#GeratuEtxean: Murgildu zaitez finantza etiko eta alternatiboen munduan

Egunotako osasun krisia dela eta, ahal dugun neurrian etxean geratu behar gara. Horregatik, finantza etiko eta alternatiboen inguruko irakurketa eta dokumental batzuk bildu ditugu zuretzat (gogoratu gure argitalpenak ere eskuragarri dituzula webgune honetan). Etxetik ere asko egin dezakegu mundua eraldatzeko: ikasi, desikasi, partekatu, eztabaidatu!


IRAKURKETAK:

Komikia: ‘Kanpoaldean’

REAS Euskadi

2112. urtean gaude. Mendebalde osoa kapitalismoak okupatzen du… Dena? Ez! Kanpoaldean “0 zonak” daude, izaki murriztezinez berrpopulatuak, oraindik eta beti bezala, erraldoi trajeatuari aurre egiten diotenak. Bizitza ez da itxuraz bezain erraza munduan zehar barreiatuta dauden enpresa handien estrategietarako. Irakurri.

Artikulua: ‘Finantza etikoak, ekonomia solidarioaren aldeko tresna politikoak

Cristina de la Cruz Ayuso

Finantza etikoak dira artikulazio politikaren adierazpenik emankorrenetako bat. Finantza etikoen barruan askotariko ekimen eta esperientziak badaude ere, lan honetan ekonomia solidarioak bultzatutakoak soilik hartzen dira aintzakotzat, menderatze-egitura ekonomikoan dauden zenbait gako baztertzaile azalarazten baititu. Finantza-tresna ez ezik, finantza etikoek jokatzeko proiektu politikoa ere proposatzen dute diruarekin duten harremanean. Horixe da, hain zuzen ere, lan honetan nabarmendu nahi den ezaugarririk behinena. Irakurri.

Dosierra: ‘Ekonomia feminista: Ikusezina ikusgai egiten’

Mugarik gabeko Ekonomialariak

Dosier hau feminismo hitza itzalean egotetik nazioarteko komunikabide handien lehen orriak hartzera igaro denean iritsi da. Hausnarketarako gonbita egiten duen garaia da. Zergatik sentitu dute hainbeste emakumek M8an kalera ateratzeko dei egin dietela? Zer dago haien eskakizunen atzean? Zergatik zaintza-, kontsumo-, lan- eta hezkuntza-greba? Zergatik tematu garia eta garizuma nahasten eta arlo pribatukoak diren gauzak ikusgai egiten? Zergatik eman balioa edozeinek egin ditzakeen jarduerei? Zergatik aldatu bizi osoan horrela izan dena? Zergatik hitz egin lanaren sexu-zatiketaz? Zergatik hitz egin denbora- eta ardura-banaketaz, dirua bakarrik kontuan izan beharrean? Irakurri.


DOKUMENTALAK:

'Con tu dinero', Setem erakundearen dokumentala, gaztelaniaz. Banketxeen praktika txarrak azaleratzen ditu eta alternatibak eskaintzen ditu.
'Finanzas éticas', Documentos TV saioan, gaztelaniaz, finantza etiko eta alternatiboen inguruko programa berezia.
'Les finances que volem', RedEnClau sarearen dokumentala, katalanez (euskaratzen ari gara!), finantza eta ekonomiaren eremuan existitzen diren alternatiben ingurukoa.

Edukia interesgarria irudituko zaizuela espero dugu. Zaindu!

Irati Cifuentes Axpe: “Finantza etikoak mugimendu feminista indartzeko tresna dira”

Egilea: Sandra Beatriz Moreno Sorto

Irati Cifuentes Axpek 31 urte ditu eta Mugarik Gabeko Ekonomialariak erakundeko teknikaria da. Martxoaren 8an, norberaren gozamenean oinarritutako eguna aldarrikatzen du Iratik, geure buruarentzako denbora izatea garrantzitsua dela diolako. Bere plana lagunekin elkartu eta Bilboko manifestaziora joatea izango da.

