Ekonomia- eta finantza-hezkuntza kritiko eta etikoaren aldeko manifestua

2020ko Finantza Hezkuntzaren Astearen baitan, hainbat erakundek eta sarek manifestu bat idatzi dugu finantza hezkuntza kritiko baten alde. Finantza etikoetan oinarritutako hezkuntza lantzen dugu, eta finantza- eta ekonomia-sistemari buruzko ikuspegi kritikoa dugu, bai eta jarrera konprometitu eta aktiboa ere finantza alternatibo solidarioak sustatzeko, besteak beste gizarteari eta ingurumenari buruzko auziak kontuan hartuz.

Horrez gain, kezka handia dugu ezarritako finantza-hezkuntzaren ereduarekiko, eta ezinbestekotzat dugu eskuragarri dauden alternatibak lantzea eta ikusaraztea. Horregatik, Espainiako Bankuak eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak sustatutako Finantza Hezkuntzaren Astearekiko gure iritzia azpimarratu nahi dugu.  

Hezkuntza finantzarioa ikasgeletan: Zer diote ikasle eta irakasleek?

Finantzaz Haratagok (Finantza Etiko eta Alternatiboetako Hezkuntzaren Euskal Sarea) azken bi urteotan zenbait inkesta egin dizkie ikasle eta irakasleei, ikasgeletan lantzen den finantza-hezkuntzari buruz. Ikerketa sozialeko Indaga kooperatibaren lankidetzari esker eta gure lana sustatzen duten erakundeen babesari esker egin ahal izan dugu lan hori.

2020ko urriaren 5etik 9ra, Finantza Hezkuntzaren Astea da Espainiako estatuan, Espainiako Bankuak eta Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak sustatutako ekimen bat, eta gure ustez beharrezkoa da ikerketa horren ondorio nagusiak ikusaraztea, finantza etikotan heztearen aldeko gure lana sustatzen baitu, azken batean, haietan islatzen den errealitateak.

Inkestak onlineko galdetegi baten bidez egin ziren, bai euskaraz, bai gaztelaniaz. Parte hartu ahal izateko baldintza Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken ikasmailak edo Batxilergoa egiten egotea edo maila horietan ekonomiarekin lotutako irakasgairen bat ematea zen, eta guztira 355 ikaslek eta 67 irakaslek hartu dute parte.

Hainbat galdera egiten genizkien parte-hartzaileei (txosten osoan ikus ditzakezue), baina gure lanarekin zuzenean lotuta dauden zertzelada batzuk azpimarratu nahi genituzke dibulgaziorako agiri labur honetan.

Irakasleen % 77k dio eskoletan beste gai batzuk landu nahi lituzkeela. Zehatzago esanda, gehienek diote ekonomia-eredu berriekin lotutako gaiak landu nahiko lituzketela, hala nola ekologiarekin, ekonomia feministarekin, ekonomia zirkularrarekin, banku etikoekin eta dezelerazioarekin lotutako gaiak, bai eta desparekotasun ekonomikoekin eta ekonomia sozialarekin lotutako gaiak ere.

Gainera, finantza etikoen arloko erakundeak beren ikastetxeekin lankidetzan aritzea nahiko lukete, ikasgelan zenbait saioko jardueraren bat eginez edo finantza etikoko esperientziak ikustera bisitak antolatuz % 48k, baita material didaktiko edo osagarriak emanez ere % 44k, hitzaldiren bat emanez % 40k, eta, neurri txikiagoan, herrialde pobreturen bateko norbait bere bizipenak kontatzera ikastetxera ekarriz % 24k. Azpimarratzekoa da inkestan parte hartu duten pertsonen % 8k bakarrik esan duela ez lukeela nahi finantza etikoen arloko erakundeekin inola ere lankidetzan aritzea.

Ikasleei dagokienez, % 85ek ez luke nahi bezero duen bankuak bere dirua armagintzako enpresetan, ingurumenean kalteak eragiten dituztenetan edo giza eskubideak urratzen dituztenetan inbertitzea. Horrekin bat, % 65ek nahiago luke banku tradizionalen alternatibaren bat, eta % 13 bakarrik fidatuko litzateke soil-soilik betiko bankuetan.

