Irakurri “Ekonomiaren azterketa kritikoa egitearen alde, arazo sozialen benetako sustraia identifikatzeko aukera eman dezan” artikulua ARGIA astekarian

Finantzaz Haratago sareak hala eskatuta, Arturo Guilartek, Maitane Jaiok, Francisco Javier Murillok eta Jon Bernat Zubirik iritzi-artikulu bat idatzi dute ekonomiaren irakaskuntza kritikoa bultzatzeko beharraren inguruan. Behean aurreikuspen bat duzu. ARGIA astekarian irakur dezakezu osorik.

***

“2009an, zientzialari talde handi batek txosten bat argitaratu zuen, Lurrak planeta bizigarria izaten jarrai dezan gainditu behar ez diren bederatzi mugak laburbilduta. Gaur egun Nature aldizkariak argitaratutako ikerketa batean, bederatzi muga horietatik zazpi gainditu direla salatzen da. FAOren datuen arabera, 800 milioi pertsona inguruk gosea pairatzen jarraitzen dute planetan, elikagaien egungo ekoizpen-mailek 12.000 milioi pertsona baino gehiago elikatzeko aukera emango luketen arren; hau da, gaur egun planetak duen biztanle-kopurua baino askoz ere kopuru handiagoa elikatu ahal izango litzateke. Hala ere, bost segundotik behin, pertsona batek bizia galtzen du elikagai faltaren ondorioz.

Datu horiek munduko ekonomiak aurre egin beharreko arazo nagusietako bi baino ez dituzte erakusten: ingurumenaren narriadura eta desberdintasuna. Baina zerrenda ez da hor amaitzen: soldaten degradazioa, lan-baldintzak okertzea, zainketen krisia, gerren gorakada eta abar dira gaur egun sistema kapitalista astintzen duten beste tentsio batzuk. Arazo ugarik jartzen dute arriskuan biziaren iraunkortasuna eta horretaz arduratu behar duen ekonomiaren jasangarritasuna, eta premiazkoa da arazo ugari horiei konponbide bat ematea.

Egoera hori ikusirik, espero beharko litzateke hezkuntza-sistemak beharrezko tresnak eskaintzea ikasleei, arazo horiek zerk eragiten dituzten ulertzeko; izan ere, hori da lehen urratsa, arazo horiek konpontzeko estrategien diseinua planteatzeko. Fenomeno horiek ekonomiarekin lotuta daudenez, Ekonomia arloari dagokio arazo hori aztertzea. Hala ere, ikasgeletan irakasten den Ekonomiak jarduera ekonomikoaren funtzionamenduari buruzko ikuspegi harmonikoa du oraindik ere, eta hori, itxura batean, ulertezina da. Egoera hori bereziki kezkagarria da Bigarren Hezkuntzako etapan; izan ere, ikasle gehienentzat, hori izango da beren ibilbide akademiko guztian Ekonomiarekin izango duten harreman bakarra.”