“Aurten, M8ak geure burua zaintzaren erdigunean jartzeko dio”, azaldu du Iratik. Finantza etikoek ere pertsonak jarri nahi ditu sistemaren erdigunean eta alternatibak eraiki nahi ditu, eta horregatik dute horren sintonia ona borroka feministarekin. Bi ekimen horiek zera diote: sistema kapitalista eta neoliberal honek ez du funtzionatzen.

“Elkarrekin borrokatu behar dugu eta gauzak egiteko formula berriak proposatu behar ditugu. Dugun sistema zaharkituta dago eta finantza etikoak mugimendu feministak indartzeko tresna dira”, argudiatu du Iratik. Bere erakundearekin, Finantzaz Haratago sarean parte hartzen du, hezkuntza finantzario kritikoa eta ekonomia eraldatzaileak sustatzeko.

 

Finantza etikoak eta feminismoa

Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza gradua, eta ondoren Ekintzailetasun Sozialaren inguruko masterra egin duen Universistat Oberta de Catalunyan. Iratiren aburuz, finantza etikoak garrantzitsuak dira borroka feministan, finantzek mugitzen baitute gaur egun dugun mundua. Dirua behar dugu bizi ahal izateko eta finantzak ez dira orain arte emakumeen eskutan egon. Ironikoki, etxeko ekonomia ezinbestekoa da dugun sistema mantentzeko, baina ez da lan hori sekula aitortu.

Hala ere, gaur egungo munduan, borroka feministak aurrerapauso asko egin ditu eta eztabaidaezina da finantza etikoak emakumeak ahalduntzeko tresna direla. “Horren kontziente izan behar gara. Emakumeak sistema finantzarioen arduradun izan gaitezke eta baita kredituak jasotzeko gai izan ere, baina benetako aldaketa sortzeko, finantzen kontrola hartzeko ahaldundu behar gara. Gure inbertsioak nora doazen erabakitzeko prozesuan sartu behar gara, gure dirua zertan erabiltzen dugun kontuan hartu behar dugu… eta hori borroka feministaren ideien baitan dago”, dio Iratik.

Finanzaz Haratago sareak 2019an antolatutako ‘Feminismo baserritar eta herrikoia, ekonomia feminista eta finantza etikoak’ eztabaidetan, Irati izan zen moderatzailea.

 

Kreditua eskatzeko eskubideak badu generoa

      Nola sustatu daiteke elkarlana finantza etikoen erakundeen eta mugimendu feministaren artean? – galdetu diogu Mugarik Gabeko Ekonomialariak erakundeko kideari.

      Hori da dugun erronketako bat. Eremu ezberdinak garela dirudi, baina finantzek beste ikuspegi berriak sortu ditzakete borroka feministaren baitan. Setem erakundeak emakume eta finantzei buruz egindako ikerketa batean, azpimarratu zuten kreditua lortzeko eskubidea ez dela berdina gizona edo emakumea bazara. Finantzaz Haratago saretik, ikerketa berri bat egingo dugu horren inguruan eta erakunde feministen ekarpena izatea espero dugu.

Iratiren ustez, ikerketa horrek emakumeek jasaten dituzten egoera bidegabezkoak eta bazterketzaileak azaleratuko ditu. Esaterako, hipoteka bat eskatzerako garaian, jasotako tratua ez da bera guztientzat: familiaren arduradun den emakume migrari bakar batek ez du, ziurrenik, Zarako zuzendari baten tratu bera jasoko.

Ikerketaren ondoren, eztabaidak, hitzaldaik, tailerrak eta bestelako ekintzak antolatuko ditugu mugimendu sozialekin, erakunde feministekin, hezkuntza zentroekin, unibertsitateekin… Horretan adituak dira Mugarik Gabeko Ekonomialariak, euren izenak dioen bezala.

 

Estekak:

Mugarik Gabeko Ekonomialariak erakundearen webgunea

Finantzak parekideak ote dira emakume eta gizonentzat?

