Finantza Etikoak Deustun erakusgai

Mar Galguerak eta Sandra Beatriz Morenok idatzia

Primeran egiten dute.  Daukaten balioari justizia egiten diote. Eredu alternatibo eta eraginkorra erakusten dute biztanleriaren zati handi bat baztertzen duen sistema ekonomiko kapitalistaren aurrean.  Eta, hain zuzen ere,  “baztertutako” gizon-emakume horiek bilakatu dira Deustuko Unibertsitateko Paraninfo Klaustroan (Bilbon) dagoen “Finantza Etikoen koloreak” argazki erakusketaren protagonista.

Finantzaz Haratagok eta Deusto Campus Elkartasunak antolatutako erakusketa unibertsitatean egongo da 2021eko otsailaren 19ra arte. Han, zutabeek osatutako galeriaz eta hiru palmondo ederrez inguratuta, emakume baserritar salvadortarrek irribarre egiten diote ikusleari. Lursail agroekologikoetan hazitako errefauak biltzen ikusten ditugu. Landa Emakumeen kooperatibako nikaraguarrak ere aurkitu ditzakegu, indar eta edertasun osoz posatzen. Jesuiten unibertsitateko ikasleek Paraninfo Klaustroko barruko patioan elkartzen direnean duten espiritu bera erakusten dute.

Irudiak Aitor López de Audícana argazkilariarenak dira. “Bestelako mundu bat posible dela” dioen mezua helarazten digu. Horrenbesteko tradizioa duen leku batean haren lana ikusteak harro sentiarazten duela aitortu du: “erakusketaren ikuspegitik, klaustroak lasaitasuna eta poliki ibiltzeko gogoa eragiten ditu. Hori funtsezkoa da erakusketa hau bisitatzeko, irudiez gain irakurri beharreko testu garrantzitsuak baititu. Gelditzera eta gozatzera gonbidatzen zaituen lekua da ”.

Aurrez aurre

Aitorrek baloratzen du publikoak argazkiak digitalki ikusteaz gain, aurrez aurre ikusteko esperientzia izatea ere. “Ez dakit nork esan zuen argazkia ez dela argazki bat paperean egon arte”, gogoratu zuen.  “Digitalak irudien hedapen eta irismenerako abantaila ugari ekarri dizkigu. Baina argazki baten aurrean jarri eta aurrez aurre begiratzearen esperientzia ordezkaezina da. Agian konparazioa ez da guztiz zehatza, baina liburu bat eskuan edo Kindle bat edukitzea bezalakoa da ”.

Iraganean geratu da 2019an El Salvador eta Nikaraguan egindako bidaian izan zuen argazkiak egiteko denbora faltaren zailtasuna.  Finantzaz Haratagoko taldeari esker,  familia-nukleo eta komunitate ugaritara gerturatzeko aukera izan zuen, “baina argazkilariok beti gehiago behar dugu.  Komunitate bakoitzean asteak geratu izan nahi nuke, haien idiosinkrasia ezagutzeko, haien ohituretan murgiltzeko eta honela errealitatea are eta modu dokumentalagoan jasotzeko.”

Hala ere, Aitorren profesionaltasunari esker, lehen mailako materiala lortu du, hiru errealitate desberdin elkarrekin lotzeko aukera ematen duena: El Salvador, Nikaragua eta Euskal Herria. Azken finean, antzekotasun ugari dituzten errealitateak dira, Ozeano Atlantikoaren bi muturretako aldeak ikaragarriak diren arren. “Baina, azkenean, denak dira pertsonak, egunerokotasuna antzeko moduan ulertzen duten giza taldeak. Komunitate txikiago eta gertuagoengandik haien bizi-proiekturako babesa lortzen saiatzen direnak, finantzaketa bideak banku handiengandik urruti bilatzen dituztenak, elikadura jasangarriaren garrantzia ezagutzera ematen saiatzen direnak eta badakitenak planeta ez dela hezur eta larru egina utzi daitekeen behi bat.

Oso arazo desberdinen aurka borrokatu behar duten errealitateak dira, baina uste dut benetan pareko sustraiak eta helburuak dituztela ”, hausnartu zuen argazkilariak.

Ikuspegia eta adimena irekiz

Esperientzia honen ondoren, Finantza Etikoen bere definizioari buruz galdetu nahi izan genion: “Izenak ez du esanahia ez ulertzeko aukera handirik ematen, baina orokorrean beste alde batera begiratzera ohituta gaude, gure banketxetan dagoen diruarekin gertatzen denari arretarik ez jartzera.  kreditu sistemak kooperazio tresna gisa ulertzeko modu bat eskaintzen dute, irabazia komunitateek ere jaso dezaten eta ez bakarrik bankuek.  Finantza mota honekin garatzen diren proiektuak arretaz begiratzeak mundua ikusteko bestelako modu bat badagoela ulertarazten dizu. kreditu-zirkuitu tradizionaletik erabat kanpo dauden milaka familia daudela eta, ezer hasi aurretik ere aurrera ez egitera kondenatuta daudela jakiteak, banketxe tradizionalen irudia are gehiago zikintzen du.

