Finantza etikoak sendotu egin dira krisiarekin

Erdigunean bizitza dago. Alegia, pertsonak. Eta finantza etikoak egituratzen dituen ardatz horri esker, orain, COVID-19ak mundu-mailako krisia eragin duen honetan, inoiz baino agerikoagoa da ekonomia sozial eta solidario baten premia. Horixe da sistema kapitalistaren ordez dagoen benetako alternatiba.

Duela gutxi, Finantza Etiko eta Alternatiboen Nazioarteko Foroan, modu birtualean egina lau egunez, 2020ko apirilaren 20ko astelehenetik apirilaren 23ko ostegunera, hainbat hizlari eta entzule bildu ziren, denak ere bizitza hobeago baterako bestelako ekonomia bat indartzen jarraitzeko irrikaz. Helburu handi batek batzen zituen: ekonomia pertsonen zerbitzura jartzea.

Foro birtuala Finantzaz Haratago (FH) sareak antolatu zuen, Finantza Etiko eta Alternatiboetako Hezkuntzaren Euskal Sareak. Elkarte hauek dira plataformaren sustatzaileak: Elkartasunerako Elkarcredit Elkartea, Oikocredit Euskadi, Mugarik Gabeko Ekonomialariak, Koop57 EH eta Finantza Etikoak Euskadiko Elkartea.

“Foroaren helburua eraldaketarako tresna bat izatea da”, adierazi zuen Irati Cifuentes FH sareko kideak ekitaldiaren hasieran. Ongietorriko hitzak esaten ari zen etxeko egongelatik, eta horman ikus zitekeen Pablo Picassoren margolan aski ezagun baten xehetasun bat, Gernikako bonbardaketarena; 2020ko apirilaren 26 igaro berri honetan bete ziren 83 urte. “Sortzen diren edukiak oso baliagarriak izango dira finantzek pertsonengan zer-nolako inpaktuak dituzten hausnartzen eta eztabaidatzen jarraitzeko”.

Gizarte zibilaren Banku Etikoa

Iratiren ostean Laura Ruiz-ek hartu zuen hitza, eta lau saioetatik lehenbizikoaren moderatzaile-lanetan eskerrak eman zituen Latinoamerikako eta Europar Batasuneko pertsonen parte-hartzeagatik. “Finantza etikoak jada ez dira hondarreko zerbait”, esan zuen Laurak pozarren, eta ezagutzeko moduko esperientzia eraldatzaileetako bat aurkeztu zuen jarraian: Fiare Banca Etica ekimena. Azalpenak Ana Belen Juaristik eman zituen; gizarte zibiletik abiatuta Italian sortu zen banku eraldatzaile horrek Espainiako estatuan dituen 90 boluntario-taldeetako bateko kide da. Agroekologiako eta bidezko merkataritzako proiektuak finantzatzen dituzte, besteak beste.

Ana Belenek bazkide egitearen garrantzia azpimarratu zuen, zeren eta zenbat eta kapital sozial handiagoa izan, orduan eta indar handiagoa izango baitu Bankuak. “Bazkide bat, boto bat”, argitu zuen.

Hurrengo esperientzia Jorge Berezok aurkeztu zuen. Oikocredit-eko lehendakaria da: nazioarteko kreditu-kooperatiba bat, helburutzat errentagarritasun soziala eta errentagarritasun ekonomiko pixka bat dituena. Jorgeren esanetan, bitartekotza finantzarioaren galdera moralei erantzuten saiatzen da beren kolektiboa: Nora doa dirua? Espekulaziora? Armen negoziora? Nori ukatzen diote dirua?

“Beldurtzekoak dira erantzunak”, aitortu zuen Jorgek, eta adierazi zuen Oikocredit kooperatibak egoera ahulenean dauden Hegoaldeko pertsonekin bakarrik egiten duela lan, dela Latinoamerikan, dela Asian, Afrikan… Gaur egun, 33 herrialdetan dihardute, banku tradizionalek alde batera utzi dituzten pertsonei laguntzen; esate baterako, Burkina Fason joskintzako negozioei kredituak ematen ari dira, adibidez. “Beste modu bateko finantzak egin daitezke”.

JorgeBerezo
Jorge Berezok Oikocrediten lana azaldu zuen.

