ELKARRIZKETA: “Langileen eskubideen etorkizuna langileen ekintzaren ondorioa izango da”

Langileen Nazioarteko Egunean, Finantzaz Haratago sareak Jon Bernat Zubiri elkarrizketatu du sistema kapitalistak langileon eskubideetan duen eraginaz.
Argazkia: Hasier Goikolea

Jon Bernat Zubiri Rey Lanaren Ekonomian Doktorea da Grenoble Unibertsitatearen bitartez. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko Lan Harreman Fakultateko irakaslea da. Besteak beste, gazteen lana, sindikalismoa, Euskal Herriko ekonomia eta lan banaketaren politiken inguruko ikerketa kolektiboak egin ditu.

Alde batetik, migratzaileen lan-eskubideen urraketa, gazteen prekarietatea edota genero-arrakala ditugu. Bestetik, amatasun eta aitatasun baimenen hobekuntza, asteko orduak murrizteko eztabaida borborrean… Zaila da langileon eskubideen etorkizuna asmatzea. Norantz goaz?

Langileen eskubideen etorkizuna langileen ekintzaren ondorioa izango da. Historia ez dago idatzita. Etorkizunera begira, badaude aukerak langileen eskubideak indartzeko. Pandemiak zenbait langile sektoreen lan baldintza okerrak agerian utzi ditu, bereziki sektore feminizatuetan (esentzialak direnak, gainera): soldata baxuak, lan ezegonkorrak, autonomo faltsuak, erresidentzia pribatizatuak, hezkuntzan eta osasunean egon diren murrizketak…

Horrek aukera ematen du langilearentzat adostasun berriak lortzeko, bereziki sektore publiko eta esentziala indartzeko, lana hobetzeko eta lanpostu gehiago sortzeko. Borroka zehatz horiek eskubide berriak ekar ditzakete langileria guztiarentzat.

Adibidez, pandemiaren ondorioz, zenbait gauza ahalik eta hoberen egiten saiatu dira: langileen kaleratzeak garestitu dira, ERTEak sortu dira kaleratzeak saihesteko; lanaren osasunaren inguruko neurri berriak hartu dira, autonomo faltsuen inguruko legeak egin dira… Hala ere, lortu ez diren aldarrikapenak ere badaude. Besteak beste, oraindik posible da langileak neurririk gabe kaleratzea eta Euskal Herriko industrian ERE masibo eta larriak gertatzen hasi dira. Nire ustez, langileen eskubideak ekonomia kapitalistaren garapenaren ondorio dira.

Joera aldaketa badago azken urteotan nazioarte mailan. Lehen zegoen austeritatearen diskurtsoa aldatu egin dute nazioarteko erakundeek. Ez naiz hasiko orain Nazioarteko Diru Funtsa edo Europar Batzordearen politikak goraipatzen, baina aitortu beharra dago aldaketak egon direla. Kaleratzen ari diren azken txosten eta neurriek lanak egonkortzeko, soldatak duintzeko, errenta minimoak ezartzeko eta errenta- eta banatze-politikak egiteko gomendioak biltzen dituzte.

“Etorkizuneko lana antolatzeko beharrezkoa da duintasuna sustatzea, errenta igotzea eta egonkortasuna lantzea”

Hori oinarri moduan hartuta, aldarrikatu behar dugu euskal patronalen eta patronal espainiarren diskurtsoa ez dela bidezkoa etorkizuneko lana antolatzeko eta beharrezkoa dela duintasuna sustatzea, errenta igotzea eta egonkortasuna lantzea, eta poliki-poliki langileen egoera hobetzea. Ez dadila langileria izan beti krisia ordaintzen duena.

Lanaren klase, genero eta arraza banaketak iraganeko kontua dirudi… Hala ote?

Banaketa hori, murriztu baino, larriagotzen ari da. Klase banaketa handitu egiten da krisi garaian. Krisiak beti dira egokitzapenerako uneak, eta orduantxe sortzen dira egoera larriagoak sektore batzuentzako. Adibidez, aurreko krisian (2008 urtekoan), eraikuntzako langile asko kale gorrian geratu ziren. Horren ondorioz, familia askotan moldaketak egon ziren; emakume ugari lan merkatura irten ziren beraien senarrak edo senideak langabezian geratu zirelako. Gauza bera gertatzen da industriaren etengabeko krisiarekin; klase banaketa areagotzen doa. Batzuen etekinak eta negozioen egoerak hobetzen diren heinean (eremu teknologikoan, finantzetan, etab.), beste hainbeste enpresari txiki eta langile kale gorrian geratzen dira.

Genero ikuspegitik ere berdina esan genezake. Emakumeak izan dira krisi honen eta aurrekoaren ondorio larrienak jasan dituztenak. Azken finean, emakumeak izan dira batez ere sektore esentzialetan eta lehen lerroan lanean egon direnak. Murrizketen ondorioz, azpikontratatuak egon dira askotan eta bakarrik egon dira oinarrizko zerbitzuak aurrera ateratzeko.