok antolatutako finantza etiko eta alternatiboei buruzko ikastaro birtuala azaroaren 23tik abenduaren 18ra egin zen eta 25 orduko iraupena izan zuen. Ikastaroak oso harrera ona izan zuen: Euskadiko eta munduko beste leku batzuetako pertsona ugarik eman zuten izena.

Ikastaroaren helburua ez zen ikastea, desikastea baizik: banketxe tradizionalek “sistema finantzario bideragarri bakartzat” saldu diguten hori ahaztea, pobrezia eta desparekotasunak normalizatzeari uztea, gure ekintzen balio monetarioa baino haratago ikustea.

Ikastaroa 6 ataletan banatuta zegoen, arlo bakoitzeko adituek irakatsi zituztenak.  Atal bakoitzak elementu hauek zeuzkan barne: bideo bat, aurkezpen gisa; teoria dokumentuak eta gai bakoitzarekin lotutako esperientziak. Atal bakoitzaren amaieran, foro baten bidez, parte-hartzaileek iritzia emateko eta eztabaidatutakoaren inguruan hausnartzeko aukera izan zuten.

Abenduaren 16an,  ikastaroaren itxiera ospatzeko, solasaldi birtual irekia antolatu zuten Euskadiko Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Azokaren baitan. Solasaldian, ikastaroan izena eman zuten pertsonek era parte hartu zuten.

Hona hemen ikastaroaren atal bakoitzaren deskribapen laburra:

  • 1go atala: Dirua eta denboran zehar izandako bilakaera. Aitziber Mugarra Elorriaga.

Atal honetan dirua eta bere erabilerarekin lotutako gaiak landu zituzten: finantzak eta horien espekulazioa eta paradisu fiskalak.

  • 2. atala: Nire diruarekin ez: Finantza etikoen historia. Jesus Ochoa Berganza.

Finantza etikoak zer diren eta euren errealitateari buruz hitz egin zuten (mikrofinantzaketa, banku etikoak, kreditu kooperatibak, etab.) Finantza etikoen beharra ere aztertu zuten.

  • 3. atala: Mikrokredituak garapenerako finantza-tresna gisa. Jorge Berezo Díez.

Mikrokredituak eta mikrofinantzak bezalako gaiak, metodologia eta mikrokredituen inguruko zenbait mito eztabaidatu zituzten.

  • 4. atala: Inbertsio Sozialki Arduratsuen Merkatua. Zer zerikusi du nirekin? Gloria González Sanz.

Sozialki arduratsuak diren inbertsioei eta dauden mota desberdinei buruz, sozialki arduratsuak diren inbertsio estrategiei eta eragin-inbertsioei buruz hitz egin zuten.

  • 5. atala: Finantza etikoak eta emakumeak. Finantzak eraldatzen: Bizitza edo Kapitala. Cristina de la Cruz Ayuso.

Jorratutako gaiak indarkeria ekonomikoa, finantza etikoak eta ekonomia feminista izan ziren, baita finantza etikoak emantzipaziorako tresna gisa ere.

  • 6. atala: Justizia Klimatikoa: Elikadura burujabetza mundu mailako larrialdiaren aurrean. Nello Schisano.

Eztabaidatutako alderdiak honako hauek izan ziren: elikadura burujabetza; La Via Campesina; agroekologia klima aldaketaren aurrean; emakumeak, bizitzaren zaintzaileak,  eta finantza etikoak beharrezko eta premiazko aldaketa gisa.

Izena emandako pertsonek ikastaroaren oso balorazio positiboa egin dute. Horrek indarra ematen digu ikastaroaren bigarren edizioan pentsatzen hasteko, gauza berriak ekarriko dituena.

Hona emen parte-hartzaileek entregatu behar zuten azken dokumentuan egindako iruzkin eta hausnarketa batzuk:


“Hainbat atalen inguruko ezagutza eta hausnarketarako puntu berriak eman dizkit.  Finantza etikoei buruzko informazioa eskuratu dut, nire jarduerarekin nola lotu ditzakedan pentsatzen hasteko, baita elikadura burujabetzari buruzko gogoeta ere: guztiontzat onuragarria  eta egin daitekeen zerbait da.”


“Oro har, ikastaroa oso probetxugarria iruditu zait. Nahiko konplexua eta ulertzeko zaila den mundu bati buruzko ezagutza eskaini dit.  Orokorrean, atalen edukiak ondo zeuden eta hizkera ulerterraza zen.”