COVID-19ak eraginda, birdefinitzea

Azken baieztapen horrekin bat dator Gorka Julio, Koop57 EH-ko kidea. Kooperatibak zerbitzu finantzario etiko eta solidarioak eskaintzen dizkie proiektuei, hala nola Marinaledari lurra erosteko eta Asociación Cultural Gitana Vencedores elkarteari. Guztira 20 milioi dituzte “kreditu bizitan”, eta COVID-19ak eragindako pandemiaren prozesu honi aurre egiteko, hainbat kolektiboren beharrei erantzutea dute estrategia nagusia: dagoeneko 70 eskaera baino gehiago dituzte, eta hiru milioi bideratu dituzte hasierako fase honetan. “Elkar zaindu behar dugu. Manteroak maskarak egiten ari dira. Orain egin beharrekoa berregituratzea da, birdefinitzea, eta gure etorkizuna erabaki ahal izatea, gure jardunbide ekonomikoekin”.

Argi eta garbi, ikuspegi neoliberala atzean uztea da apustua. Eta horrexegatik, ezin egokiagoa zen bigarren saioko gaia: kooperazioa eta finantza etikoak, feminismoa eta klima-aldaketa. Hizlariak, hauek: Kataluniatik, Miquel Carillo, kooperazio finantzariorako gida aurkezten; Nikaraguatik, Yolanda Areas Blass, Via Campesina erakundearen nekazarien feminismo herritarrari buruz; eta El Salvadortik, Jesús Ángel Escobar, ACAPRODUSCA elkartekoa (Ekoizleen Aurrezki, kreditu, hornikuntza eta komertzializaziorako Elkarte Kooperatiboa).

Etxeko sukaldetik eta atea itxita, Miquelek, bere ikuspegia azaltzeaz batera, harrituta adierazi zuen zeinen izen egokia duen bere azken liburuak, osasun-pandemia eta herritarrei ezarritako konfinamendu-neurriak direla eta: Volver a pisar la calle. Miquelen esanetan, premia-premiazkoa da beste ikuspegi ekonomiko bat “zabaltzea”, “hedatzea” eta “garatzea”, eta ikuspegi berri horretan nazioarteko kooperazioari ekonomia sozial eta solidarioa gehitzea.

Alde ilunarekin, baina guztien onerako bidean

“Denok batera zerbait egitea”, gehitu zuen Miquelek. Eta jakina, administrazio publikoaren “alde ilunarekin” lan egitea, guztion ona helburutzat hartuta. Apustu politiko guztiz egiazkoa, Yolandaren esanetan. Oraintxe erabat murgilduta dago landa-eremuko emakumeen prozesua sistematizatzen, “mundu hobeago baten bila”, esan zuenez. “Guk, emakumeok, bizitza defendatzeko estrategiak darabiltzagu. Naturarekin harremanak izateko beste modu bat defendatzen dugu agroekologiaren bidez; naturarekin harmonian ekoiztea”.

Yolanda Areas
Nikaraguatik, Yolanda Areasek feminismo baserritar eta herrikoiaz hitz egin zuen.

Nikaraguako liderraren esanetan, nekazarien feminismo herritarra iraultzailea eta subertsiboa da, desberdinkeriaz jositako mundu hau eraldatu nahi duelako. “Desberdintasunik gabeko sozialismo bat dugu amets, emakumeok eskubide beteak izango dituguneko sozialismo bat”. Borroka horren berri ederki daki Jesús Ángelek, ACAPRODUSCAren fundatzaileetako bat izan baitzuen ama, nekazaria, 1999an. Hasiera hartan 26 bazkide ziren, eta huraxe zen emakume bakarra. Eta banku kapitalistetatik kanpo utzita zeudelako sortu zuten, hain zuzen.

“Nekazaritza-sektorera ere eraman daitezke hazkuntzarako mekanismoak, bai”, esan zuen Jesús Ángelek. “Gure helburua komunitateen garapen ekonomikoa da”.

Eta tokiko nahiz nazioarteko esperientzien sorta are gehiago zabaldu zen hirugarren saioan: Estefanía Rodríguez-ek Nortlan aurkeztu zuen, Euskadiko lehen aseguru-artekaritza etiko eta solidarioa; Xabier Lertxundi Hernaniko Udaleko mikrokredituez aritu zen; Elena Novillok migratzaileen ekintzailetzari buruzko gogoeta bat egin zuen; eta Heloísa Primavera bankuez, bitcoinez, trukeez eta moneta sozialez mintzatu zen.