Finantzaz Haratagoko kideok eta galdetegi bat prestatu du jakiteko ea finantzak parekideak diren emakume eta gizonentzat. Hau da, ea bankuetarako eta finantzetarako sarbidea eta horien erabilera berdinak diren emakume eta gizonentzat.

Galdetegi honen emaitza eta ondorioak oinarri moduan erabiliko ditugu finantzen eta emakumeen inguruan prestatzen ari garen ikerketarako.

Galdetegi honen emaitza eta ondorioekin, finantza eta emakumeen inguruko ikerketa osatzen lagunduko diguzu (gure webgunean argitaratuko dugu hori).

5 minutu besterik ez dira! Galdetegia bete eta partekatu:

 'COOKIES'-en politika onartu behar duzu eduki hau erakusteko.p>

Hezkuntza Finantzarioaren plana alda dezagun, mundua eraldatzeko

2008an Espainiako Bankua eta Baloreen Merkatuaren Batzorde Nazionala (BMBN) hezkuntza finantzarioa lantzeko estatu mailako estrategia bat sustatzen hasi ziren: “Hezkuntza Finantzarioaren 2008-2012 Plana”, alegia. Hasitako bide horri jarraipena ematearren, bi erakunde horiek 2013-2017 garairako beste plan bat garatu zuten. Bi estrategien helburua estatuko biztanleriaren finantza ezagutzak hobetzea zen, finantzen eremuan erosoago murgiltzeko.

 

Duela bi urte, 2017ko urriaren 2an, Espainiako Bankuak eta BMBNak lankidetza itun berria sinatu zuten estatu mailako hezkuntza finantzarioa garatzen jarraitzeko 2018-2021 urteetan zehar. Hirugarren plan horrek helburu antzerakoak zituen ere.

“Hezkuntza Finantzarioaren plana alda dezagun, mundua eraldatzeko” irakurtzen jarraitu

Irailak 27, Klimaren Aldeko Mundu Greba

Inoiz ez bezalako eguna da gaurkoa. Mundu osoko erakunde eta pertsonek bat egin dute munduko liderrei bizi dugun krisi klimatikoaren aurrean larrialdi neurriak hartzeko.

Finantzaz Haratago saretik, mobilizazioekin bat egingo dugu, ingurumena errespetatu eta iraunkortasuna sustatzen duen sistema ekonomiko eta finantzario bat eskatzeko. Ezin dugu lurrak sortzen dituen baliabideak baino gehiago kontsumitzen jarritu!

Hezkuntza ekonomiko eta finantzarioa berriz pentsatzeko garaia da

Artikulu hau Berria egunkarian argitaratu genuen 2019ko ekainaren 26an.

Azken urteotan, hezkuntza sisteman finantza heziketa bultzatzeko hainbat ekimen sortu dira. Tamalez, proposamen horietako asko entitate pribatuek zein banketxeek sustatzen dituzte eta, beraz, ez dute hezkuntza kritikorik sustatzen. Ez al gara azeria oilategian sartzen uzten ari? Nola utziko diegu, bada, krisi ekonomikoa eragin zuten horiei hezkuntza alorrean eskuak sartzen? Heztea ote da haien helburu nagusia ala aurpegi garbiketa bat egin nahi dute soilik?

“Hezkuntza ekonomiko eta finantzarioa berriz pentsatzeko garaia da” irakurtzen jarraitu

Ugo Biggeri, Banka Etikoaren mosketaria

Jatorrizko testua: Sandra Moreno / Itzulpena:  Olaia Pérez Imirizaldu

Ezinezkoa da Ugo Biggeriren kizkur errebeldeetan ez fijatzea. Biggeri Banca Popolare Eticaren buru izan da Italian bederatzi urtez. Erakundearen filiala Estatu Espainiarrean Fiare Banca Etica gisa ezagutzen dugun hori da. Bere ile osasuntsua norabide guztietarantz luzatzen da, Banka Etikoa bera bezala. Azken hori emaitza onekin erakusten ari da emaitza sozialak dituen finantza etikoak egitea posiblea dela.

“Ugo Biggeri, Banka Etikoaren mosketaria” irakurtzen jarraitu