“Ikastaroak kontzeptu ugariri buruzko gogoeta egiteko aukera eman dit eta, une honetan, formakuntza hasi aurretik neukana baino ziurtasun gutxiago daukat maila ideologiko eta teorikoan.  Hori ona dela uste dut, bide baten hasiera baita.  Nolabait, mundu berri bat ireki da niretzat”.


“Ikastaroak finantzak zer diren, diruaren balioa eta horren balio soziala ezagutzeko ikuspegia eman dit.  Pertsona bakoitzak betetzen duen papera, banaka zein kolektiboki. Mikrokredituei buruz ikasi dut. ISA-tan sakontzeko aukera izan dut eta alea lastotik bereizteko elementuak eskuratu ditut.”

Euskal ikastetxeetako irakasleentzako finantza etikoei buruzko prestakuntza

2020ko apirilaren 1, 6 eta 7an eman zuten (birtualki, pandemiagatik agindutako konfinamenduaren ondorioz) Finantzaz Haratagok antolatutako finantza etikoei buruzko irakasleentzako prestakuntza.  Formakuntza honen helburua honako zen: proiektuan partze hartzen duten ikastetxeei laguntza eskaintzea, irakasleen kezkei erantzuteko prestatutako aholkularitzaren bidez.

Finantza etiko eta solidarioei buruzko hezkuntza baliabideen gidaliburua den RedEFES eraiki ondoren, irakasleen etengabeko prestakuntza egokia dela uste dugu, ikasleei ohiko finantza sistemarekiko alternatiba posibleak azaltzeko gai izan daitezen.  Horrela, prestakuntza hau eskatzen duen edozein irakaslek jaso dezake, baita datozen hilabeteetan martxan jarriko dugun ekonomia feministari buruzko prestakuntza ere.

Prestakuntza hiru saiotan banatu zen. Lehenengo saioan, apirilaren 1ean, Europako Banku Etiko eta Alternatiboaren Federazioko presidente eta Banka Popolare Etica-ko presidenteorde den Peru Sasiak finantza etikoei eta horien historia eta oinarrizko kontzeptuei buruz hitz egin zuen. Bigarren saioa  Oikocredit Euskadiko presidenteak, Jorge Berezok, eman zuen. Kasu honetan, mikrofinantzak izan zen gaia. Azkenik, apirilaren 7an, Oikokrediteko Aitziber Mugarrak, Deustuko Unibertsitateko irakasleak,  honako aurkezpena egin zuen: “Finantza Etikoak:  Genero berdintasunaren alde eta klima aldaketaren aurka”. Aurkezpen bakoitzaren amaieran, parte hartzaileek hizlariei galderak egiteko aukera izan zuten.

Lehenengo saioan, “Finantza etikoak: historia eta oinarrizko kontzeptuak” honakoa aztertu zen: finantza etikoak zer diren eta kontuan hartu behar diren kontzeptu garrantzitsuenetako batzuk, esate baterako, gardentasuna, gizarte-egiturarekiko hurbiltasuna, erakundeen gobernua eta kapitalaren jatorria.  Finantza etikoen historian zehar bidaia labur bat egin zen, sortu diren eskola desberdinak aztertuz. Azkenik, banku etikoen oinarri diren funtsezko elementuak ere aztertu zituzten.

Bigarren saioan mikrofinantzak aztertu zituzten. Lehenik eta behin, Hegoalde globaleko familia behartsuen errealitate ekonomikoa aipatu zuten eta topatzen dituzten finantza zerbitzuekin lotutako arazoei buruz hitz egin zuten, baita mikrofinantza proiektuek eskaintzen dieten laguntzaz ere.  Ondoren, mikrokredituak zer diren azaldu zuten, dauzkaten mota eta ezaugarriekin batera. Mikro-aurrezkiak eta pertsona zaurgarrienei eskaintzen dizkieten aukerak ere azaldu zituzten.  Azkenik, mikro-aseguruei buruz hitz egin zuten: eskaera handiko produktuak dira, baina oraindik garatu gabe daude.

Hirugarren eta azken saioan, “Finantza Etikoak: Genero berdintasunaren alde eta klima aldaketaren aurka”, finantza etikoen eragin zuzen eta zeharkakoei buruz hitz egin zuten, agerikoa denaz haratago ikustearen garrantziaz. Finantza etikoen eraginarekin lotutako hainbat jarduera proposatu zituzten, ikasgeletan egin zitezkeenak. Azkenik, Oikocreditek finantzatutako istorioen hainbat adibide aurkeztu zituzten, finantza etikoen zuzeneko zein zeharkako eraginak ikusteko.