Horrelako edukiak ikastetxeetan oso gutxi landu badira ere, ikasleen % 81ek uste du garrantzitsua dela hezkuntza-curriculumean finantza etikoen gaia sartzea. Aipatu beharra dago ez daukatela oso argi finantza etikoak zer diren eta banku tradizionalean aldean zer berezitasun dituzten. Bi erakunde-motak nahasi egiten dituzte batzuetan; adibidez, banku etikoen ezaugarriak dituen erakundetzat daukate Kutxabank zenbait pertsonak. Ikasleek aipatu dute banku etikoek dirua zer proiektutan inbertitzen duten gardentasun handiagoz azaldu behar luketela, eta horri buruzko informazio gehiago emanez konpon daiteke hori, banku etikoen funtsezko ezaugarria baita gainera.

Horrek guztiak argi erakusten du zein garrantzitsua den horrelako edukiak ikasgeletan lantzea, eta adierazten du, gainera, oraindik ere ez zaiola nahikoa jaramon egin gai horri, aurrerapenak aurrerapen, nahiz eta ikasle gehienek (% 81) eta irakasle gehienek (% 88) baduten interesa banku etikoari buruz, adibidez. Izan ere, 2020an egindako ikerketan ikus daitekeenez, lehenago egindako beste inkesta batean baino ezagutza handiagoa dute ekonomia sozial eta solidarioaren eta finantza etikoen kontzeptuei buruz, bai eta arlo horietako baliabideei buruz ere; baina, hala eta guztiz ere, ezagutza handiagoa izanagatik, begien bistakoa da oraindik ere beharrezkoa dela ikasle eta irakasleen artean finantza etikoak zer diren hedatzea eta sakontzea, bai baitago aldez aurretik horretarako jarrera, bai eta lankidetzan aritzeko modua ere. Irakasleek beraiek diote Finantzaz Haratagok zenbait saioko jarduerak egin behar lituzkeela, ikasgelan bertan edota finantza etikoekin lotutako erakundeetara bisitan joanda.

Bereziki egokia eta garrantzitsua da besteak beste finantza etikoen eta ekonomia feministaren gaiak edo ohikoez bestelako magnitude makroekonomikoak lantzea, bi arrazoirengatik: alde batetik, ikasleek interes –eta ezjakintasun– handia dute; eta bestetik, irakasleek gai horiek lantzeko interes handia dute, baina oro har ez dituzte lantzen, normalean denbora eta material faltagatik. Material- eta formakuntza-premia dago, beraz, ikasleen jakin-mina asetzeko eta irakasleei lana errazteko.

Azterlan honetan ikasleei eta irakasleei nagusiki zer gai interesatzen zaizkien adierazi dugu, eta horiei buruz zenbateraino dakiten. Alderdi horiek kontuan hartuta, badugu modua ekintza-ildo garrantzitsuenak finkatzeko, ikasgeletan finantza-hezkuntza hobetzen jarraitzeko asmoz, finantza etikoen ildoko ikuspegietatik landuz.

Mahai-inguru birtuala ‘Ekonomia Sozial Solidarioa: Finantza etikoak eta genero ikuspuntua mundua eraldatzeko’

Urriaren 5ean, 17:30etan, ekintza birtual berri bat antolatuko dugu: ‘Ekonomia Sozial Solidarioa: Finantza etikoak eta genero ikuspuntua mundua eraldatzeko’ mahai-ingurua.

Genero ikuspegitik eta finantza etikoetatik landuko dugu ekonomia sozial solidarioa, honako hizlariekin:

– Zaloa Pérez Hernandorena, Reas Euskadiko kidea.
– Cristina de la Cruz Ayuso, Deustuko Unibertsitateko irakaslea.

Parte hartu nahi baduzu, eman izena hemen: https://labur.eus/qe94Q

Nonahi zaudela ere, gozatu ezazu ‘Finantza Etikoen koloreak’ erakusketa

Finantzaz Haratago sareko kideok argi dugu beste mundu bat posible dela. Ez diogu esatearren soilik; hori hala dela frogatzen duten hamaika ekimen ezagutzen ditugu.

Horregatik, ‘Finantza Etikoen koloreak’ argazki erakusketa sortu dugu, geure saretik haratago ekimen horiek ezagutarazteko. El Salvador, Nikaragua eta Euskal Herriko alternatibak ezagutuko ditugu, Aitor Lopez de Audikana argazkilariaren lanari esker.

Badakigu banketxe konbentzionalen presentzia oso nabarmen eta aktiboa dela, eta zaila dela kapitalismoa ez den bestelako sistema bat irudikatzea. Erakusketa honek ikuspegi kritikoa sortuko duela espero dugu, elkarrekin gizarte sozialago eta jasangarriagoak sortzeko.

