Eta zer esan etorkinei buruz? 2008 urteko krisiaren aurretik, Euskal Herrian eta Europan bizi ziren etorkinak bertakoak baino lan gehiago egiten ari ziren. Krisiarekin, etorkin asko joan egin ziren euren jatorrizko herrialdetara edota Frantzia eta Alemaniara, sortutako langabeziagatik. Gaur egun, etorkinek soldata baxuagoak, langabezia tasa altuagoak eta bidegabekeria gehiago jasaten dituzte. Krisietan, beti dira azkeneko katebegia.
“Malgutasuna nahi dugu, ez dugu nagusirik nahi… Bi edo hiru lan edukitzea errealitate bilakatzen ari da”. Zalaparta sortu dute Glovo enpresaren sortzailearen hitz horiek sare sozialetan. Zer deritzozu prekarietatea zuritzeko ‘moda’ honen inguruan?
Ameskeria postmodernoak dira eta aspaldi ikusten ditugu. Datorrena datorrela, irribarre batekin eta auto-esplotazioaren bidez egoera berrira egokitu behar garela dirudi.
Ekonomia berrien eta teknologiarekin zerikusia duten sektoreen egoera larria izan da. Bereziki gazteen artean. ‘Klase ertaina’ deritzon horren baitan ikusi dute haien burua: masterrak egin dituzte, ingelesa edota frantsesa dakite… Eta gero 500 euroren truke amaitu dute, lan egiten ekintzailetza proiektu, sortzaile gune edota halako pantomima askotan. Gazte askoren porrota nabaria izan da sektore hartan.
Gainera, horren aldeko ikuspegi bat garatu da azken aldian: beti zaude aldatzen, ez dituzu lagun berdinak, ez zara leku berean bizi, bikotekidea aldatzen zoaz kontsumo joera baten baitan… Horrelako ezegonkortasun paradigma hori paradigma burgesaren hedatze bat izan da. Kapitalismoak klase altuen ideologia eta kultura aspirazio moduan eskaintzen ditu beti: asko lan egiten baduzu eta zeure burua esplotatzen baduzu, iritsiko zara halako etxe handia, kotxea edota itsasontzia izatera.
Zirkuitu laburra sortu da bertan. Ez gaude puntu horretan eta ez gara horretara itzuliko. Badakigu, gainera, Glovo bezalako enpresetan egiten ari diren lanpraktikak ilegalak izaten direla askotan. Jendea kontratatzen dute ezer ordaindu gabe, eta hori ez da bidezkoa.
Horri aurre egiteko, Euskal Herrian, Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak auzi sozialak bultzatu ditu, eta Yolanda Diaz Lan eta Ekonomia Sozialeko Ministro espainiarrak erregulazio inposizioak sustatu ditu ere. Esaterako, 11.000 pertsona kontratatu behar izan zituen Glovok, enpresaren lan antolakuntza sistema ez delako legezkoa Estatuan, eta ona da hori.
Bizitza erdigunean jartzeko diskurtsoa guztion ahotan dago gaur egun, eta ekonomia feministaren aldarrietako bat da. Posible al da sistema kapitalistaren baitan hori lortzea?
Badago sistema kapitalistan lorpenak egiteko aukera. Ekonomia feministak egindako ekarpen holistiko edota ‘osoago’ horrek zerikusi handia du, esaterako, lehen aipatu duzuen ordutegi murrizketa horrekin. Sistema kapitalista, patriarkatua eta naturaren suntsipenari uko egiteko ekarpen onuragarri eta inspiratzaileak egin dituzte ekonomialari feministek mugimendu feministarentzat, baina baita langileen mugimenduentzat, ekologistentzat, ekonomia sozial eta solidarioarentzat, kooperatibismoarentzat, komunitate antolatuentzat eta erlijio-taldeentzat ere. Kapitalismotik at dauden filosofia horiek sintesi bat aurki dezakete ekonomia feministan.
“Sistema kapitalista, patriarkatua eta naturaren suntsipenari uko egiteko ekarpen onuragarri eta inspiratzaileak egin dituzte ekonomialari feministek”
Adibidez, Carolina del Olmo feminista madrildarrak ‘Economía crítica’ (Ekonomia kritikoa) jardunaldien itxieran, gizonezko ekonomialariaz eta marxista zein poskeynesiarrez betetako gela batean, aipatu zuen, agian, lan gutxiago egitea denon arteko adostasun bat izan daitekeela. Ekologiatik, patriarkatuaren aurkako ikuspegitik eta baita langile klasetik ere, denbora libre gehiago izatea onuragarria izango litzateke. Horrela denbora gehiago izango dugulako bizitzeko, elkar zaintzeko, munduaz gehiago arduratzeko, gutxiago kontsumitzeko… Eta baita gauzak gure kabuz egiteko denbora gehiago ere. Horrela, ez genituzke zaintza zerbitzuak merkantilizatuko eta guk geuk denbora izango genuke gure familian eta komunitatean dauden arazoei aurre egiteko. Horretarako, gutxiago lan egin behar da.