Garapenari erronkak: eraldaketa prozesuak justizia globalerantz

Maiatzaren 27, 28 eta 29an, “Garapenari buruzko Ikasketen V. Nazioarteko Biltzarra” egin zen, Hegoa Institutuak eta Garapenari buruzko Ikasketen Espainiar Sareak (REEDES) antolatu zutena .  15 ildo tematiko landu zituzten eta 49 mahai, 180 komunikazio eta 16 posterren aurkezpena egin zuten. Guztira 462 lagunek parte hartu zuten.

Biltzarra bide alternatiboak ezartzeko politika, prozesu eta estrategietan zentratu zen. Bide horiek gizartearen eta sistemaren eraldaketara bideratuta daude, desparekotasunen iraunkortasuna gainditzea ahalbidetuko duen justizia sozialerantz.  Lankidetzaren paradigmaren krisiari heldu zioten.  Konpetentziarekiko paradigma alternatiboak eraikitzeko eta lantzeko zailtasunei buruz eztabaidatu zuten.  Kongresua ekitaldi hauen inguruan antolatu zen: Wendy Harcourt-ek (Nazioarteko Gizarte Ikasketen Institutua, ISS) egindako hasierako hitzaldia, Koldo Uncetak (Hegoa) eta Úrsula Oswaldek (Diziplina Anitzeko Ikerketen Eskualdeko Zentroa, UNAM) egindako saioak, eztabaidarako saioa, Gema Celoriok (Hegoa) moderatu zuena, José María Vera (Oxfam International), Yayo Herrero (Ekologistak Martxan) eta José Antonio Sanahuja-ren (Madrilgo Complutense Unibertsitatea) parte hartzearekin eta, azkenik,  Boaventura de Sousa Santos-ek (Coimbra eta Wisconsin-Madison unibertsitateak) emandako amaierako hitzaldia.

Finantzaz Haratagok kongresuan parte hartu zuen. Alde batetik, 13. ildo tematikoan (Hiritartasun globalerako hezkuntza eta hezkuntza kritikorako bestelako ikuspegiak) saretik egiten dugun lana azalduz. Ricardo Usategui Uriarte (Elkarkredit Elkartasunerako Elkartea), Irati Cifuentes Axpe (Mugarik Gabeko Ekonomialariak), Sebastian Gutteridge Imaz (Finantza Etikoak Euskadiko Elkartea) eta Joseba Larriba Aranagak (Oikocredit Euskadi) elkarrekin aurkeztu zuten argitaratutako lana.

Era berean, RedEFES ekimeneko Sofía M. Fernández-ek  (Finançament Ètic i Solidari-FETS)  egindako aurkezpenean hartu zuten parte, Nina González Fernández-Argüelles-ek (FETS) eta Ricardo Usategui Uriartek (Elkarcredit Elkartasun Elkartea – Finantzaz Haratago) elkarrekin prestatutako poster baten bidez.

Azkenik, hezkuntza ekimen globalagoa aurkeztu zen, Gizarte Elkartasunaren Ekonomiaren Curriculum Globalaren aldeko Kanpaina. Parte-hartzaileak honakoak izan ziren:  Claudia Álvarez (Hezkuntza eta Ekonomia Sozial eta Solidarioko sarea), Ricardo Usategui Uriarte (Elkarcredit Elkartasunerako Elkartea – Finantzaz Haratago), Alicia Cabezudo (International Peace Bureau), Madza Ednir (CECIP-Centro de Criação de Imagem Popular ), Juan Carlos Abdala (Baratzedun Identitatea duten Familien Elkartea) eta Alejandro Tombesirekin (Hezkuntza eta Ekonomia Sozial eta Solidarioko sarea) batera idatzitako artikulua defendatu zuten.

2020ko abenduaren 30ean,  V. CIEDaren Akta Liburua jaso dugu, argitaratutako lan guztiekin batera. Hori dela eta,  segidan partekatu ditzakegu.

FINANTZAZ HARATAGO

Finantzaz Haratago (Finantza Etiko eta Alternatiboetako Hezkuntzaren Euskal Sarea) plataformak finantza etiko eta alternatiboetako hezkuntza sustatu eta hedatu nahi du Euskadin, partaidetzako modu horizontalean.   Erreferentzia-gunea izan nahi dugu beste mundu-ikuskera bat ezarri daitekeela eta beharrezkoa dela uste duten pertsona eta erakunde guztientzat. Horretarako, ikasleek eta gizarteak jasotako hezkuntza finantzarioari buruzko hausnarketa kritiko eta konstruktiboa sustatzen dugu.