Beste modu batean

Honaino iritsita, entzuleak ohartuta zeuden munduan, eta batez ere finantza etikoen bidez, gauzak beste modu batean egin daitezkeela. Estefaníak, Donostiatik, une horretan bizitzen ari ginen egoera xelebrean denok ondo egotea opa zigun. Aurkezpenaren hasieran erakutsi zituen irudiek eta esaldiek berehala erakarri zuten denen arreta: “No nature No future” eta “Time for change”.

2007an, aseguruen sektorean batere gustatu ez zitzaizkion gauzak ikusi zituen Estefaníak. Lan egiteko modua aldatzea erabaki zuen orduan. “Bestelako balio batzuk izango zituen aseguru-enpresa bat eratzeko ideia sortu zen”, kontatu zuen. Estefaníaren aseguruak gardenak dira, “erdizkako egiarik gabeak”, esan zuen; sozialki arduratsuak, errentagarriak, “bezeroarentzat errazak, sartzeko oztopo handirik gabeak”; eta solidarioak, “batzuen zorte ona zorte txarra izan duten beste batzuengana bideratzen dugu”, gehitu zuen. Estefaníak ezin hobeto daki zeinen botere ekonomiko itzela duten merkatu kapitalistako aseguru-etxe handiek, eta badaki, gainera, haien negozio zikinen tartean dagoela, besteak beste, armagintzako industrian eta erregai fosiletan inbertitzea.

“Nire lan-eremutik ahal dudantxoan zerbait aldatzen saiatzen naiz. Nik bakarrik zerbait egin dezaket, baina jende gehiago izanda, hegoak gehiago zabaldu ditzaket, eta gauzak egiteko beste modu bat badagoela erakutsi. Nire kasuan, aseguruen gaian”.

Eta Xabierren kasuan, Hernaniko Udalean. “Administrazio publikotik asko egin dezakegu, eta esparru pribatuarentzat eredu izan”, onartu zuen alkateak. Harro dago ekonomia sozial eta solidarioarekiko dagoen konpromisoarekin, herritarrek egin eta bozkatutako proposamen batean islatua: mikrokredituak ematea, bazterketa sozial eta ekonomikoari aurrea hartzeko. “Ez dira itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak. Itzuli egin behar dira”, ohartarazi zuen. Laguntza sozialarekin ere ez dira nahasi behar.

“Orain programa egokitu beharko da, COVID-19aren larrialdiagatik, osasun-krisia dela eta”, esan zuen arduratuta, aurre egin beharko dieten erronkak gogoan. “Jendeari laguntzeko programak diseinatuko ditugu”.

Migratzailearen gurutze bikoitza

Krisian bete-betean murgilduta dago Elena ere, Mugarik Gabeko Ekonomialariak elkartekoa. “Zubi-lana egiten dugu pertsonen eta ekonomia sozial eta solidarioaren artean”, esan zuen, eta galdera bat bota, Espainian bizi diren 46 bat milioi pertsonatik sei milioitik gora migratzaileak direla gogoan izanda: Nola integratu hain kolektibo heterogeneoa?

Elenaren esanetan, ekonomia sozial eta solidarioa horretarako tresna bikaina izan daiteke. Errealitateak adierazten du sistema ekonomiko kapitalistak inpaktu kaltegarri handiagoak dituela migratzaileetan; bete-betean bizi dituzte etsaitasun sistematikoa, arbuioa, eta horretaz gain, gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko zailtasunak eta estigmak. Baina beste galdera bat ere egin zuen Elenak: Ba al dago ekonomia sozial eta solidarioaren eremuan interesik pertsona migratzaileen gizarte-bazterkeriari begiratzeko?

Elenak, hasteko, paternalismotik eta asistentzialismotik urruntzea eskatzen du. Eta gero, ohartarazi zuen migratzaileei buruzko daturik ia bat ere ez dagoela. Dena dela, itxaropenerako esperientziak ere badaude: Foret (Heliconia taldekoa), Top Manta, Catering Solidario, Senda de cuidados…

Eta hitzen batek hirugarren saioko azken hizlaria defini badezake, hitz hori itxaropena da. Heloísa argentinarrak gogorarazi zigun apirilaren 22ko asteazken hau Lurraren Eguna dela; bera “pachamama” handi bat bezala sentitzen omen da, eta lan ona egin duelakoan dago, bilobek agur zoragarriak bidali baitizkiote, argazki eta guzti. Eta denborarik galdu gabe, lekuaz eta tarteaz baliatu, eta zuzenean interpelatu gintuen, amona jakintsu baten autoritatearekin:

 “Nolako gizartea nahi dugu?”, galdetu zuen.

