Irati Cifuentes Axpe: “Finantza etikoak mugimendu feminista indartzeko tresna dira”

Egilea: Sandra Beatriz Moreno Sorto

Irati Cifuentes Axpek 31 urte ditu eta Mugarik Gabeko Ekonomialariak erakundeko teknikaria da. Martxoaren 8an, norberaren gozamenean oinarritutako eguna aldarrikatzen du Iratik, geure buruarentzako denbora izatea garrantzitsua dela diolako. Bere plana lagunekin elkartu eta Bilboko manifestaziora joatea izango da.

“Aurten, M8ak geure burua zaintzaren erdigunean jartzeko dio”, azaldu du Iratik. Finantza etikoek ere pertsonak jarri nahi ditu sistemaren erdigunean eta alternatibak eraiki nahi ditu, eta horregatik dute horren sintonia ona borroka feministarekin. Bi ekimen horiek zera diote: sistema kapitalista eta neoliberal honek ez du funtzionatzen.

“Elkarrekin borrokatu behar dugu eta gauzak egiteko formula berriak proposatu behar ditugu. Dugun sistema zaharkituta dago eta finantza etikoak mugimendu feministak indartzeko tresna dira”, argudiatu du Iratik. Bere erakundearekin, Finantzaz Haratago sarean parte hartzen du, hezkuntza finantzario kritikoa eta ekonomia eraldatzaileak sustatzeko.

 

Finantza etikoak eta feminismoa

Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza gradua, eta ondoren Ekintzailetasun Sozialaren inguruko masterra egin duen Universistat Oberta de Catalunyan. Iratiren aburuz, finantza etikoak garrantzitsuak dira borroka feministan, finantzek mugitzen baitute gaur egun dugun mundua. Dirua behar dugu bizi ahal izateko eta finantzak ez dira orain arte emakumeen eskutan egon. Ironikoki, etxeko ekonomia ezinbestekoa da dugun sistema mantentzeko, baina ez da lan hori sekula aitortu.

Hala ere, gaur egungo munduan, borroka feministak aurrerapauso asko egin ditu eta eztabaidaezina da finantza etikoak emakumeak ahalduntzeko tresna direla. “Horren kontziente izan behar gara. Emakumeak sistema finantzarioen arduradun izan gaitezke eta baita kredituak jasotzeko gai izan ere, baina benetako aldaketa sortzeko, finantzen kontrola hartzeko ahaldundu behar gara. Gure inbertsioak nora doazen erabakitzeko prozesuan sartu behar gara, gure dirua zertan erabiltzen dugun kontuan hartu behar dugu… eta hori borroka feministaren ideien baitan dago”, dio Iratik.

Finanzaz Haratago sareak 2019an antolatutako ‘Feminismo baserritar eta herrikoia, ekonomia feminista eta finantza etikoak’ eztabaidetan, Irati izan zen moderatzailea.

 

Kreditua eskatzeko eskubideak badu generoa

      Nola sustatu daiteke elkarlana finantza etikoen erakundeen eta mugimendu feministaren artean? – galdetu diogu Mugarik Gabeko Ekonomialariak erakundeko kideari.

      Hori da dugun erronketako bat. Eremu ezberdinak garela dirudi, baina finantzek beste ikuspegi berriak sortu ditzakete borroka feministaren baitan. Setem erakundeak emakume eta finantzei buruz egindako ikerketa batean, azpimarratu zuten kreditua lortzeko eskubidea ez dela berdina gizona edo emakumea bazara. Finantzaz Haratago saretik, ikerketa berri bat egingo dugu horren inguruan eta erakunde feministen ekarpena izatea espero dugu.

Iratiren ustez, ikerketa horrek emakumeek jasaten dituzten egoera bidegabezkoak eta bazterketzaileak azaleratuko ditu. Esaterako, hipoteka bat eskatzerako garaian, jasotako tratua ez da bera guztientzat: familiaren arduradun den emakume migrari bakar batek ez du, ziurrenik, Zarako zuzendari baten tratu bera jasoko.

Ikerketaren ondoren, eztabaidak, hitzaldaik, tailerrak eta bestelako ekintzak antolatuko ditugu mugimendu sozialekin, erakunde feministekin, hezkuntza zentroekin, unibertsitateekin… Horretan adituak dira Mugarik Gabeko Ekonomialariak, euren izenak dioen bezala.

 

Estekak:

Mugarik Gabeko Ekonomialariak erakundearen webgunea