Jakin badakigu hezkuntza-testuinguru zehatza eta curriculumeko edukiak ezagutzea beharrezkoa dela. Honela, posible da esparru hori gainditzea, ekonomiari bere osotasunean ikuspegi kritiko baten bidez heltzeko, materialei diziplina anitzeko zeharkako ikuspegi bat eskaintzeko, baita ikasleen errealitate zehatzekin lotzeko ere.  Hezkuntza formalean zentratutako lanaz gain, gizarte globala sentsibilizatzeaz arduratzen gara, haien heziketak gizarte eraldaketan daukan  eragina azalduz.

Finantzaz Haratago: aproximación crítica y transformadora a la educación financiera (PDF)

FINANTZA ETIKO ETA SOLIDARIOEN ALDEKO SAREA (RedEFES)

Finantza Etiko eta Solidarioen Heziketaren Aldeko Sareak (RedEFES) ekonomiaren hezkuntza kritikoa eta finantza etiko eta solidarioak sustatu nahi dituzten pertsonak, erakundeak eta plataformak elkartzen ditu. Horien bidez, pertsonak eta planeta erdigunean kokatzen dituen ekonomia lortu nahi dute.  Partaidetza-gune dinamiko bat bultzatu nahi dugu sarea osatzen duten eta hezkuntza ekonomiko eraldatzailea sustatu nahi duten pertsona, entitate eta plataformentzako.  Horregatik, blog eta foro bat sortu ditugu, ideiak, zalantzak, esperientziak etab. partekatzeko eta elkarrekin batera ikuspegi komuna ezartzeko, elkarlana baita hezkuntza kritikoa ikasi eta sustatzeko erarik hoberena.  Era berean, finantza etiko eta solidarioen hezkuntza-baliabideen banku bat sortu dugu: hezkuntza eraldatzaile batekin konprometituak dauden baliabideak partekatzeko eremua.

RedEFES: Red por la Educación en las Finanzas Éticas y Solidarias (PDF)

CURRICULUM GLOBALAREN ALDEKO KANPAINA

Curriculum Globalaren Kanpaina hezkuntza ekimena da, 2016ko urrian Hegoalde globaleko ekonomia sozial eta solidariorako hezkuntza taldeek abiarazi zutena.  Gaur egun, hiritasun globala eta bakearen alde lan egiten duten giza-erakundeak, giza-mugimenduak, erakundeak, unibertsitateak eta eskolak kontuan hartuta, guztira 23 herrialde, 6 nazioarteko sare eta 61 erakundek osatzen dute.  2030 Agendaren esparruan eta kontuan izanda Munduko Foro Soziala dela Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzeko oinarrizko erreferentzia puntua, honako hezkuntza mota proposatzen du: deskolonizatzailea, kultura artekoa, modu kapitalista eta garapenaren paradigma desazkundearen bidez gainditzen dituena.  Ezagutzen arteko elkarrizketa sustatzen da, ezagutza zientifiko eta humanistikoaren eta lurraldeetan zehar zabaltzen diren komunitate-ezagutza herrikoi tradizional baserritarren artean.  Kanpainak parte-hartze metodoak dauzka munduko hainbat lekutan. Foro eta eremu eraldatzaileekin batera lan eginez, herri kontsultak, tresna pedagogikoen mapa eta nazioarteko mahai-inguruak egiten ditu.  Posible den beste mundu bat eraikitzeko mundu mailan egiten diren proposamen guztiak errespetatzen ditu eta gizartearen eta ekonomiaren garapen jasangarria lortzeko helburua partekatzen duten mundu ekimen horien osagarri izan nahi du.

Campaña por un Currículum Global de la Economía Social Solidaria (PDF)

Zuzeneko solasaldia: ‘Finantza etikoak koloreztatuz’

‘Finantzaz Haratago: Finantza Etikoak eta Alternatiboak’ Nazioarteko Ikastaro Birtualaren itxiera ospatzeko, solasaldi birtuala antolatuko dugu Euskadiko Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Azokaren baitan.

