Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak (CNMV), Espainiako Bankuak eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioak eskatu dute finantza-hezkuntzako edukiak zabaltzeko hurrengo eskola-curriculumean. Eta eskaera horren aurrean, erakunde sinatzaileok eskatzen dugu ekonomia-hezkuntza kritikoago, pluralago eta etikoago baten parte izan dadila finantza-hezkuntza hori.
2021eko uztaila
Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak (CNMV), Espainiako Bankuak eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioak proposamen bat bidali dute Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministeriora, hurrengo eskola-curriculumaren diseinuan finantza-hezkuntzako edukiak areagotu daitezen. Hain zuzen ere, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa aldatuko duen 3/2020 Lege Organikoa garatzeko erregelamenduetan txertatuko da curriculum hori.
Eskaera hori bat dator “2018-2021 Finantza Hezkuntzako Planean” planteatutako ikuspegiarekin, hain zuzen ere Espainiako Bankuak eta CNMVk 2017ko urrian sinatutako hitzarmenaren fruitu dena. Plan horrek aurrekoen ildo beretik jarraitzen du eta jarraipena ematen dio finantza-hezkuntzarako estatuko estrategiari; izan ere, biztanleen finantza-kultura hobetzea da horren helburua. Aurreko planek “Finantzak guztiontzat” marka sortu dute, eta “Finantza Hezkuntzaren Eguna” (urriko lehen astelehena) eta “Finantza Hezkuntzaren Astea” finkatu dituzte. Horrela, komunikazio-estrategia digitalizatua garatu da, jende gehiagorengana iristeko.
Aurreikusita dago Finantza Hezkuntzako Plana berritu eta 2022-2025 Finantza Hezkuntzako Plana sortzea. 2020ko irailaren 7an, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak, Espainiako Bankuak eta CNMVk berritu egin zuten hezkuntza-sisteman finantza-hezkuntza bultzatzeko lankidetza-hitzarmena, hau da, Finantza Hezkuntzako Planaren proiektu nagusietako bat. Gainera, 2021eko urtarrilaren 25ean, Kontsumo Ministerioak, CNMVk eta Espainiako Bankuak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Finantza Hezkuntzako Planaren garapenerako.
Horrekin batera, joan den urtarrilaren 19an, indarrean sartu zen LOMLOE Hezkuntza Lege berria (3/2020). Lege horrek aldaketak dakartza Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakaskuntzaren curriculumean, antolaketan eta helburuetan.
Eta 2021eko apirilaren 26an, jakin dugu zer proposamen bidali duten CNMVk, Espainiako Bankuak eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioak Hezkuntza eta Lanbide Heziketaren Ministeriora, hurrengo eskola-curriculumaren diseinuan finantza-hezkuntzako edukiak areagotu ditzan eskatzeko; LOMLOE berria garatzeko erregelamenduetan txertatuko den curriculumaren diseinuan, hain zuzen ere.
Proposamen horretan eskatzen da lagundu dadila herritarrak behar bezala trebatzen, gero eta konplexuagoa eta dinamikoagoa den ingurune honetan erabaki finantzarioak hartzeko, eta era berean, eskatzen da zenbait konpententzia sar daitezela Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, hala nola “Diruak gure bizitzan duen funtzioa ulertzea” eta “Dirua behar bezala kudeatzea”. Bigarren Hezkuntzarako ere konpetentzia berriak garatu daitezela proposatzen dute, besteak beste: “Epe laburreko eta luzeko diru-sarrerak eta bestelako baliabideak planifikatu eta erabiltzea finantza-ongizatea hobetzeko”, “Finantza-arriskuak kudeatzea” eta “Finantza-ingurunea ezagutu eta ulertzea”.
Hori guztia kontuan izanik, ekonomia-hezkuntza eraldatzailearen arloan lan egiten dugun Espainiako eta mundu mailako hainbat erakunde eta sarek, guztiok ere sistema finantzarioari eta ekonomikoari buruzko ikuspegi kritikoa izanik eta finantza etiko eta solidarioak sustatzeko jarrera konprometitu eta aktiboa izanik, adierazi nahi dugu kezka eragiten digula ezarri den finantza-hezkuntzaren ereduak, eta azaldu nahi dugu zein den gure jarrera CNMVk, Espainiako Bankuak eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioak planteatutako eskaerarekiko; gainera, erakunde horiek sustatzen duten Finantza Hezkuntzako Planarekiko dugun jarrera orokorra aldarrikatzen jarraitu nahi dugu.
SINATU HEMEN