Elkarrizketa hau El Crític webgunean argitaratu zen jatorriz.
Erica Licón mexikarrak, Concordiako Unibertsitateko (Montreal) irakasleak, ekonomia sozial eta solidarioaren curriculum globalaren aldeko kanpainaz hitz egin du.
Nola sortu zen Ekonomia Sozial eta Solidarioaren (ESS) curriculum global baten aldeko Kanpaina?
2016an Argentinako Ekonomia Sozial eta Solidarioa hezkuntza tresnak bilatzen hasi zen alor horretan eta ikusi zen ez zegoela egiten ari ziren gauzak ezagutarazteko gunerik. Horrenbestez, deialdi bat egin zen sareen sare bat sortzeko, eta, 2017an, kanpainaren oinarri izango ziren zenbait printzipio ezarri ziren. Ez daukagu funtsik, baina miresgarria da lortzen ari garena. Sare eta elkarteetako 8-10 ordezkarirekin hasi ginen, eta urtebetean hori halako bi lortu genuen. Topaleku baten beharra erakusten du horrek, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren barruko prestakuntza prozesuen gainean hitz egin ahal izateko.
‘Curriculum Globala’ diozuenean, esateko modu bat da edo benetan lortu nahi da Ekonomia Sozial eta Solidarioaren prestakuntzaren gaineko corpus global eta bateratu bat?
Ez dugu «hau da ikasi beharrekoa» esaten duen ardatz uniformerik eratu nahi. Dagoeneko gela barruan eta kanpoan gauzatzen ari diren esfortzuak bistaratzean datza. Hezkuntza ikaskuntza-prozesutzat ulertzen dugu, jardunean, martxan eta erresistentzian egiten dena, bizi guztian. Ekonomiaren alorretik baino gehiago, herri-hezkuntzatik sortu zen kanpaina, behetik, eta hegoaldetik iparraldera. Atal akademikoa geroago gehitu zitzaion: gure helburuetako bat elkarrizketarako guneak sortzea da, ESSaren mugimendua akademiarekin konektatzeko, akademia baliagarri izan dadin ESSarentzat, eta ez akademia mugimenduaz balia dadin. Printzipio bateratu batzuk sustatu nahi ditugu.
Zein dira printzipio horiek?
Printzipio feminista argiak daude, feminista ez bada ez baita ESSa izango (hori dela eta, topaketa honetan, ekonomia feministaren ardatza banatu izana ulertzea kosta egiten zaigu). Gizarte eta ingurumen justizia printzipioak ere bai. Prestakuntza-prozesuak aztertzen ditugunean, ez dugu ama lurra aparteko entitate bat bezala ikusten.
Kanpainaren webgunean, printzipio horiekin bat egiten duten mundu osoko esperientzia ugari irudikatzen dituzte, askotarikoak. Pare bat adibide emango zenizkiguke?
Bartzelonan, esaterako, Edualter elkartearen kasua daukagu; gai hauek lantzen dituzten lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleentzako materialak eta tresnak egiten dituzte. Hezkuntza ez-formaletik, hezkuntza formal batean eragin daitekeelako adibidea dugu hau. Kiberan (Kenia) gune batzuk sortu dituzte gazte afrikarrek, herri hezkuntza eta jolasen bidez, ESSa zer den uler dezaten. Orain, gai horiei futbolaren bitartez heltzeko aukera aztertzen ari da. Sekula funtzionatuko ez luketela diruditen erokeriak dira, diziplinak bereizten irakatsi digutelako. Baina aintzat hartu gabeko gazteak ditugu eta gauzak egiteko prest daude; beraz, zergatik ez?
[Geroago, elkarrizketara batu dira Claudia Álvarez (Hezkuntza eta Ekonomia Sozial eta Solidarioko Argentinako sareko kidea) eta Celina Valadez (Mexikoko Ekonomia Solidarioko Talde Eragileko kidea), eta hau azpimarratu dute «Ekonomiak ekoizpena, hartu-emana, bizitza … antolatzeko modu batekin du zerikusia, eta badaude Ekonomia Solidarioa egiten duten arte taldeak, uraren aldeko borrokan diharduten taldeak eta abar. ESSa egiten duena ez da pertsona juridikoa bera, praktikak eta bere balioek egiten dute» azalduko du Álvarezek. Celina Valadezek dio honako hau ulertu behar dugula: «Latinoamerikan Ekonomia Solidarioaz hitz egiten dugunean, Ongizatearen esparruan egiten dugu. Bizitza zabala eta duina. Gure eskubideen gizarte berri honen parte dira horrelako arte, kultura- eta kirol-ekintzak »].
Ez-formala -jarraitu du Licónek- ez da hain ikusgarria, eta arazo bat da. Ikaskuntza-prozesuak praktikan gertatzen dira, kolektibo bakoitzaren barruan, batzar bakoitzean.
ESSaren balioak uste dugun baino presenteago daude eguneroko praktiketan?