Abenduaren 16an izango da, 18:30etatik 20:00etara. Zuzenean ikusteko aukera izango duzue gure Facebook eta Youtube kontuetan eta hemen: http://merkatusoziala.eus

Bazterkeria finantzarioa emakumeonganako indarkeria ere bada

Munduko emakumeon %42ak ez dugu kontu korronterik. Eta, kontu korronterik ez dugunez, ez dugu pobreziatik irteteko laguntzetara sarbiderik.

Emakumeok aukera gutxiago ditugu ere hipoteka bat lortzeko, eta finantzaketa gutxiago jasotzen dugu ekintzailetza-proiektuetarako.

Gaur Emakumeonganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta datu horiek agerian uzten dute emakumeok geure bizitzako alor guztietan jasaten dugula bazterkeria.

Finantza sistema buru den mundu honetan, bazterkeria finantzarioa emakumeok jasaten dugun bazterkeriarik handiena da. Ez dezagun egoera hori normaltasunez bizi. Bazterkeria finantzarioa INDARKERIA da, eta emakumeon garapena oztopatzen du, hamaika harresirekin egiten dugulako topo gizartean berdintasuna lortzeko.

Femgarabat taldeko lagunek Deustuko Unibertsitateko Cristina de la Cruzekin eta REAS Euskadi-Ekosolfem erakundeko Zaloa Perezekin egin genuen mahai-inguru birtuala marraztu dute: “Ekonomia Sozial Solidarioa: Finantza etikoak eta genero ikuspuntua mundua eraldatzeko”. Hemen ikus dezakezu osorik solasaldia:

 

Finantza Etiko, Genero eta Klimari buruzko mahai-ingurua: Ekonomia Feministako Eskolak eta Agrosistemen eta Lurraldeen Birsorkuntza (ONLINE)

Hurrengo asteartean, azaroak 17, finantza etiko, genero eta klimari buruz solastuko gara. Hitzordua 18:00etan da eta hemen eman dezakezu izena (doakoa eta birtuala izango da): https://labur.eus/PyYQl

Mundubat Fundazioko Sarai Martin izango dugu gurekin ekonomia feministako eskolez hitz egiteko, eta Sustraiak Habitat Designeko David Gonzalez agrosistemen eta lurraldeen birsorkuntzaz hitz egiteko.

Ordura arte!

Murgildu zaitez finantza etikoetan: Ikastaro birtual berria kaleratu dugu!

Ikastaro Birtualak - Cursos Online

Badakizu zer diren finantza etikoak? Eta zergatik sortu ziren? Ezagutzen al duzu egungo sistema finantzarioaren aurrean alternatibak sortzen ari den ekimenik?

Finantzaz Haratago sareak doako ikastaro birtuala kaleratu du eta, ikastea baino, desikastea du helburu: banketxe tradizionalek “sistema finantzario bideragarri bakartzat” saldu diguten hori ahaztea, pobrezia eta desberdinkeriak normalizatzeari uztea, gure ekintzen monetarizaziotik haratago ikustea…

Interesgarria, ezta?

Izen-ematea azaroaren 15era arte dago irekita, eta ikastaroa azaroaren 23rik abenduaren 18ra izango da.

Informazio gehiago nahi baduzu, orrialde honetan aurkituko duzu.

Izena emateko, sar zaitez hemen.

Anima zaitez eta desikasi ezazu gurekin!

Zalantzarik baduzu, idatziguzu info@finantzazharatago.org helbidera edo deituiguzu 622 66 14 78 telefonora.

Finantza etikoek betaurreko moreak daramatzate

Genero ikuspegiak begirada indartsua du. Zuzena. Ikuspegi kritikoa sustatzen du bereziki, eta hori izan zen, hain zuzen ere, ‘Ekonomia Sozial Solidarioa: Finantza etikoak eta genero ikuspuntua mundua eraldatzeko’ mahai-inguru birtualaren xedea. Urriaren 5ean antolatu genuen Finantzaz Haratago sareko kideok, Hekuntza Finantzarioaren Egunean.

Foroaren protagonistak Cristina de la Cruz (Deustuko Unibertsitatea) eta Zaloa Perez (REAS Euskadi-Ekosolfem) izan ziren. Pozik agertu ziren halako hausnarketarako espazioa sortu izanagatik, finantza etikoen eta genero ikuspegiaren arteko loturak analizatzeko. Gakoak elkarrekin hausnartzeko gonbidapena luzatu zieten ikusleei.

Zein gako, baina? Lehenengo gakoa kapitalismotik urruntzea da, bizitzak erdigunean jartzea delako apustu nagusia. Kasu honetan, emakumeen bizitzaz ari zireb, ekonomia sozial solidarioaren ikuspuntutik. Izan ere, emakumeak bazterkeria gehien jasotzen duten taldea dira finantzetan, Europa mailan.

