Apirilaren 7an, finantza etiko eta alternatiboen eta ekonomia sozial eta solidarioaren hainbat eragile elkartu ginen Bilboko Bolunta eraikinean, euskarazko Wikipedia osatzeko asmoz. Helburua Wikipedia nola editatu ikasi eta finantza etiko eta alternatiboen inguruan zegoen informazioa aztertzea izan zen.
Tailerraren egunean, Wikipediak 391.512 artikulu zituen euskaraz eta, egun, artikulu gehien dituzten hizkuntzen zerrendan 29. postua du gure hizkuntzak. Hori guztia euskal hiztunok egin dugun ahalegin kolektiboari esker izan da posible eta, bereziki, Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen lan nekaezinari esker.
Ekonomia sozial eta solidarioa Wikipedian
Tailerrean, denon artean euskarazko Wikipedia aztertu eta bertan agertzen ez ziren hainbat ekimen eta kontzeptu identifikatu genituen. Wikipedian artikulua izatea merezi duten gaiak zerrendatu ondoren, elkarren artean Wikipedia editatzeko genituen ezagutzak partekatu genituen eta idatzi beharreko artikuluak banatu genituen partaideon artean.
Besteak beste, honako kontzeptuak gehituko ditugu euskarazko Wikipedian hurrengo hilabeteotan:
- Aseguru etikoak.
- Mikroaurrezkia.
- Mikrokredituak.
- Mikrofinantzak.
- Banku etikoa.
- Banku komunala / Herri-bankua.
- Ekonomia solidarioa.
Gainera, Finantzaz Haratago sarearen artikulua sortuko dugu, eta baita RedEFES sarearena ere.
Abentura hasi besterik ez da egin
Finantzaz Haratago sareko kideok argi dugu finantza etiko eta alternatiboek eta ekonomia sozial eta solidarioak ezinbestean agertu behar direla Wikipedian. Entziklopedia librea da, elkarlanean sortutakoa, doakoa, eta ezagutza denon eskutan jartzen du. Beraz, ekonomia sozial eta solidarioak dituen balioekin bat dator: ezagutza amankomunean jartzea, irabazi-asmorik gabeko elkartrukea, talde-lana edota parte-hartzea, besteak beste. Horregatik, Finantzaz Haratago sarean parte hartzen dugun entitate eta pertsonek hautua egin dugu euskarazko Wikipedia osatzearen alde.
Bilbon antolatutako tailer hori ez da ekintza isolatua: Azaro amaieran edota abendu hasieran berriro ere elkartuko gara Gipuzkoako udalerri batean, Euskaraldiaren baitan, entziklopedia librea elikatzen jarraitzeko asmoz.
Bitartean, egon adi gure sare sozialetan, bertan iragarriko baititugu Wikipedian gehitu ditugun artikuluak!