Pentsatzen dugu baztertutako komunitateek ESSaren bidez ikasi behar dutela, eta hori da arazoa. Aldiz, kontrakoa da, horiek dira askotan horrelako balioak bizi dituztenak eta gu gara ikasteko beharra dugunak. Esate baterako, komunitate indigenetatik ikasi behar dugu nola bizi ama lurrarekin harmonian. Eskoletan ez dugu ikasten, eta apaltasunez onartu behar dugu ez dakigula egiten. Hezkuntzaren gaineko harrokeria aldatu nahi dugu kanpaina honekin: batak besteagandik ikastean datza, jakintzen Ekologia bat sortzean; Bonaventura de Sousak esan bezala: maila berean, bazterretatik sortutako ezagutzak ikusgarri egiten.
Aurrerapenik egin al duzue Ekonomia Sozial eta Solidarioa alor formalean sartzen?
Ez askorik. Gai horiek ez dira irakasten oraindik. Ikasleak dira jakiteko eta egiteko gogoa dutenak. Haien bitartez, unibertsitateak estutu behar dira, programetan sar ditzaten. Concordiako Unibertsitatean, Montrealen, ekonomia alternatiboetako aurre-gradu bat sortzen ari gara, ez dagoelako. Masterra badago, baina ikasleek karrera amaitu dutenerako, sistema kapitalistak guztiz xurgatu ditu.
Uste duzu badagoela arriskurik hezkuntza-sistemak ESSa xurgatzeko eta normalizatzeko, espezializazio-kuota modura, baztertua?
Bai, gerta daiteke. Orain arte, arriskua zen ikerkuntzan zentratu dela. Eta ez dira guneak ireki ESSaren mugimenduak esan dezan «honako hau da ikasi duguna». 2007ko krisi finantzarioan moda bihurtu zenetik unibertsitate askok dirua sartu dute ikertzeko, baina ez formakuntza kritikoko prozesu batetik heltzeko asmoz.
Hemen, ekonomiako ikasle talde batzuek ez dute eskatzen ekonomia liberalaren irakaskuntza ezabatzea, honako hau baizik: bestelako teoriekin batera irakastea.
Ikuspegi kapitalista ikasi behar genuke zein barregarria den ulertzeko. Ikasleek jakin behar dute ekonomiaren kontzeptua gizartetik urrundu dela, non esku ikusezin batek merkatua erregulatzen duen… Iruzurra ezagutu behar dute, teoria bat ez den ideologia hori nondik ateratzen den. Guk ere ideologia batean sinesten dugu, baina zentzuzkoa dena, gizakien arteko harmonia bat duena, baita naturarekikoa ere. Irakastearekin ados nago, baina ikuspuntu kritiko batetik.
Brasil eta halako herrialde batzuetan, Jaïr Bolsonarok boterea hartzearen ondorioz, saiatzea bera zaila izango dela ematen du.
Munduko hegoaldean, ESSaren mugimenduaren parte izateak arriskua dakar. Hor, akademia formaletik irten eta praktikan jartzean, traba egiten diozu jendeari eta botere-banaketari. Komunitateekin eraikitzen dutenak daude, haien segurtasun pertsonala arriskatzen dutenak, eta haien bulegoetatik ikertzen dutenak daude, hainbeste arriskatu gabe. Praktika gogoko dugun pertsonak ez gara sartzen profil akademikoan. Akademiko bat jakintzak sortzen dituen pertsonatzat ulertzen dugu, baina bertsio hori oso harroputza da. Honenbestez, ikas dezagun batera, eta batera ikaste hau egitea da, praktikan jartzea da, baina akademian ez dago denborarik ekintzarako.
Banaketa hori oso markatua dago, eta jendea kontratatzeko orduan artikulu gehien argitaratu dituztenak kontratatzen dira, ez kooperatibak eta komunitate-proiektuak egin dituztenak.
Zuk, urte askoan esparru hau aztertu duzunez, ESSaren barruko ulerkeren artean, non daude ezberdinenak?
Uste dut kontzeptua asko aldatzen dela lekuaren, aktorearen eta egoen arabera. Bat-batean, jendeak terminoak asmatzen ditu gauza berbera izendatzeko, askotan aitortza bilatzeko asmoz. Nik balio konpartituen inguruan hitz egin nahi dut. Kolektibitatea, erabakiak hartzerakoan partehartzea, patriarkala ez dena, aniztasuna, inklusioa…
Esan duzu premiazkoa dela ESSan ikuspegi dekoloniala txertatzea.
Dekolonialitateak hezkuntza formalean sortu ez diren jakintzei garrantzia eta balio maila bera ematean datza. Gure pribilegioak berraztertu behar ditugu eta ikusi nor ari den hitz egiten zertaz, nor ari den jakintza horiek guztiak eramaten, eta hitz egiteko guneak eman. Errealitatea da gehien ezagutarazten dena iparraldeko ESSa dela. Topaketa honetan, adibidez: biltzen al dugu dagoen aniztasun guztia? Mexikarra, amona indigenak zituena naizenez, asko harritzen nau errazte talde osoa europarra dela ikusteak. Dekolonialitateak espazio horiek irekitzean eta gonbidatzean datza. Kanadako zuzendaritza-batzordean horren gaineko eztabaida bat hasi genuen duela gutxi, han ere gertatzen baita. Eta berdintasuna nahi da, baina gizon eta emakume zurien artean. Non geratzen da intersekzionalitatea? Badaude, alternatiboak diren arren, haien pribilegio egoeratik kontzeptualizatzen diren guneak.