Zaurgarritasunetik gertu

Bazterkeria hori zerbitzu finantzarioetara sarbidea izateko zailtasuna izatean datza. Emakumeen zaurgarritasun hori analizatzeko seriotasun gehiegirik ez dela egon salatu zuen Cristinak. “Emakumeentzat diskriminazio iturri izan daitekeen egoera hau ez dute behar bezala aztertu”.

Gainera, ikerketa horiek sakonagoak izan beharko liratekeela uste du Cristinak. Esaterako, zer nolako zaurgarritasun zehatza dute emakume beltzek? Zenbatek dute, adibidez, zuzendaritza postu bat administrazio-batzordeetan? Administrazio-batzordeetan dauden emakumeen ehunekoa urria da oraindik, eta garrantzitsua da espazio hori bereganatzea, bertan hartzen baitira erabakiak. Hala ere, Cristinak interes gehiago du emakumeen kontsumitzaile/erabiltzaile aspektua lantzeko, eta zer nolako zaurgarritasuna jasaten duten alfabetizazio finantzario eta digitalaren alorrean.

Finantzen inguruko ezagutza eduki ezean, “emakumeok etengabeko bazterkeria jasaten dugu ekonomian”, azaldu zuen Cristinak. Hona hemen esaldi hori arrazoitzeko zenbateko bat: Munduko Bankuak, 2009an, argitaratu zuen emakumeen %42ak ez zuela kontu korronterik. Hain zuzen ere, emakumeak dira banketxeetan arreta gutxien izan ohi duten biztanle-taldea. Ekintzailetasun proiektuetan ere nabarmentzen da “tratuaren desberdinkeria”, zioen Cristinak..

Sistema da aberia

Unibertsitateko katedratikoak, mahai-inguruko hitzaldia amaitu baino lehen, argi utzi nahi izan zuen bere jarrera: “ez dut esan nahi emakumeok tratu berezirik jaso behar dugunik, baizik eta sistemaren aberiak ikusi behar ditugula”. Ikuslegoari finantza etikoen ikuspuntutik pentsatzeko gonbidapena luzatu zion. Eraldaketa osoa gauzatzeko “ikuspegi feminista ezartzea ere ezinbestekoa da”.

REAS Euskadi-Ekosolfem taldeko kide den Zaloa Perezek egunero bizi du feminismoa eta ekonomia solidariaren artikulazioaren erronka. COVID-19aren krisiak alternatibak sortzeko grina berretsi zion. “Horiek raikitzen ari gara”, baieztatu zuen. Haien helburua? Ekonomia berriz formulatzea, bizitzaren jasangarritasuna ardatz bilakatuz eta honakoak kontuan hartuz: ekonomia feminista, lanaren banaketa sexuala, zaintzen krisia…

“Emakumeen behar praktikoak ebazteko laboratorioa da taldea, eta horrela gure erakundeak ere eraldatzen ditugu”, zioen Zaloak. Pixkanaka badoaz “zerbait” eraikitzeko formula aurkitzen, merkatuetatik haratago, ogibidea bilatzea beharrezkoa dela ahaztu gabe. Bere buruan bueltaka duen galdera zera da: Ondasun eta zerbitzuek ondo bizitzea dakarte ala bizitza merkantilizatzen ari gara?

Ideiak lurreratzen

“Bizitzaren jasangarritasunaren paradigma ez da erraza lurreratzen”, onartu zuen Zaloak. Bere erakundeak lau urte baino gehiago daramatza formakuntza prozesuan murgilduta, sorkuntza literarioan, hausnarketa jardunaldietan, adierazpenetan, protokoloen egiletzan… Eta laster Ekonomia Solidarioaren Printzipioen Eskutitza kaleratuko dute, ekonomia feministaren ekarpenarekin.

Mugimendu sozialeko erakundeentzat interesgarria izango da eskutitz hori, ekonomia sozialaren %70a emakumeak baitira. Emakume horiek kalitatezko partaidetza aldarrikatzen dute, kuotez haratago. “Aurrean dugun erronka ederra da hori”, ondorioztatu zuen Cristinak.


Bideo honetan ikus dezakezu mahai-inguru osoa:

'COOKIES'-en politika onartu behar duzu eduki hau erakusteko.

Estekak

REAS Euskadi: https://www.reasred.org/reas-euskadi