Non ikus dezakegu erakusketa, baina? Berri onak! Egungo egoera dela eta, birtualki jarri dugu eskuragarri, nonahi gaudela ere gozatu ahal izateko. Sar zaitez hemen ikusteko edo egin klik argazki honetan:

Erakusketa-areto itxura duen webgune batean murgilduko zara.

Geziekin eskuinera eta ezkerrera mugitu zaitezke, benetako erakusketa gela batean egongo bazina bezala:

Gezian klik egin aretoan zehar mugitzeko edo sagua arrastatu alde batetik bestera.

Gainera, sagua argazki baten gainetik pasatzean, argazki-oina irakurri ahal izango duzu:

Euskaraz zein gaztelaniaz irakur ditzakezu argazki-oinak.

 

Erakusketa ikusi ondoren gai zehatz batean sakondu nahi baduzu, gida hau deskargatu dezakezu:

Egin klik irudian PDFa eskuratzeko.

Halaber, erakusketaz ‘offline’ gozatzeko, hemen duzu PDF bertsioan ere:

Egin klik irudian PDFa eskuratzeko.

 

Protagonistak ezagutu

Erakusketako protagonistak hobeto ezagutu ditzazun,  hementxe dituzu haiekin egin ditugun elkarrizketak:

Euskal Herritik, Urzi Ugalde (Boga Garagardoa Kooperatibako kidea):

'COOKIES'-en politika onartu behar duzu eduki hau erakusteko.

El Salvadorretik, Flor (Mélida Anaya Montes elkarteko kidea):

'COOKIES'-en politika onartu behar duzu eduki hau erakusteko.

Nikaraguatik, Denis Omar Lopez (IALA Ixim Ulew):

'COOKIES'-en politika onartu behar duzu eduki hau erakusteko.

Eta, nola ez, Aitor Lopez de Audikana argazkilaria ere elkarrizketatu dugu:

'COOKIES'-en politika onartu behar duzu eduki hau erakusteko.

Finantza etikoak sendotu egin dira krisiarekin

Erdigunean bizitza dago. Alegia, pertsonak. Eta finantza etikoak egituratzen dituen ardatz horri esker, orain, COVID-19ak mundu-mailako krisia eragin duen honetan, inoiz baino agerikoagoa da ekonomia sozial eta solidario baten premia. Horixe da sistema kapitalistaren ordez dagoen benetako alternatiba.

Duela gutxi, Finantza Etiko eta Alternatiboen Nazioarteko Foroan, modu birtualean egina lau egunez, 2020ko apirilaren 20ko astelehenetik apirilaren 23ko ostegunera, hainbat hizlari eta entzule bildu ziren, denak ere bizitza hobeago baterako bestelako ekonomia bat indartzen jarraitzeko irrikaz. Helburu handi batek batzen zituen: ekonomia pertsonen zerbitzura jartzea.

“Finantza etikoak sendotu egin dira krisiarekin” irakurtzen jarraitu

‘Les finances que volem’ dokumentala, orain euskaraz

Finantzaz Haratago sareak euskarazko azpitituluak sortu ditu Enclau sarearen ‘Les finances que volem’ dokumentala gozatu dezagun. ‘Halako finantzak nahi ditugu’ da euskarazko bertsioaren izena.

Dokumental honek sistema finantzarioaren praktika txarrak biltzen ditu (etxegabetzeak, arma enpresetan inbertsioak, preferenteen iruzurrak). Horri aurre egiteko dauden alternatibak ere aurkezten ditu, finantza etikoak eta ekonomia sozial eta solidarioari lotutakoak, hain zuzen ere.

Hemen ikus dezakezu:

Halako finantzak nahi ditugu [Dokumentala]

Enclau sareak eta Fora de Camp taldeak eginiko dokumentala, Valentziako Diputazioaren finantzaketarekin. Azpitituluak, Finantzaz Haratago sarearen eskutik.

Sinopsia: Dokumental honek egiten diren sistema finantzarioaren praktika txarrak biltzen ditu (etxegabetzeak, arma enpresetan inbertsioak, preferenteen iruzurrak). Horri aurre egiteko dauden alternatibak ere aurkezten ditu, finantza etikoak eta ekonomia sozial eta solidarioari lotutakoak, hain zuzen ere.

Kolaboratzaileak: GIT Fiare Banca Ètica Valencia, Castelló i Alacant, Fundació Novesendes, REFAS, La Teua Terra, Som Alimentació, Plataforma d'Afectats per la Hipoteca.