‘Selfie moduan’: Abian da 2023ko Auditoria Sozialeko kanpaina

Udaberriro bezala, REAS Euskadiko erakunde bazkide eta laguntzaileek makineria gelditzen dute beren enpresa-praktiken erradiografia egiteko, bai hobekuntza-ekintzak aplikatu ahal izateko, bai munduari diren bezala erakusteko.

Datorren hilabete eta erdian, Ekonomia Sozial eta Solidarioko enpresak beren eragin sozialaren neurketan murgilduta egongo dira, zehazki, ekonomia solidarioaren sei printzipioei lotutako eraginaren neurketan: ekitatea, lan duina, jasangarritasun ekologikoa, lankidetza, ingurunearekiko konpromisoa eta aberastasunaren bidezko banaketa.

Sareko teknikariek datuak araztutakoan, ia 100 erakunde bazkideen auditoretzak ebaluatuko dira horretarako esleitutako batzordean, eta udazkenean Auditoria Soziala zigilua (2022tik ESSren ziurtagiri berria) emango zaie aldeko balorazioa lortu dutenei. Zigilu hori Merkatu Sozialean sartzeko atea da, REAS Euskadik dagoeneko 10 urte baino gehiagoz sustatu duen ESS produktuak eta zerbitzuak merkaturatzeko estrategia.

Informazioa biltzeko prozesu sakona da, 100 adierazle baino gehiagoko galdera-sorta bat eta erakundeko langileei eta boluntarioei egindako 40 itemeko inkesta bat biltzen dituena, baina, zigilua lortzeaz gain, urteko erradiografia hori onuragarria da hainbat arrazoirengatik:

  • Nagusia: gidatzen gaituzten sei printzipioen betetze-maila neurtzen laguntzen digu, hau da, ekonomia solidarioaren gutunaren sei printzipioen betetze-maila neurtzen.
  • Kanpora begira: tresna informatikoak berak eskaintzen digu, infografia oso bisual baten bidez, gure entitatearen emaitzak, gure bezeroei, hornitzaileei, bazkideei eta gertuko pertsonei helarazi ahal izateko.
  • Barrura begira: auditoria sozialak ematen dituen datuek analisi gisa balio digute erakundearen ekintza-planak edo plan estrategikoak fidagarritasun handiagoz egin ahal izateko.
  • Azkenik, baina ez garrantzi gutxiagokoa: erakunde guztien datuak gehitzean, sektore gisa ditugun indarguneen eta ahulezien ikuspegi orokorra izatea lortzen dugu, eta, gainera, nagusi den eredu ekonomikoaren alternatiba erreal gisa aurkeztea.

Beraz, apirilaren 26tik ekainaren 2ra, “Auditoria Soziala. Selfie moduan!” lelopean, datuak biltzeko kanpaina abiaraziko dugu, eta sareko 98 erakunde bazkideek eta erakunde laguntzaileetako batzuek parte hartuko dute.

#auditoriasoziala23 #ESSselfiemoduan