Finantza Etikoek  laguntzen digute inolako etikarik gabeko negozioa dela ikusten, batez ere biztanleria zaurgarrienarekin egiten dituzten injustiziak erakutsiz.  Lan-ildo honetan dago Elkartasunerako Elkarkredit Elkarteko buru den Ricardo Usategui, Finantzaz Haratagoren lana koordinatzen duena. Lan honen barne Mugarik gabeko ekonomialariak, Oikocredit Euskadi, Fiare Elkartea eta Koop 57 bezalako erakundeak daude.

Finantzaz Haratagoren lana kide berriei irekita dago, hala nola Nortlan, Euskadiko lehen aseguru bitartekaritza etikoa, edo Finantza Etikoen eta hezkuntza ekonomiko kritiko eta eraldatzailearen sustapenean parte hartu nahi duten beste batzuei.  Hori da argazki erakusketaren helburua. Erakusketa Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatu du, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien eta Hernani eta Donostiako Udalen laguntzarekin.

Modu birtualean

Erakusketa 2020tik dago birtualki eskuragarri.

Ikusleek eskuragarri dauzkate hemen “Erakusketa” eta “Erakusketaren gida”.

Hasieratik, erakusketa aurrez aurre izateko pentsatu zen, baina Covid-19 pandemia dela eta, euskarri birtualera pasatzea egokia zela pentsatu zuten. Era honetan, kultura eta ezagutza helarazi zituzten konfinamendu garaian eta aldi berean hedapenean izango zuen irismen global handiagoa kontuan hartu zuten.

Eta orain, azkenean, erakusketak aurrez aurre egiteko aukera iritsi da, osasun gomendio guztiak betez. Zoritxarrez, “Erakusketaren gida” oraindik ez da paperean eskainiko: mugikorrean deskargatzeko QRa egongo da eskuragarri. Finantza Etikoetan etorkizun hobea eta justuagoa izateko itxaropena aurkitu duten pertsonen bizitza kontatzen duen Gida da.


Gure kontsumoa nahi dugun mundua eraikitzeko ekintza politikoa da. Vandana Shivak, berak egiten duen elikadura burujabetzaren defentsan, honakoa adierazi du: “Gauzak aldatu nahi dituzten pertsonek egunean hiru aukera dituzte: gosaltzerakoan, bazkaltzerakoan eta afaltzerakoan”. Bada, gauza bera janzteko zer erosten dugun, nola bidaiatzen dugun, zein enpresari laguntzen diogun… erabakitzen dugunean.


Bizitza erdigunean

Usategiren iritziz, gaur inoiz baino gehiago jendeak jakin beharko luke Finantza Etikoak existitzen direla: “Sinetsi nahi dugu pandemiak, dagoeneko pairatzen ari ginen krisi globalarekin batera (sistematikoa, askotarikoa eta asimetrikoa) egungo sistema aldatzeko beharra agerian jarri duela. Desparekotasunean eta begiramenik gabeko irabazi ekonomikoan oinarritutako sistema horretatik beste batera aldatzeko beharra da hura: gure ekintzek gizartean eta ingurumenean duten eraginaz arduratzen dena, planeta eta bizitza erdigunean jartzen dituen sistema”.

Zentzu horretan, garrantzitsutzat hartzen du jendea sentikor bihurtzea eta Finantza Etikoak sustatzea gizartearen eraldatzaile moduan, gauzak aldatu ahal izateko eskura daukagun bistako tresna gisa. Kontsumoa ekintza politiko gisa ikusten dugu: ez bakarrik zero kilometroko edo bertako produktuak, energia iraungarria, kooperatiben parte-hartzea etab. aipatzen ditugunean, baizik eta aurrezki eta finantza tresna etikoei buruz hitz egiten dugunean ere”, azaldu du Usategik.  Finantza etikoak erantzukizun sozialaren ardatz izan behar direla uste dugu, politika eta ekonomia sozial eta solidarioagoak diseinatzeko aldaketarako motor gisa. Horregatik, horien berezko balioa nabarmentzen duen hezkuntza sustatu behar dugu.

Eta “Finantza Etikoen koloreak” erakusketaren berri onekin jarraituz, otsailaren 20tik 28ra Iturola Elkarlan Gunean (Hernani) egongo dela konfirmatu dute; martxoaren 1etik martxoaren 15era, Salburuko Zentro Zibikoan (Gasteiz), eta martxoaren 16tik martxoaren 31ra Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campusean.

Ibilaldi eder bat da, pertsonei ekonomiaren alde humanoena ikusteko aukera emango diena, benetan bere jatorrira bueltatzen dena, gizadiaren zerbitzura egoteko sortu baitzen.