Eta pantailan bi irudi jarri zizkigun. Batean zenbait haur ageri ziren, jolasean, zoriontsu; bestean, haur bat baso suntsitu baten aurrean. Irudiei begira geundela, Heloísak hizketan jarraitu zuen. Jakin genuen 1996an truke-sareak sortu zirela Argentinan, eta bost urtean milioi bat pertsona izatera iritsi zirela. “Nire aurrekontuaren % 40 koloretako papertxoekin zen”, esan zuen, eta erabat irmo gehitu: “jada ez dago zain egoteko astirik”.

Heloísaren proposamena arriskuak hartzea da. Eta akatsak onartzea. “Koronaren ondoren (COVID-19a), beste era batera pentsatu behar dugu, beste era batera kontsumitu… gure etxean gauzak beste era batera egin eta moneta sozialak erabili”.

Beste galdera batekin amaitu zuen: Noiz hasiko gara sinergiak egiten? Foroan parte hartzen ari zen entzule batek baino gehiagok galdera hura izango zuen buruan laugarren saioarekin konektatzean. “Gaurkoa puntu eta jarrai bat da”, laburbildu zuen Iratik, azken hizlariei hitza eman aurretik: Sofía Muñoz, Finantza Etiko eta Solidarioen Heziketaren aldeko Sareko kidea; Claudia Álvarez, Ekonomia Sozial Solidarioaren Curriculum Global baten aldeko Kanpaina aurkezten; Beatriz Umbón, irakaskuntzako STEILAS sindikatuko kidea; eta Javier Buces, Educación Financiera Crítica erakundekoa.

Sofia Muñoz Fernandezek RedEFES plataformari buruz hitz egin zuen, FETS eta Finantzaz Haratago sareak elkarrekin kudetzen dutena.

Pentsamendu kritikoaren betaurrekoak

Sofíak esan zuenez, Foroak argi erakutsi zuen “finantza etikoak egon badaudela”, eta bere erakundeak finantza etiko horiek mundu-mailan mapatzeko erronkari aurre egin nahi diola jakinarazi zigun. Esparru horretan aritua da Claudia, hezkuntza formaleko ikasgela ofizialetatik harago hezkuntzako borroka antihegemonikoak eta jakintzen aniztasuna berreskuratu nahian. “Kanpainak esperientziak bildu eta ezagutzera ematen ditu”, adierazi zuen.

Beatriz hezkuntza publikoaren esparruan dabil, eta esku-hartze pribatua eta multinazionalena da esparru horretan mehatxu nagusia. “Denek nahi dute hezkuntzaren banketean sartu”, esan zuen amaieran sindikalistak, eta salatu zuen multinazionalek agintzen dutela zer giza kapital behar duten eta horren arabera egokitzen direla hezkuntza-programak, enpresak beharrezkoak zaizkien langile gaituz hornitzeko. Begirada zabaltzeko, Hezkuntza salgai dokumentala ikustea gomendatu zigun.

Javier Bucesek Mentimeter bezalako tresnak erabili zituen partaidetza sustatzeko bere aurkezpenean.

“Edukiak ortodoxoak dira curriculumetan. Ahaztuta daukate bidezko merkatua. Ez dira aipatzen moneta sozialak ez aseguru etikoak”, esan zigun Javierrek. 23 urte eman ditu irakaskuntzan eta Ekonomiaz izeneko bloga hornitzen; guztion onerako ekonomiari buruzko bideoak igotzen ditu blogera. “Ikuspegi alternatibo bat ematen saiatzen naiz”.

Javierrek pentsamendu kritikoaren betaurrekoak janztera gonbidatu gintuen; batez ere, ekonomiaren arloan murgiltzen bagara. Proposamen bera egin zuen Finantzaz Haratago taldeak, eta esker ona agertu zien parte-hartzaile guztiei; saio bakoitzean 150-200 pertsona, mundu guztikoak. Solidarioagoak behar baikaitu munduak; solidarioagoak, eta gure eguneroko bizitzan etikaren balioetan oinarrituak.


LASTER ESKURAGARRI IZANGO DITUGU HIZLARIEK ERABILITAKO MATERIALAK ETA FOROKO BIDEOAK.