Egia da ekonomia feminista ez dela bakarrik aldarrikapen zehatz horretatik abiatzen, baina erakusten du bere aldarrikapenak amankomuneko interesak sintetizatzeko balio dezakela. Horren adibide dira Cristina Carrasco, Amaia Orozco eta Astrid Agenjo. Hiru belaunalditako hiru ekonomialari feminista garrantzitsuak dira eta lan handia egin dute emakumeen talde eta kolektiboekin. Bizitza erdigunean jartzeko aldarrikapen horren sintesi moduko bat egiten ari dira, ez kapitalismoaren baitan jarraitzeko, baizik eta kapitalismoa aldatzen joateko, bizitza erdigunean jartzen eta kapitala erdigunetik aldentzen. Horrekin akatuko dugu kapital guztia? Ez, zeren baliabideen ekoizpenak ezin dira guztiz suntsitu. Baina kapitala alde batera utzi dezakegu, esaterako, enpresa batean garrantzitsuago bilakatuz lana bermatzea eta duintzea eta genero arrakala murriztea, etekin handiagoak izatearen ordez. Hori legez antolatu daiteke. Enpresa mota guztietan halako balore ekologista, feminista eta sozialak sustatu daitezke.
Finantza etikoak eta ekonomia sozial eta solidarioa bultzatzen dugun erakundeok zer egin dezakegu langileon eskubideen alde?
Arraun eta arraun egin behar dugu beste eredu bat gauzatzeko. Ekonomia sozial eta eraldatzailearen jatorria horren modernoak ez diren herri-mugimenduetatik eta baserri mundutik dator. Jendea aspalditik dabil taldeetan batzen, elkarrekin erabakiak hartzeko eta azpiegiturak antolatzeko. Ekonomia sozial eta solidarioa jatorrizko balore komunitario horien eguneratzea da. XXI. mendean, bestelako proposamenak ditugu: Fiare edota Koop57 bezalako finantza entitateak garatzea, Goiener bezalako energia ekimenak bultzatzea, herri azokak eta nekazal sareak babestea, Nafarroako Erriberan garatutako Errigora bezalako erosketa kanpaina masiboak sustatzea… Euskal Herria oparoa da zentzu horretan, baina aldi berean kapitalismo ustelenak gobernatzen du gaur egun Euskal Herrian. Halako baloreek talka egiten dute gaur egun dauden euskal gobernuekin eta Euskal Herria nazioarte mailan ‘saltzeko’ joerarekin.
“Mundu sozialista eta ekofeminista berria eraikitzeko, mundu zahar kapitalistan garatu behar dira egiturak, sareak, enpresak eta elkarteak, kapitalismoa era progresibo batean ordeztu ahal izateko”
Hor dator ere ekonomia sozial eta eraldatzailearen helburu estrategiko bat: egunerokoa hobeto kudeatzeaz haratago joan behar da. Antolatu behar da, saretu eta dagoen guztia (erregulazioa, arautegiak, ziurtagirik sozialak…) hedatu. Zergatik kontratatu daiteke eremu publikotik natura suntsitzen eta langileak esplotatzen dituen enpresa edo elkarte bat? Kriterioak egon behar dira enpresa guztientzat, eta ekonomia sozial eta solidarioak ekimen politikoak sustatu behar ditu, egiten dena ez dadin soilik eskala txikian edo bertakoan geratu. Orokortasuna bilatu behar dugu. Enpresa guztiak izan behar dira sozial eta solidarioak. Zergatik izan daiteke egoismoa lege eta ez lankidetza eta elkarlaguntza? Nik uste dut zer edo zer lortu daitekeela.
Badago Marx ‘aititeak’ esaten zuen aipamen bat: aintzinako munduan sortu behar dira baldintzak mundu berria eraikitzeko. Hau da, mundu zaharrean garatu behar da behar da mundu berri horren lan antolakuntza eta saretze hori. Mundu berria eraikitzeko (sozialista eta ekofeminista, adibidez), mundu zahar kapitalistan garatu behar dira egiturak, sareak, enpresak eta elkarteak. Horrela, kapitalismoa era progresibo batean ordeztu ahal izango da eta momentu jakin batean salto erabakigarriak egiteko aukera gerta daiteke.
Kalera irtengo zara maiatzaren 1ean? Hala bada, zein izango da zure kontsigna?
Maiatzak 1 oso egun inportantea da langileriarentzat, eta bere momentuan egunean zortzi ordu lan egiteko borroka erraldoi hartan egondako hildako eta zauritutako langile borrokalariak omentzen dira. Borroka eguna da langileentzat, lorpen berriak eraikitzeko.
Nire kontsigna da ez defendatzea bakarrik aldarrikapen zehatz edo partzialak. Urrunera begira, mundu berri bat eraikitzeko, kapitalismo suntsitzaile honetan beharrezkoa dugu epe luzeko norabidea edukitzea, eta ez bakarrik eguneroko talketan oinarritzea. Garrantzitsua da langileriak ikustea borroka zehatz guztiak inportanteak direla, baina helmuga izan behar dela jende guztiarentzat bideragarria izango den mundu bat eraikitzea. Hori da mundua ‘salbatzeko’ modu bakarra, klimagatik eta materialen eta baliabideen ustiaketagatik, mundu ‘madmaxiar’ batera ez iristeko. Justizia eta berdintasunean oinarritutako mundu bat sortu behar da.
“Garrantzitsua da langileriak ikustea borroka zehatz guztiak inportanteak direla, baina helmuga izan behar dela jende guztiarentzat bideragarria izango den mundu bat eraikitzea”